Enpresa Lasterketa itzuliko da aurten eta kilometro gehiago nahiz kokapen berria dakartza
XIX. edizioa urriaren 23an egingo da Arabako Parke Teknologikoan
Izena emateko epea gaur irekiko da www.fundacionvital.eus webgunearen bitartez
Pandemia zela-eta, iazko edizioa bertan behera geratu ondoren, aurten berriro egingo da Vitoria-Gasteizko Enpresa Lasterketa. Ascentium-ek eta Vital Fundazioak antolatuta eta Arabako Parke Teknologikoaren laguntzarekin, urriaren 23an egingo da proba, Vital Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien artean.
Axier Urresti, Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboa; Eduardo Martinez, Ascentium-eko zuzendaria; eta Miren Bilbao, Arabako Parke Teknologikoko gerentea, izan dira lasterketaren aurkezpenean.
Lasterketan enpresen ordezkari izango diren taldeek hartuko dute parte aurten ere, eta proba horren itzulera ez da berritasun bakarra, XIX. edizioak kokapena estreinatuko baitu eta Arabako Parke Teknologikoan egingo da lehen aldiz. Aldaketa horri esker, segurtasun-baldintza ezin hobeak eskainiko dira egun bizi dugun osasun-egoera kontuan izanda.
Irteera 17:00etan izango da. Ohiko 5 kilometroak izan beharrean 6,7 izango ditu aurten lasterketak eta 2, 3 eta 4 pertsonako taldeak mantenduko dira, gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoak. Izena emateko prezioa 30, 45 eta 60 eurokoa izango da 2, 3 eta 4 partaideko taldeentzat, hurrenez hurren.
Izena emateko epea gaur irekiko da www.fundacionvital.eus webgunearen bidez, eta antolatzaileek eskainitako garraioa erabili ahal izango dute parte-hartzaileek, joan-etorriak errazteko eta, era berean, auto partikularren erabilera murrizteko eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko. Halaber, ur-iturrien eta Parkeko instalazioen bidez emango da hornidura Iikidoa.
Probak Covid’19 protokolo guztiak izango ditu, egiten denean dagoen egoera pandemikoaren eta indarrean dauden osasun-gomendioen arabera.
Ibilbidea
Irteera Parkearen barrualdetik egingo da, Albert Einstein kalean, Ferdinand
Zeppelin kalearen bukaeraraino joateko eta Parkeko kale nagusira itzultzeko. Leonardo Da Vinci kalea hartuko da perimetroko zirkuitorantz, eta handik buelta emango dute Leonardi Da Vincirekin berriro bat egin eta Albert Einstein kalean amaitzeko, irteeraren gunean.