Enpresa berriak hartzeko eta aurkezteko ekitaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean
Miramongo campuseko eraikin nagusian egin zitzaien harrera eta aurkezpena Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko hiru kide berri hauei: Atten2, Irisbond eta Graphenea
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak enpresa berrien “Harrera eta aurkezpen ekitaldia” egin zuen zortzigarrenez, enpresa-ordezkari ugariren aurrean. Parkeetako presidente José Miguel Corresek ongi etorria egin zien 24 enpresa ordezkatzen zituzten 40 pertsona baino gehiagori. Parkeko komunitatearen aurrean aurkezpena eta harrera egiteko ez ezik, bertan kokatutako enpresen arteko sinergiak ere sortzeko sortu zen ekimena.
Oraingoan, hiru spinoff aurkeztu dira:
Atten2 −bertako CEO Edgar Martínezek ordezkatua− Eibarko campuseko 1. enpresa da, IK4-Tekniker zentroaren spinoff gisa sortua. Fluidoen ezaugarri espezifikoak (bereziki olio lubrifikatzailea) neurtzeko erabiltzen diren lineako sentsore optikoen garapenean eta merkaturatzean espezialista da, eta, gainera, zerbitzu eratorriak eskaintzen ditu.
Bestalde, Vicomtech-IK4 zentroaren spinoffa den Irisbond enpresak komunikazio lagunduko teknologietan oinarritutako sistemak −hala nola bideokulografia− diseinatzen, integratzen eta merkaturatzen ditu hainbat sektoretarako: desgaitasuna, integrazio industrialak, aplikazio zientifikoak eta antzekoak.
Azkenik, nanoGUNE IKZko lehen startupa den Graphenea aurkeztu du bertako zuzendari nagusi Jesús de la Fuentek. Kalitate handiko grafenozko olatak ekoizteaz eta merkaturatzeaz gain, industria eta ikerketarako aplikazioak garatzen ditu hainbat sektoretarako, besteak beste: garraioa, energia, teknologia berriak eta medikuntza.
Softlanding eta teknologia eskualdatzeko hitzarmena sinatu berri da Parkearen eta nanoGUNE IKZren artean, nanoindustriaren lurreratzea eta garapena errazteko. Esparru horretan, eta Graphenea enpresaren ezarpenarekin bat eginez, nanoGUNE IKZko zuzendari nagusi José Mª Pitarkek ere parte hartu du jardunaldian.