Errealitate birtual, adimen artifizial, blockchain eta errealitate areagotuko bost proiektu izango dira Zinemaldia & Technology jardueraren lehenengo Startup Challenge lehiaketan
Espainiatik, Frantziatik, Irlandatik eta Suitzatik datoz aukeratutako proposamenak, eta, 10.000 euroko sariaz gain, lehen urtean Euskadiko Parke Teknologikoen sareko BIC batean doako inkubazio-eremua eta 500.000 eurora arteko finantzazio lortzeko lehiatuko dira
Irailaren 22an egingo da jardunaldia, Tabakaleran, eta barnean hartuko ditu eskola magistral bat eta enpresa-ideia berritzaileen zenbait aurkezpen ere
Teknologia berriak ikus-entzunezkoen eremuan txertatzeko enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaile eta startup sortu berrientzako lehiaketa da Zinemaldia Startup Challenge, eta Europako bederatzi herrialdetako 32 proiektu jaso ditu lehenengo edizioko deialdian (Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia, Portugal, Suedia eta Suitza).
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak sustatu du lehenengo deialdia, eta jaso diren enpresa-proiektuen proposamenek konponbide berritzaileak planteatzen dituzte ikus-entzunezkoen alorrerako, askotariko teknologiak harturik oinarri: besteak beste, big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, gauzen Internet, blockchain, machine learning eta 3D-an inprimatzea.
Finalistek Zinemaldiaren esparruan defendatuko dute beren proposamena, Zinemaldia & Technology jardunaldian. Bost proiektu hauek dira: Flow Cut, Bizkaiko ekintzaile talde batek garatutako errealitate birtualeko proiektu bat; LargoAI, Suitzako startup batek adimen artifizialaren eremuan sustatutako ekimen bat; Shield, adimen artifizialaren alorreko beste proiektu bat, Arabako konpainia baten eskutik; Scenso.TV, Frantziako enpresa batek landutako blockchain-teknologiako aplikazio bat; eta Volograms, Irlandako enpresa baten proposamen berritzailea, errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko edukiak sortzeko.
Bost finalistek Euskadiko Parke Teknologikoen sareko BIC (Business Innovation Center) batean urtebetez inkubazio-eremua lortzeko aukera izango dute, eta 500.000 euro arteko finantzaketa eskuratu ahal izango dute proiektua garatzeko. Irabazleak, gainera, 10.000 euroko saria eramango du. Epaimahai independente batek aukeratuko du saria zer proiekturi eman.
Irailaren 22an egingo da Zinemaldia & Technology-ren bigarren edizioa, Tabakaleran. Bost proiektu finalistak aurkeztu (pitching) eta sariak banatzeaz gain, eskola magistral bat eta lau aurkezpen eta enpresa-erakustaldi hartuko dira barnean.
Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak (2deo ikus-entzunezkoen laborategiaren bitartez) eta Petronorrek antolatzen dute jarduera. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa, aldiz, jardueraren ekimen nagusia, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Sailaren bitartez; gainera, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren lankidetza ere jasoko du.
Europa Creativa MEDIAren laguntzaz, European Film Forumen bidez
Zinemaldia & Technology apustu estrategikoaren bitartez, teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko erreferentziazko espazio bihurtu nahi du Donostia Zinemaldiak.