Espainia eta Afrikaren arteko elkarlanak geroz eta tresna gehiago ditu bere garapenerako

Gipuzkoa

DGPYMEk, ICEXek eta Sodecan-ek APTEren Nazioarteko Konferentziaren bigarren saioan parte hartu dute, Palet Express Internacional eta Singular Factory enpresekin eta Kanarietako zientzia- eta teknologia-parkeen arduradunekin batera.

Vigoko Teknologia Parkea hautatu dute Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkarteak (APTE) 2015ean egingo duen Nazioarteko Konferentzia antolatzeko.

P1060502Atzo, Fuerteventurako Teknologia Parkean egin zen APTEren Nazioarteko Konferentziaren bigarren saioa. Hamar hizlarik parte hartu zuten, Europako zein nazioko instituzioen, enpresen eta zientzia- eta teknologia-parkeen ordezkari.

Europako Batzordeko Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusiko Lehengaien Unitateko nagusi laguntzaile Flor Díaz Pulidoren hitzekin hasiera eman zitzaion jardunaldiari, zeinek Europako Batzordeak ETEentzat prestatutako finantzaketa-programak azaldu zituen: COSME, Horizonte 2020 eta Egiturazko Funtsak. Berak adierazi zuenez, 21 milioi ETE daude Europan, eta horiei zor zaie azken bost urteotan sortutako enpleguaren %85.

Jarraian, Kanpo Merkataritza Institutuko (ICEX) Azpiegitura, Ingurumen, Energia eta IKT Alorreko zuzendari laguntzaile Rocío Viñasek erakundeak enpresei –euren garapen-fasearen arabera–, eskaintzen dizkien zenbait finantzaketa-programa aurkeztu zituen, baita programa afrikarraren barruan jasotzen diren jarduerak ere. Viñasek azpimarratu zuenez, munduko merkatuaren %7 Afrikarekin gauzatzen den salerosketari dagokio; Maroko eta Algeria dira esportazio-prozesuetan aktiboen ari diren herrialdeak.

Bestalde, Kanarietako Garapen Ekonomikorako Sozietatearen (Sodecan S.A.) kontseilari delegatu Gerardo Moralesek banan-banan aipatu zituen Kanariar Uharteetan gauzatzen dituzten proiektu berritzaileak eta ekintzaileak finantzatzeko mekanismoak. Horretarako 52 milioi euroko aurrekontua dagoela ere adierazi zuen.

Enpresa-finantzaketa babesten duten instituzioen adierazpenen ondoren, enpresen jardunbide egokien berri emateko aukera egon zen. Palet Express enpresako CEO Manuel Gandariasek, adibidez, nazioartekotze goiztiarraren faktorea azpimarratu zuen, ETEen arrakastarako estrategia baita. Era berean, nazioartekotzearen giltzarri diren kontaktu-sareen garrantzia nabarmendu zuen, parkeetan sortzen dena kasu.

Mintzaldi horien ondotik, APTEko presidente Felipe Romeraren gidaritzapean, mahai-ingurua egon zen Kanarietako parkeen arduradunen parte-hartzearekin. Hala, Kanarietako Ikerketa, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko Agentziako (ACIISI) zuzendari Juan Ruiz Alzolaren, ULPGko Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendari Gabriel Megiasen, Tenerifeko Zientzia eta Teknologia Parkeko kudeatzaile Raquel Lucía Pérezen eta Fuerteventurako kudeatzaile Eduardo Pereiraren adierazpenak entzun ziren.

Juan Ruiz Alzolak hiru aukera azpimarratu zituen Kanariar Uharteetako garapen ekonomikorako: astronomia (Tenerifeko Zientzia eta Teknologia Parkea sektore horretan da espezialista); itsasoari etekin zientifiko eta teknologikoa ateratzea (Kanaria Handiko Palmetako Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia Parkeak arlo horretara bideratzen du bere jarduera); eta iraunkortasunarekin loturiko teknologiak garatzea (Fuerteventurako Teknologia Parkearen xedea da hori, Afrikaren aurrean zabalik baititu ateak), batez ere turismoari begira eta garapen bidean dauden herrialde afrikarretan heda daitezen.

Horrez gain, aurten, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeari eman zaio “Jardunbide egokienari” lehen akzesit saria, APTEko kide diren eta hamar urte baino gehiago dituzten parkeen kategorian.

Hamabigarren konferentziaren amaiera gisa, bandera eskualdatzeko ekitaldia egin da. Eduardo Pereirak APTEko bandera eman dio Vigoko Zona Frankoko Partzuergoko Sustapen Ekonomikorako zuzendari Rosa Eguizábali. Eguizábalek ordezkatzen duen Vigoko Teknologia Parkeak hartuko du APTEren hurrengo Nazioarteko Konferentzia “2.0 Teknologia Parkerantz” lemapean.

Vigoko Teknologia Parkeak hiru enpresa-arlo ditu: batetik, Teknologia eta Logistika Parkea bera, 900.000 metro koadro inguruko eremua. I+G+B soluzioak eta soluzio logistikoak sustatu ez ezik, gaur egun, bertan 105 enpresek ere badihardute, eta 255.000 metro koadroko zabalkuntza martxan jarri da dagoeneko. Bestetik, A Granxako Enpresa Ekimenen Zentroa. Bertan, 2003tik hona, enpresa berriei buruzko 600 proiektu aztertu dira; eta, gainera, instalazio horietan jaio diren 100 enpresen biziraupen indizea %85ekoa da. Azkenik, Porto do Molleko arlo teknologikoa, I+G+B eta produktu teknologikoen garapena helburu dituen eremua eta Negozioen Zentroa hartzen duena. Aipatutako zentroak hainbat enpresa biltzen ditu, hala nola enpresa-mintegia, ViaVigo enpresa-bizkortzailea, Factoría de Innovación eta partzuergoaren arrisku-kapitaleko enpresa, hazi-kapitaleko bi milioi euroko funtsak dituena.

Partekatu

Beste berri batzuk