Europako Batzordeak Donostia / San Sebastián eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea hautatu ditu autobus automatizatuak probatzeko

Gipuzkoa

Europako Batzordeak, Zazpigarren Esparru Programaren bidez, Donostia / San Sebastián aukeratu du autobus automatizatuekin (gidaririk gabe) demostrazioak egiteko

BusEuropako zenbait hiri handiren ostean, hala nola Lausana (Suitza), Arroxela (Frantzia) eta Trikala (Grezia), Europako Batzordeak Donostia / San Sebastián hautatu du, hiru hilabetez, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parketik ibiliko den autobus automatizatua funtzionamenduan jartzeko. Ezaugarri horiek dituen lehen erakuslea izango da, nola Euskadin hala nazioan.

CityMobil 2 proiektu europarraren barruan kokatzen da aukeraketa, zeinaren helburua baita ibilgailu automatizatuak probatzea eta horien integrazioan sakontzea hiri-eremuan zein benetako ingurunean.

Novadays aholkularitzak eta Tecnalia Ikerketa Zentroak –proiektuaren aitzindariak estatuan– Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen hautagaitza bultzatu dute ekimena gauzatu ahal izateko. Parkea inguru berritzailea da, garraio-sistema aurreratua abiarazteko beharrezko baliabideez bikain hornitua dagoena. Halaber, eremu itxia denez, bideragarriagoa da ibilgailu automatizatuak ezarri eta funtzionamenduan jartzea.

Parkeak, bestalde, urteak daramatza mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromiso sendoarekin eta bertako instalazioetara egunero egiten diren joan-etorrien eraginkortasuna bilatzeko planak gauzatu ditu.

Donostiako Udalak babes irmoa eman dio esperientziari eta Parkeko bideak egokituko ditu autobus automatizatuak modu ezin hobean funtziona dezan. Udalbatza ekimenaren alde dago, bat egiten duelako berrikuntzarako jarraitu nahi dituen ildo estrategikoekin hiri-mugikortasunari eta garraio garbi eta jasangarriari dagokienez.

12 pertsonentzako ibilgailu automatizatu eta elektrikoa azken miliako garraio gisa erabiliko da. Hiriko garraio publikoa Parkeko enpresa eta zentroekin konektatuko duenez, zerbitzuak hobera egingo du; izan ere, gaur egun, esparruaren barruan ez da ibilbiderik eskaintzen. CityMobil 2 udaberrian helduko da Donostiara eta hiru hilabetez egongo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.

Partekatu

Beste berri batzuk