Europako Batzordeak baterien ikerketan eta garapenean Europako erreferentzia-zentro gisa nabarmendu du CIC energiGUNE

Albisteak, Araba

Zientzian eta ezagutzan espezializatutako adarraren bidez, EBko organo betearazle gorenak euskal zentroak baterien Europako industriaren garapenari begira egindako lana eta potentziala aintzatetsi ditu

Sektoreak kontinentean duen egoerari buruzko azken txostenean, Batzordeak energia biltegiratzeko teknologien aurrerapen eta erronka nagusiak jasotzen ditu, eta Basquevolt, CIC energiGUNEren bigarren spin-off proiektua, bezalako proiektuen zeregin estrategikoa ere aipatzen du

CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, “eredu nabarmen” gisa aintzatetsi du baterien ikerketaren eta garapenaren esparruan Europar Batzordeko Ikerketarako Zentro Komunak (JRC).

Duela gutxi argitaratu duen “Batteries for Energy Storage in the European Union” txostenean, kontinenteko organo exekutibo nagusiak Europako baterien industriaren egungo egoera eta joera eta erronka teknologiko nagusiak aztertu ditu. Testuinguru horretan, azterlanaren arabera, CIC energiGUNE I+G arloko erreferentzia-zentroetako bat da, bai estatuan, bai Europar Batasunean, energia eta bateriak biltegiratzearekin lotutako ikerketa zientifikoaren adarretan orain arte egindako lanari esker.

Horrela, euskal zentroa, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babestutako ekimen estrategikoa, beste erakunde publiko handi batzuekin batera nabarmendu da, hala nola Energia Atomikoaren eta Energia Alternatiboen Batzordearekin (Frantzia), Teknologia Berrien, Energiaren eta Garapen Ekonomiko Jasangarriaren Agentzia Nazionalarekin (Italia) eta Fraunhofer Gesells Aliantzarekin (Alemania).

Erakunde horiek energia biltegiratzeko teknologien berrikuntzari eta garapenari buruzko ikerketa-ildoei esker nabarmendu dituzte argitalpenean. Aurreikusten denez, energia garbiaren eta ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritutako bateriak fabrikatzeko industria europar lehiakorra eraikitzen lagunduko dute.

Izan ere, horiek guztiak programa zientifiko garrantzitsuen parte dira, hala nola Batzordeak bere txostenean nabarmentzen duen Horizonte Europa. Azken horretan, CIC energiGUNEk hainbat ekimenetan hartzen du parte, elektrolito solidoan oinarritutako baterien etorkizuneko sorkuntzaren garapena finkatzea bilatzen duen HELENA proiektua bezalako garrantzitsu batzuen buru izanda.

Txostenak berak azpimarratzen du egoera solidoko teknologia hori industriaren etorkizuneko joera garrantzitsuenetakoa dela, kobaltorik gabeko bateriak (NMC, NCA edo NMCA katodoak dituztenak) edo LFP katodoetan oinarritutako soluzioak bezalako beste aurrerapen batzuekin batera. Aukera horietan guztietan nabarmentzen da CIC energiGUNEren lana.

Era berean, Batzordeak nabarmendu duenez, horrelako zentroek garrantzi handia dute Europak beste eremu geografiko batzuekin, hala nola Ipar Amerikarekin edo Asiarekin, gaur egun duen lasterketan. Izan ere, azken gune hori da (Txinaren, Japoniaren eta Hego Korearen bitartez) baterien inguruko garapen eta berrikuntza teknologikoaren buru, hainbat argitalpen eta patenteren bidez. Horregatik, azterlanak garrantzi handia ematen dio CIC energiGUNE bezalako ikerketa-zentroek gauzatutako I+G jarduerari.

Basquevolt, funtsezko enpresen artean Europako Batzordearen iritziz

Jarduera zientifiko eta teknologikoaz haratago, Europako Batzordeak, enpresek baterien Europako sektorearen garapenean egun duten eta etorkizunean izango duten rola ere aztertzen du bere azterlanean.

Ildo horretan, txostenak europar jatorriko ekimenak abian jarri izana nabarmentzen du, eta horren adibide gisa jarri du Basquevolt, Eusko Jaurlaritzak, Iberdrola, CIE Automotive, Enagas, EIT InnoEnergy eta CIC energiGUNE barne hartzen dituen enpresa eta erakunde partzuergoarekin batera ,sustatutako egoera solidoko bateriak ekoizteko euskal ekimena.

Batzordearen azterlanak Basquevolt bezalako proiektuen garrantzia balioesten du, bai etorkizunean kontinentean baterien eskaria (2030ean 1.000 GWh ingurukoa izatea espero da) bermatzeko beharrezkoak direlako, bai % 100ean Europako ezagutzan eta teknologian oinarritutako ekimenak direlako, Asia edo Ipar Amerika bezalako beste leku batzuekiko mendekotasuna murriztuz. Izan ere, Basquevolt CIC energiGUNEk azken 10 urteetan egoera solidoko baterien arloan egindako ikerketa lanetik sortu da. Txostenaren arabera, teknologia horrek “garrantzi handia izango du” etorkizunean.

Horrez gain, baterien eta horien osagaien inguruan balio industrialeko kate sendoa finkatzea ahalbidetuko duten enpresa eta hornitzaile berriak erakartzeko horrelako ekimenen balio ekonomiko eta estrategikoa ere nabarmendu du Batzordeak. Bereziki, etapa kritikoetan gaitasunak garatzeko, hala nola lehengaien erauzketan (Europa, eskura dituen baliabideengatik, desabantailarekin abiatzen da arlo horretan) edo baterien birziklatzean eta bigarren bizitzan (lehengaien defizit hori konpentsatzera zuzendutakoak, industriaren “zirkulartasunaren” bidez).

Horretarako, materialen erabilera zirkularra sustatuko duten estrategien eta ekintza-ildoen garapena bultzatu nahi da, Europak beste gune eta herrialdeekiko duen mendekotasuna murrizteko. Horrela, CIC energiGUNE eta Basquevolt modu lerrokatuan ari dira lanean, Eusko Jaurlaritzak 2020an onartutako “2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia” delakoan oinarrituta. Estrategia horrek EBk ezarritako helburu horiek lortzeko oinarriak finkatzen ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk