Emakumeak Zientzian, zientziaz haragoko bizitza

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, K·future, Konpromisoa

Jai-giroan abiatu da Emakumeak Zientzian ekimenaren 8. edizioa azpimarratzeko zientzialari eta teknologoek bizimodu beteko pertsonak izan nahi dutela.

Hogeita hamabi euskal erakundek, elkar harturik, 60 jardueratik gorako programa zabal bat antolatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

150 pertsona baino gehiago elkartu dira Intxaurrondo Kultur Etxean Emakumeak Zientzian ekimenaren 8. edizioari hasiera emateko. Jai-giroan azpimarratu dute zientziaren eta teknologiaren alorreko pertsonak beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituztela. Gainera, zientzia eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen eta ekimenerako berariaz sortutako bideoa aurkeztu da, zientziaz haragoko bizitzan arreta jarriz.

Maitena Salinas aktoreak giro oso atseginean gidatu du ekitaldia eta Emakumeak Zientzian ekimeneko koordinazio-taldeak hartu du hitza sarrera labur bat eginez.

Ondoren, Conciliando con las instituciones mahai-ingurua egin da  eta mahai-inguru horretan hauek parte hartu dute: Marisol Garmendia, Donostiako Ekonomia, Toki Enplegu eta Ekologiako zinegotzi delegatua; Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatua; Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; eta Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko saileko idazkari teknikoa. Maria Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Emakumeak Zientzian ekimeneko koordinazio-taldeko kideak gidatu solasaldia. Denak bat etorri dira azken urteetan urrats asko egin direla esatean, baina azpimarratu dute aurrera jarraitu behar dugula aukera-berdintasuna baldintza berdinetan lortzeko helburu nagusiarekin; alegia, emakumeek prestakuntza berberekin gizonek dituzten aukera berdinak izan ditzaten.

Azkenik, denok espero zuten unea iritsi da: ekimenerako berariaz prestatutako bideoaren aurkezpena. Zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen bideo bat, zientziaz haragoko bizitza ardatz hartuta. “Zientziaren alorrean, beste hainbatetan bezala, bikaintasun-estandarrak aldatzea eskatzen da gaur egun, eta alde batera uztea oso zabaldua dagoen kontzeptu bat, zeinaren arabera lanbide-bokazioak denbora gutxi uzten baitu familiarako, aisiarako edota garapen profesionalerako. Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak”, azpimarratu dute Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek.

Batik bat otsailaren 8tik 16ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2024 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinatu dute. Gainera, EAEko hiru lurralde historikoak hartzen ditu lehen aldiz, Arabako hiriburuan egingo baitira aurtengo edizioko zenbait ekintza, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Horregatik, “deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu ekintzetan parte hartzera, edozein dela ere zuen generoa, nortasuna, lanbidea edo adina”, gaineratu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileek.

Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago.

8. edizio honetan parte hartuko duten 32 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira Euskadin: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa-Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Ingeniariak eta Vicomtech.

Emakumeak Zientzian ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren eta Salto-ren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Donostia Kultura, Emakunde, Lemniskata elkartea, Ikerbasque, Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea), Biook., Skills4Science, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Casio.

Partekatu

Beste berri batzuk