Eureka! Zientzia Museoak 15 urte bete ditu eta denboraldi horretan ikasleentzako tresna izateaz gain, familientzako kultura-aisialdiko baliabidea ere izan da
Bisitari kopurua % 11,5 igo zen iaz
2001eko urtarrilean Zientziaren Kutxagune gisa sortu zen Eureka! Zientzia Museoak 15. urteurrena bete du aste honetan; denbora-tarte horretan 2,2 milioi pertsonak bisitatu dute. Eureka! Museoak 186.582 bisitarirekin itxi zuen 2015. urtea, hau da, joan den urtean baino % 11,5 bisitari gehiago izan dira.
Kutxa Gizarte Ekintzak zientziaren museo hori (ezaugarri horiek dituen museo bakarra 300 kilometroko inguruan) sustatu zuen Miramongo Parke Teknologikoan zientzia gizartera hurbiltzeko asmoz. Museo horrek familientzako opor-baliabidea, gizarte osoarentzako aisia-baliabidea eta ikasleentzako tresna izan nahi du, eta desio hori oso-osorik betetzen ari da.
Azken bost urte hauetan, bisitari kopuruaren igoera gero eta handiagoa da etengabe berritzen ari den museoan. Urtero modulu berriren bat sartzen da erakusketan, programaren bat estreinatzen da planetarioan, atal berriak inauguratzen dira edo tailer edo ikuskizun berri bat diseinatzen da. Eta jarduera guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez egin daitezke.
Eureka! Zientzia Museoaren asmoa da gizarteak egiten duen eskaerari erantzungo dion eskaintza ematen jarraitzea familientzako aisia-baliabide gisa, eta hezkuntza-ikuspegitik, askotariko eta kalitateko eskola-proposamena aurkeztea, elkarrekintzan eta esperimentazioan oinarrituta dagoen proposamena, baina zorroztasun zientifikoa galdu gabe.