ESS Bilbaok bere zuzendari berriak aurkeztu ditu eta Lundekin izango dituen harremanen esparru berria eman du ezagutzera
- Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilera informatibo bat izan dute ESS Bilbaoko langileekin.
- ESS Bilbaok nazioarteko proiektuan izango duen partaidetza % 5ean finkatzen da, eta 2017ra arte ez da diru-ekarpen berririk egin beharko.
- Euskal administrazioak ordezkaritza paritarioa izango du organo guztietan.
ESS Bilbaok bere bi zuzendari berriak aurkeztu ditu, plantila guztiarekin egindako ekitaldi batean; ekitaldiaren buru izan dira Carmen Vela Estatuko Ikerkuntza Idazkaria eta Eusko Jaurlaritzako Arantza Tapia eta Cristina Uriarte Sailburuak. Partzuergoaren agerraldiak bere etapa berriaren hasiera egiaztatu eta bere bideragarritasuna berresten du.
Aurrerantzean, ESS Bilbaoren helburuak hauexek izango dira: diseinatutako, eraikitako eta probatutako sistemak edo azpisistemak hornitzea eta erabiltzeko prest uztea Lund hirian (Suedia) eraikiko den Espalazio bidezko Neutroien Europar Iturriaren proiektuari, horren bitartez erreferentziazko zentro estrategiko bihurtzeko mundu mailan, neutroi-teknologiaren alorrean.
ESS Bilbao proiektuaren kudeaketa eta egoera sakon aztertzeko eta berrikusteko epe baten ostean, beraren Kontseilu Errektoreak zuzendaritza berria izendatu du eta erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berrikusteko oinarriak jarri ditu, bai espainiar eta euskal administrazioen arteko lankidetzari dagokionez eta bai ESS Bilbaoren eta Lunden artekoari dagokionez.
Carmen Vela Estatuko Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Idazkariaren esanetan, “europar proiektu garrantzitsu hau oso modu egokian berrorientatu da azken bi urteotan. Zalantzarik gabe, administrazioen lanean eta haien arteko lankidetza bikainean oinarritutako arrakasta handi bat da proiektua”.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak, berriz, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren apustua beti izan dela hasierako proiektuaren kalitatea berreskuratzea eta Euskadin mantentzea, bere ikerketek ahalik eta eraginik handiena eta onena izan dezaten berton. Esparru berri honen xedea da ESS Bilbaoren etorkizuneko emaitzak euskal industriara transferitu eta aplikatu daitezela, jarduera ekonomikoko eremu berriak ahalbidetuz.
Orobat, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Estatuko Gobernuarekin batera parte hartzea, modu paritarioan, ESSren Europar Proiektuaren erabakietan.
Berriki izendatutako zuzendaritzaren lehenengo zereginetako bat da ESS Bilbao proiektua definitzea eta Europar Iturrian izango den espainiar parte-hartzea zehaztea. Arduradun berriek rol osagarriak izango dituzte, eta hori lagungarria izango da proiektua sendotzeko.
Zuzendari Exekutiboa, Jose Luis Martínez Peña, Partzuergoaren kudeaketa globalaren arduradun nagusia izango da, eta beraren bitartez bideratuko dira nazioarteko bazkideekiko harremanak. Zuzendari Teknologikoa, Pedro José González Gutiérrez, proiektuaren alderdi teknikoak koordinatzeaz eta Unibertsitateekin eta ingurune industrialarekin izango diren harremanez arduratuko da.
Espalazio bidezko Neutroien Europar Iturriarekin (Lund) hartutako konpromisoaren berri emanda –parte-hartzea % 5erainokoa da, hau da, 90 milioi euro inbertituta-, EES Bilbaok ikuspuntu ekonomikotik eta zientifiko-teknologikotik bideragarria den proiektu bat zehaztuko du aurrerantzean. Orain arte 50 milioi euro inbertitu dira, eta konpromisoa da beste 40 milioi inbertitzea 2022ra arte.
ESS Bilbaoren erronka da ezagutzaren zentro estrategiko bihurtzea, neutroi-zientzia eta –teknologien alorrean, ESS Bilbaon kokatutako saiakuntza-bankuetan probatuko diren ekipoak eta sistemak garatuz, bai europar Iturriarentzat eta beste nazioarteko proiektu batzuentzat. Horrek plantilaren jakintza eta trebakuntza hobetuko ditu eta trakzio-efektua izango du Euskadiko eta Espainiako industria-sarean.