Eurest Colectividades sukaldaritza sozialeko enpresak EAEren aldeko apustua egin du bere I+Ga garatzeko
- AZTI zentro teknologikoak egingo ditu konpainiaren ikerketa-lanak; sektoreko erreferentea da konpainia
- AZTIk eta Eurest Euskadik sinatutako lankidetza-hitzarmen estrategikoaren arrakastak bide eman dio erabaki horri
- Eusko Jaurlaritzaren babesa du ekimenak, Euskadiren etorkizun ekonomikoaren oinarri gisa berrikuntza, ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzeko
Eurest Colectividades enpresak —erreferentzia da Espainian sukaldaritza sozialaren arloan— EAEren aldeko apustua egin du bere I+Ga garatzeko, AZTI zentro teknologikoarekin —aditua elikagaien berrikuntzan— sinatua duen hitzarmenaren bidez. Eurest Euskadiren eta AZTIren arteko lankidetza-hitzarmen estrategikoak arrakasta lortu ondoren hartu dute erabaki hori, zeinaren helburua baita nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden eta tokiko produktuen erabilera aktiboagoa sustatzen duten elikagai-produktu berri eta osasungarriagoak ikertzea eta garatzea. Eurest Colectividadesek Euskadiren alde egindako apustuak babes handia ematen dio AZTIk azken urteotan egindako lan zientifikoari, eta erakusten du Euskadik berrikuntza-proiektuak erakartzen dituela.
Halaber, Eurest Colectividadesen erabakiak agerian uzten du enpresa-munduaren eta mundu zientifikoaren arteko lotura estrategikoa dela elikadura-sektorean lehiakortasun handiagoa lortzeko bide nagusia. Bai enpresak bai zentro teknologikoak elikadura osasungarri eta jasangarri baten alde eta kontsumitzaileen behar espezifikoetara egokitutako elikagaiak eskaintzearen alde egiten dute.
Euskadira ekimen pribatuko enpresak eta inbertsioa erakartzeko estrategia horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntza izan du; sail horrek helburu hau du: Euskadi erreferentziako herrialde bihurtzea Europan I+G+Baren arloan, eta, aldi berean, balio erantsi handiko enplegu kualifikatuari eustea.
Eurest Euskadi egiten ari den ikerketak eta berrikuntza-prozesuak, orain, Eurest Colectividades osora zabalduko dira, eta eskola-sektoreko, adinekoen etxeetako sektoreko eta enpresa-sektoreko (Business & Industries) taldeentzat menu osasungarriagoak egiteko produktuak diseinatzea eta prestatzea izango dute ardatz, osasungarriago bihurtzeko eta biztanle-talde bakoitzaren dieta-, elikagai- eta zentzumen-eskakizun espezifikoetara egokitzeko. Bost ikerketa-lerro estrategikoak hauek dira: eskolako segmenturako sukaldaritza-teknika berriak, aurrez prestatutako jaki osasungarriak, elikagaien kontserbazioa, desizozte-denboren murrizketa, kozinatze-lermen azterketa eta zerbitzu-errazioen ezarpena.
AZTIk Eurest Colectividadesentzat egingo dituen ekintzak bat datoz Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuekin eta RIS3 espezializazio-estrategiarekin, osasunaren ardatzari dagokionez. Azken xedeak hauek dira: enpresaren modernizazioa eta berritzeko eta sortzeko ahalmena indartzea eta balio erantsi handiagoko ekoizpenak sustatzea, ikerketaren eta teknologien aplikazioaren bidez balio handiagoa izan dezaketen merkatuetara sartzeko.