Etorkizuneko elikadura-joerak aztertzeko nazioarteko lehiaketa bat jarri du martxan AZTIk
. Lehiakideek produktu berriak, kontsumo-moduak eta joerak aurkeztu beharko dituzte, eta horiek AZTI-Tecnaliak datorren hamarkadarako detektatutako elikadura-joerei batuko zaizkie.
. Erronka da joera berriak identifikatzea behatzaile-komunitate global bat sortuta
. Hiru irabazleek Euskadin egonaldi bat irabaziko dute Basquetour-Euskadi-ren eskutik. Egonaldian, elikadura eta gastronomiarekin lotutako esperientzia turistiko bat biziko dute eta gai horri buruz ikasiko dute
. Profil soziala eta negozio-profila dituen proiektu honen helburua da elikaduraren industrian eta gastronomiaren sektorean berrikuntzaren kultura sustatzea.
. Kontsumo-joerak ezagutzeak aukera emango die zentro teknologikoei etorkizuneko kontsumitzaileei eskariei aurrea hartzeko eta elikadura-industriari irtenbideak eskaintzeko
. Jasotako ekarpenak webgune honetan ikusi ahal izango dira: www.thefoodmirror.com
Elikaduraren esparruan nazioarteko lehenengo behatzaile-komunitatea sortzea da “The Food Mirror” ekimenaren lehen helburua. Ekimen hori AZTI-Tecnaliak jarri du martxan; zentro teknologiko hori espezializatuta dago itsasoaren eta elikagaien ikerketan, eta FECYT Espainiako Zientzia eta Teknologiaren Fundazioaren finantziazioa jasotzen du, baita Basquetour- Turismoaren Euskal Agentziaren laguntza ere. Proiektuaren emaitzek aukera emango diete elikagaigintzako enpresei etorkizuneko kontsumitzaileen eskaerei aurrea hartzeko eta elikagaien eta gastronomia sektoreetan negozio-aukera eta merkatu-hobi berriak aurrez detektatzeko. Ekimena gaur aurkeztu da Madrid Fusión kongresuko Alimentación Conciencia ekitaldian.
Proiektuaren sustatzaileen helburua da inguruan dituzten elikadura-joera berriak detektatzeko eta transmititzeko gai diren munduko txoko guztietako pertsonek parte hartzea. Komunitatea hamabost pertsonak osatzea pentsatu da, eta kide horiek hautatzeko sortu da Internet bidezko “The Food Mirror Game” lehiaketa.
“The Food Mirror Game”-ko lehiakideek (foodwatcher) hiru fase gainditu beharko dituzte behatzaile-komunitateko parte-hartzaile izateko. Lehenengo etapan, AZTI-Tecnaliak EATendencias-en detektatutako zortzi elikadura-joeretako bati erantzuten dion produktu, zerbitzu edo ekimen bat erakutsi beharko dute. Bigarren fasean, elikaduraren esparruko joera berriak detektatu beharko dituzte. Hirugarrenean, berriz, komunikatzeko dohainak erakutsi beharko dituzte behatzailegaiek; hain zuzen ere, bideo bat prestatu beharko dute nazioarteko foodwatcher taldean zergatik parte hartu nahi duten azaltzen duena. Jokoaren arauak eta parte hartzeko formularioa www.thefoodmirror.com webgunean daude.
Epaimahaia ikerketaren eta komunikazioaren alorrean elikadurarekin lotutako pertsonek osatuko dute, eta komunitatean parte hartzeko pertsonen artean hiru irabazleak hautatuko ditu. Hiru irabazleen saria Euskadin astebeteko egonaldia izango da (gastu guztiak barne). Elikadurarekin lotutako esperientzia turistiko bat biziko dute, eta gai horri buruz ikasiko dute, hainbat ikuspuntutatik begiratuta: ikerketa, berrikuntza, gastronomia, bertako produktuak, turismoa eta euskal kultura. Saria Basquetour-Euskadi Turismoaren Euskal Agentziak sustatu du. Agentziak nabarmendu du: “kolaborazio hau Eusko Jaurlaritzatik abiarazitako gastronomia-planaren estrategian sartzen da. Horrez gain, Euskadiko sektore desberdineko entitateekin lankidetza egitearen garrantzian sustatzen da, kasu honetan, nekazaritza eta elikagai sektorearekin eta proiektua garatzen duen AZTI-Tecnaliarekin, nazioarteko eraginarekin”.
“The Food Mirror Game” lehiaketan parte hartzeak aukera emango die parte-hartzaileei AZTI-Tecnaliak eta FECYTek ekimena zabaltzeko erabiliko dituzten komunikabide guztietan (proiektuaren webgunea, argitalpenak, aurkezpenak eta abar) beren burua ezagutarazteko. Foodwatcher taldea osatzeko hautatutako pertsonak nor izan diren eta Euskadin esperientzia paregabea nork biziko duen ekainean esango dute.
Gizartea, azken hartzailea
“The Food Mirror” proiektuaren helburua da, nazioarteko lehen foodwatcher elkartea sortzeaz gain, etorkizuneko kontsumitzaileen eskaerei aurrea hartzea, eta elikadura-sektoreko negozio-aukerei eta merkatu-hobiei garaiz antzematea. Etorkizun hurbileko elikadura-ohiturak ezagutzeak aukera emango dio AZTI-Tecnaliari elikadura-industriako proposamenak eta irtenbideak garatzeko. Proiektuaren azken hartzailea gizarte osoa izango da. Bere beharrei erantzungo dieten produktu eta zerbitzu berriak jasoko ditu, hala nola, osasunari eta bizitza-erritmoari lotutako beharrei erantzuteko produktuak eta zerbitzuak.
2010ean AZTI-Tecnaliako Elikagaien Ikerketa Unitatearen Joera eta Berrikuntza Behatokiak martxan jarritako elikadura-sektoreko merkatuaren azterketa osatu nahi du “The Food Mirror”-ek. Proiektu honek aukera ematen du ikerketa-esparru geografikoa zabaltzeko, eta, era berean, elikadura-arloko berrikuntzan interesa duten mundu osoko pertsonekin —profesionalekin, ikertzaileekin nahiz kontsumitzaile konprometituekin— harremanetan jartzeko.
Foodwatcher-en nazioarteko taldeak elikadura-sektoreko beharrei lotutako ikerketa-proiektuetan lan egingo du. Horri esker, balio handiko informazioa emango du. Informazio hori AZTI-Tecnaliako Joera eta Berrikuntza Behatokian prozesatuko dute gero, eta elikadura-enpresen esku utziko da, berrikuntzarako inspirazio-iturri moduan erabil dezaten.