Lo-Faltak haurren garapen kognitiboa eta osasunean eragiten du

Albisteak, Bizkaia

ACHUCARROko Ikerbasque ikertzailea den Amanda Sierra doktoreak gidatutako ikerketa-taldeak material didaktiko eta dibulgatzaile berria sortu du haurren loari, kronotipoei eta pantailen erabilerari buruz, modu irekian eta doan eskuragarri dagoena

ACHUCARROk material horiek sortu ditu UNICEF Euskadiko Batzordearekin duen lankidetzan aurrera eginez, haurren eskubideak babesteko helburuarekin bi erakundeen intereseko gaietan sakonduz

ACHUCARRO ikerketa-zentroak (Achucarro Basque Center for Neuroscience) loaren ohiturek haurren eta nerabeen bizimoduan, gaitasun kognitiboetan eta osasunean nola eragiten duten aztertu du.

Lo-faltak haurrengan domino eragina du obesitatearen garapenean, errendimendu akademikoan eta jokabide-arazoetan. Datu horiek eskola-ordutegien garrantziaz hitz egiten dute, askotan bateraezinak baitira hazkunde-etapetan loaren osasun ona izatearekin. Gainera, etapa horietan pantailen erabilera mugatzea oso garrantzitsua da, ikasleen lo-ereduak ez aldatzeko.

Hori nabarmentzen du ACHUCARROren Osasun Zerebralari buruzko eduki monografiko berriak, ebidentzia zientifiko eguneratuetan oinarrituta. Eduki monografiko hori UNICEF Euskadiko Batzordearekin lankidetzan aritzeko programa zabalago baten barruan sortu da, haurren eta nerabeen osasunerako eskubidea sustatzeko.

“Lo-denborak errespetatzeak osasun mentala babestea esan nahi du, gaitasun emozionala indartzea eta haur bakoitzak ahalik eta ahalmen handiena lor dezakeen ingurunea bultzatzea. Atsedenerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da haurren ongizatea bermatzeko, kontzentrazioan, emozioen erregulazioan, osasun mentaleko arazoen prebentzioan eta harreman positiboagoen eraikuntzan laguntzen duelako” azaldu du Joseba Madariagak, UNICEF Euskadiko Batzordeko presidenteak.

“Loa, kronotipoak eta pantailak haurtzaro eta nerabezaroan” izeneko monografikoak azaltzen du zein garrantzitsua den lo osasungarria haurren garapen kognitiborako, eta nola aldatzen den pantailen erabileraren edo eskola-ordutegien ondorioz.

“Lo-faltak haurtzaroan eta nerabezaroan dituen ondorio kaltegarriei buruzko ebidentzia zientifikoa oso sendoa da, eta eskola-ordutegiak osasun mentalera egokitzeari buruzko eztabaida ireki beharko luke”, azpimarratu du ACHUCARRO zentroko Ikerbasque Ikerketa irakasleak, Amanda Sierra doktoreak, edukoi monografikoaren koordinatzaleak.

Materialak ACHUCARROko zientzialari eta ikerlari talde heterogeneo batek garatu ditu, Denise Ferrarini doktorearen eta Xabier Cuesta eta María Andrés doktoratu aurreko ikertzaileen laguntzarekin. Materiala online dago eskuragarri, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

Lantalde honen eta informazio-kanalaren helburua da haurren hazkunde osasungarria sustatzea ebidentzian oinarrituta, arreta berezia jarriz garunak hazkunde horretan jokatzen duen paperean; besteak beste, ingurumen-estimuluen integratzaile gisa (hala nola nutrizioa edo loa), memoriaren eta ikaskuntzaren biltegi gisa eta gure osasun mentalaren arduradun gisa.

Horretarako, ACHUCARROk sarbide libreko eduki monografiko espezifikoak prestatu ditu, ebidentzia zientifiko eguneratuetan oinarrituta, gurasoentzat, hezitzaileentzat eta osasun-profesionalentzat interesgarriak izan daitezkeenak.

Lehenengo monografikoaren izenburua “Obesitatea haurdunaldian eta haurtzaroan” izan zen, eta haurren garapenaren etapa goiztiarretan elikadurak zer eragin duen obesitatearen agerpenean eta epe luzerako ondorio kaltegarrietan azaltzen zen. Materiala online dago eskuragarri, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

UNICEF Euskadiko Batzordea- ACHUCARRO lankidetza

UNICEF Euskadiko Batzordeak eta Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa-zentroak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2025ean. Akordio horren bidez, bi erakundeek Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako haurren eta nerabeen eskubide guztiak lortzen lagunduko duten ikerketa eta argitalpen bateratuak egiteko interesa erakutsi dute, gizarte-errealitate unibertsala izan daitezen, eta printzipio etiko iraunkor eta nazioarteko jokabide-arau bihur daitezen.

“Loa, kronotipoak eta pantailak haurtzaro eta nerabezaroan” material monografikoa hemen kontsulta daiteke:

Partekatu

Beste berri batzuk