Europako Akuikultura Elkartearen urteko konferentzia Euskadin egingo da 2014an

Bizkaia

Euskadin izango da, 2014an, Europako Akuikultura Elkartearen urteko konferentzia (EAS Conference), Europan egiten den arlo honetako zientzia- eta enpresa-ekitaldi garrantzitsuena.Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatuta, EASek berak eta AZTI-Tecnaliak antolatuko dute ekitaldia, eta Europa osoko 700-1.000 ordezkarik parte hartzea espero da, guztiak ere sektorearekin lotura duten enpresariak, zientzialariak, teknologia-hornitzaileak, ikasleak eta beste zenbait eragile publiko eta ez-publiko. Otsailaren 24an eta 25ean, Europako ordezkaritza bat bisitan izango dugu Euskadin, ekitaldirako azpiegiturak ikusteko.

Aurreko aldietan, “Aquaculture Europe” konferentzia Grezian, Portugalen, Norvegian, Turkian, Errusian eta Frantzian egin izan da, besteak beste. Euskadik beste lehiakide hauek izan ditu tokiaren hautaketan: Utrech, Sharm el-Sheikh eta Izmir hiriak, beste batzuen artean.

Euskadin merkataritza-arrantzak, itsaskien merkataritzak eta itsas jarduera orok tradizio luzea badute ere, orain arte ez da oso jarduera zabaldua izan akuikultura. Dena den, arrain-inportazioen gorakada eta elikagaien kontsumoaren globalizazioa direla eta, arrantza tradizionaleko elikagai-ekoizpenaren osagarri, ez ordezko, izango diren alternatibak bilatzeko beharra ikusi da. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, bere Arrantzako Plan Estrategikoaren barruan, hainbat ekintza proposatu ditu zenbait espezieren hazkuntza sustatzeko.

Era berean, jarduera hori biziberritzeko, Europako Akuikultura Elkartearen urteko konferentzia Euskadin egitea bultzatu nahi izan du, eta AZTI-Tecnaliari eskatu dio horretarako beharrezko tramiteak egiteko.

Topaketaren helburua da ekoizpen-akuikulturan edo elikatze-produktuen transformazioan eta merkaturatzean lan egiten duten Europako eragileen arteko harremanak bultzatzea. Horretarako, jarduera horrekin, negozio-aukerekin lotutako informazioa hedatzea erraztuko da, diziplina anitzeko ikerketa sustatuko da, eta lankidetza hobetuko da administrazio publikoen, zientzia- eta enpresa-komunitateen, ingurumen-elkarteen, hezkuntzaren eta arlo horrekin zerikusia duten pertsona guztien artean.

Konferentziak iraungo duen hiru egunetan, zientzia-hitzaldiak emango dira, eta ekoizleei zuzendutako jardunaldi bat ere izango da, euskal enpresek beren aurrerapen eta erronka esanguratsuenak aurkezteko aukera izan dezaten. Lantaldeak eta foro, proiektu eta ekitaldi europarrak ere egingo dira. Europako Akuikultura Elkartearen konferentzia osatzeko, ikasketa-saioak izango dira ikasle-taldeentzat, eta bisita teknikoak egingo dira akuikulturan diharduten zenbait euskal enpresatara. Topaketa egingo den lekuan, sektorearekin zerikusia duten enpresa eta produktuen erakusketa bat izango da.

Eusko Jaurlaritzak eginiko Arrantzarako Plan Estrategikoaren barruan, 2013-2019aldirako akuikultura-programa bat dago, xede hau duena: Euskadin itsas elikagaien ekoizpena areagotzen eta arrantza-, akuikultura- eta transformazio-sektoreetarako produktu berriak eta lana sortzen laguntzeko jarduera bat sustatzea. Akuikultura gora egiten ari den sektore berri bat da, eta, aldi berean, beste sektore batzuk bultzatzen ditu, instalazioak eraikitzeko, osagaiak diseinatzeko eta fabrikatzeko, automatismoen ingeniaritzarako, bioteknologien garapenerako, aseguru eta arau-aholkularitzarako, elikagaiak kontserbatzeko, transformatzeko eta ontziratzeko logistikarako eta abarretarako industria osagarri gisa. Jarduera horiek guztiak, Europako araudiaren arabera, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik jasangarria den jarduera-esparru batean gauzatu behar dira.

Iturria: Azti-Tecnalia

Data: 2012/02/24

Partekatu

Beste berri batzuk