Espainiako diseinu-enpresak Bilboren hautagitzaren alde 2014an diseinuaren munduko hiriburua izan dadin

Bizkaia

Guillermo Ulaciak, Innobasqueko presidenteak, diseinuaren garrantzia azpimarratu du, balioa sortzen duen eta enpresen lehiakortasuna hobetzen duen tresna berritzaile gisa. Andoni Aldekoak, Bilboko Udaleko kontseilari ordezkariak, diseinuaren munduko hiriburu izateko lehiatzen ari den proiektua aurkeztu du, diseinua hiriarentzat etorkizuneko ardatza dela esanez.

RED-Espainiako Diseinu Enpresen Elkarteak gaur goizean eman du argitara Bilboko hautagaitzaren aldeko jarrera, 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izan dadin. Innobasque–Berrikuntzaren Euskal Agentziak Zamudion (Bizkaia) duen egoitzan egin du REDek bere zuzendaritza-batzordearen bilera. Ondoren, “Diseinua berrikuntzaren bektore gisa” saioa izan da, eta bertan mintzatu dira Nani Marquina, REDeko lehendakaria; Andoni Aldekoa, Bilboko Udalaren kontseilari ordezkaria; Joan Mellen, REDeko zuzendari nagusia, eta Guillermo Ulacia, Innobasque ko presidentea.

Nani Marquinak, gaur egun REDeko lehendakaria eta 2005ean Diseinuaren Sari Nazionala jasoak, Bilboren aldeko jarrera ofizialdu du, 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izan dadin: “Bilbok diseinuarekiko konpromisoa erakutsi du proiektuak bultzatzeko orduan. Pentsamolde hori euskal enpresetan ere badago eta horren erakusgarri da eskaintzen duten produktu zaindua”. Eta gaineratu du: “Euskadi gure elkarteko kide den hirugarren enpresa-taldearen sehaska da, eta enpresa horiekin bat eginda sentitzen gara, lan egiteko eragatik eta diseinua pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko nahitaezko planteamendu gisa ulertzeagatik”.

Bestalde, Andoni Aldekoka Bilboko Udaleko kontseilari ordezkariak proiektua erakutsi du, World Design Capital antolatzen duen Industria Diseinuaren Nazioarteko Kontseiluko kideei Bilbok aurkeztu diena. Aldekoak nabarmendu du diseinua funtsezkoa izan dela bere hiriak azken urteotan bizi izan duen hirigintza- eta gizarte-eraldaketan eta etorkizuneko ardatz bat dela hiriarentzat.

Joan Mellen REDeko zuzendari nagusiak elkartearen Plan Estrategikoa aurkeztu du. Bere iritziz, “REDek duen aktiborik eta onurarik garrantzitsuenetako bat desberdintzea edo bereiztea lortzeko bere bilaketa eta lana da, Espainiako diseinua nazioartean zabaltzeko tresnen bidez, baita aplikatzen duen komunikazio- eta marketin-politika estrategikoetan ere.”

Mellenek azaldu du duela bi urte eta erdi jaio zela RED kontsumo-ondasunen (habitat) industria-sektoreko enpresen plataforma gisa, gaur egungo diseinuaren alde egiten dutelarik lehiakortasunerako faktore gisa. Irabazi asmorik gabeko elkarteak gaur egun 40 enpresa baino gehiago biltzen ditu, etxe, kolektibitate eta hirietako ekipamenduen ekoizle edo/eta horietarako produktuen argitaratzaile direnak. Fakturazioa %9 gehitu zen 2010ean eta 370 milioi eurora iritsi zen, batez beste %40 esportatuz. Mellenentzat, “Gaur egun sustapen-proiektuen sortzaile ahaltsua da RED, eta aldi berean herri-erakundeen lobby solaskidea; ekinbide hau enpresez gaindiko erakunde bihurtu da, bere bazkideen helburu globaletan zentratua, etengabe balio bereziak kudeatuz, atxikiz eta erakarriz guztien onurarako”.

Lehiakortasunaren hobekuntza

Aurtengo apirilean Innobasquek aurkeztu zuen “Euskal Autonomia Erkidegoko Berrikuntzaz OCDEren Azterketa”n, Ekonomia Lankidetza eta Garapenekorako Erakundeak Euskadi animatzen du “teknologikoa ez den berrikuntza sendotzera”, eta areagotu egin behar dela azpimarratzen du “balio erantsiaren sorkuntza, diseinuan eta sormenean inbertituz, oraindik ere garapenaren etapa goiztiarretan baitago”. Horren haritik, Guillermo Ulaciak, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, nabarmendu du Innobasque laguntzen ari dela bere bazkide-sarearen bidez Bizkaiko hiriburua 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izan dadin. Ulaciak esan du diseinua lagungarri dela lehiakortasuna hobetzeko eta gure bizi-kalitaterako.

Bitartean, Industria Diseinuko Elkarteen Nazioarteko Kontseilua (ICSID), ekitaldiaren antolatzailea, Bilbon izan da azken egunotan, eta gauza bera egingo du hilabete honetan eta hurrengoan beste hautagaitzekin: Dublinekin (Irlanda) eta Lurmutur Hiriarekin (Hegoafrika). Azken erabakia abuztuan hartuko bada ere, urrira arte ez da ofizialki ezagutzera emango azken epaia. Hori Taipei-n (Taiwan) biltzarra egin bitartean gertatuko da. Bilbo izan daiteke Turin (2008) eta Helsinkiren (2012) ondorengoa, eta hiri eredugarri bihurtu, diseinua lan egiteko era berritzailea dela eta profesionalak, enpresak, erakundeak eta instituzioak proiektatzeko era bikaina dela erakutsiz.

Partekatu

Beste berri batzuk