Enpresekiko lankidetza % 12 handitu da Tecnalian
Diru-sarrerak % 6 hazi dira, eta 110 milioi euro baino gehiagokoak izatera iritsi dira 2018an
Bikaintasun teknologikoaren aldeko apustua egin da arlo hauetan: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, trantsizio energetikoa, mugikortasuna, hiri-ekosistema eta osasuna
TECNALIArentzat, enpresekin egindako lankidetza izan da 2018. urtearen ezaugarri nagusia. Haiei esker, alor horretako jarduera % 12 hazi da. Hazkunde horrek bat egiten du TECNALIAren xedearekin: I+G+Bko jardueraren eragina maximizatzea, eta teknologia BPG bihurtzea, bikaintasun teknologikoaren eta enpresen arazo eta beharretara egokitzearen bidez. Horri esker, fakturazioa % 6 handitu da aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, 110,3 milioi euroko fakturazioa izan da, eta azken 7 urteetako diru-sarrera handienak lortu dira. Horrek erakusten du arlo horretako bilakaera positiboa sendotzen ari dela.
Honela azaldu du Emiliano López Atxurra lehendakariak: “Tecnaliaren bilakaera positiboa sendotu dugu, eta hori posible egin duten teknologoen ahalegina aintzatetsi behar dugu. Ahalegin hori gabe, erakundeak ez luke izango aurrera egiteko behar duen sendotasuna, eta ezingo lituzke gaitasun teknologikoak indartu, ez eta merkatuaren beharretara egokitu ere. Eta, beraz, TECNALIAk ezingo luke erakunde eraginkorragoa eta lehiakorragoa bilakatu Europako industria-sisteman”. Izan ere, Tecnaliaren ustez, bere taldea eta enpresak dira bi zutabe nagusiak.
Tecnaliak 1.400 aditu baino gehiago ditu gaur egun —haietatik % 43 emakumeak—, 30 nazionalitatetakoak. Taldea sortu zenetik, duela zortzi urte, konponbide teknologiko integralak ikusten, identifikatzen eta garatzen dihardute 7.000 enpresari baino gehiagori beren beharretara egokitutako soluzioak eskaintzeko, lehiakorragoak izan daitezen. Eta enpresa horien % 75 ETEak dira.
Fakturatutako 110,3 milioietatik erdia enpresekin egindako proiektuen diru-sarrerei dagokie. Beste erdia, berriz, administrazio publikoek, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batzordeak bultzatutako ikerketa estrategikoko proiektuei dagokie. Proiektu horien helburua da enpresetan etorkizunean aplika daitezkeen emaitzak lortzea. Halaber, 8 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du, bere gaitasun teknologikoa handitzeko, bezeroei balio erantsi handiagoa eskaintzeko.
Jabetza Industrialaren Salmenta atalean, 1,8 milioi euroko diru-sarrerak lortu zituen, zorroko 658 patente, eta Oinarri Teknologikoko 12 Enpresa Berritan eta 20 OTEB aktibotan parte hartu zuen. Guztira, 261 lanpostu sortu ziren, eta 33,5 milioi euroko fakturazioa egin.
Europan, Europako Batzordearen HORIZON 2020 programako proiektuetan, Espainiako erakunde pribatu nagusi gisa sendotu da TECNALIA, kontratazioei, partaidetzari eta gidatutako proiektuen kopuruari dagokienez (EAEko 89 enpresarekin eta Espainiako 145ekin aritu da elkarlanean).
2019.urterako helburua da joerari eustea eta % 8 haztea, bai eta enpresekin lankidetza handitzen jarraitzeaere, eraldaketa digitalaren, fabrikazio aurreratuen, trantsizio energetikoaren, mugikortasunaren, hiri-ekosistemaren eta osasunaren arloetan erreferentzia diren proiektuei esker.
2018ko arrakastak
Enpresekin elkarlanean egindako ekimen ugarien artean —ekimen horiek eragina dute jada merkatuan—, hauek nabarmendu ziren 2018an: itsas zabaleko Europako lehen laborategi flotatzailea martxan jartzea; material erradioaktiboak manipulatzeko robot bat garatzea, industria farmazeutikoarentzako Euskadiko lehen 4.0 laborategia prestatzea; eta Basque Digital Innovation Hub-en lau nodotan eta EIT Manumanufacturing-en parte hartzea.
Itsas zabaleko Europako lehen laborategi flotatzaileak (HarShlab) aukera emango du materialek, osagaiek eta ekipoek ingurune kaltegarri horretan zer jokabide izango duten iragartzeko, luze irauten duten itsas zabaleko sistema energetikoak garatu ahal izateko.
Bestalde, Tecnaliaren gaitasun teknologikoa eta berritzailea Estatu Batuetako gobernuraino iritsi zen 2018an; zehazki, Energia Saileko Idahoko Laborategi Nazionalera (INL). Haientzat, material erradioaktiboak urrunetik manipulatzeko robot berri bat garatu du. Sistema berriarekin, urrutitik kontrolaturiko robotek zehatz-mehatz kopiatzen dituzte operadorearen eskuen mugimenduak; horregatik, piezak modu zehatzagoan, seguruagoan eta intuizio handiagorekin maneiatzen dira, eta, beraz, instalazioaren errendimendua handiagoa da.
Lankidetza izan da 2018ko beste gakoetako bat. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera egindako lanari esker, industria farmazeutikorako Euskadiko lehen 4.0 laborategia jarri zen martxan, Arabako Parke Teknologikoan. Instalazio berriek abangoardiako teknologia dute sendagai berriak garatzeko. Garapen farmazeutikoan 4.0 industriaren filosofia sartzea da proiektu honen helburua. Hala, terapia pertsonalizatuagoak egin ahal izango dira, eta botiken kalitatea eta segurtasuna kontrolatu ahal izango da balio-kate osoan.
Bestalde, Basque Digital Innovation Hub-eko lau nodotako kidea da TECNALIA: Robotika Malgu eta Kolaboratiboa (nodo horretako koordinatzailea da), Fabrikazio Aditiboa, Zibersegurtasuna eta Material Berriak. Nodo horien helburua da industria-arloko enpresei, batez ere ETEei, 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea.
Gainera, TECNALIAk EIT Manufacturing-en Euskadiko egoitza koordinatuko du. Europako 17 herrialdetako 50 bazkidek bultzatutako ekimen bat da, berrikuntza, prestakuntza eta ekintzailetza sustatzea helburu duena. Hauek dira bazkideetako batzuk: Aernnova, Mondragón Korporazioa, IK4 Research Alliance eta ITP Aero. EIT Manufacturing-ek bost egoitza ditu, kontinentean banatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutakoa izango da Fabrikazio Aurreratuan berrikuntza sustatzeko arduraduna Europako mendebaldean.
TECNALIAk enpresekiko elkarlanean izan duen arrakastaren gakoetako bat enpresekiko erlazioa da: izan ere, erlazio hori gero eta estrategikoagoa da, konfiantzan, lankidetzan eta estrategia teknologiko partekatuan oinarritua, haien lehiakortasuna sustatuko duen balio-ekarpen handiena lortzeko. Eredu horri esker, zenbait urtetarako lankidetza-planak ezartzen ari gara.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com