Europako Ikerketa Kontseiluak Euskadiri emandako bi laguntza berriek 4 milioi euro ekarriko dituzte

Albisteak, Bizkaia, Gipuzkoa

Ikerbasqueko bi ikertzailek ERC Consolidator laguntza ospetsua lortu dute: Marie Lallier, Basque Center on Cognition Brain and Language- koa (BCBL) eta Amaia Arranz Mendiguren, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentrokoa.

ERCk laguntza ematen die  ezagutzaren mugetan  arrisku handiko ikerketa  berritzaileak  garatzea  xede  duten  proiektuei.  Ikerketari zuzendutako mundu mailako laguntzarik garrantzitsuenetakoa da.

Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007an, Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, eta horretarako, laguntza ematen die ezagutzaren mugetan ikertzen jarraitu nahi duten edozein esparru eta nazionalitatetako ikertzailerik onenei. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigio handiko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenez geroztik, ERCk eragin nabarmena izan du Europako ikerketaren esparruan.

ERC Consolidator 2024 deialdiaren emaitzak jakin berri ditugu eta Euskadiko bi emakume ikertzaileek jaso dituzte laguntzak. Modalitate hau 7 eta 12 urte bitarteko esperientzia zientifikoa duten ikertzaile bikainei zuzenduta dago eta ezagutzaren mugan etorkizunik handiena duten ideiak finantzatzea helburu dauka.

Amaia Arranz Mendiguren Ramón y Cajal eta Ikerbasqueko ikertzailea da Achucarro Basque Center for Neuroscience- zentroan. 2 milioi euro jaso ditu, astrozitoek Alzheimerren gaixotasunari egindako ekarpena ulertzea helburu duen hASTROCURE asmo handiko proiektua garatzeko.

Alzheimerren gaixotasunaren patogenesia ez da erabat ulertu eta, orain arte, ez da sortu horretarako sendabiderik. Egungo helburu terapeutikoak ez dira nahikoak, eta ondorioz, behar-beharrezkoa da gaixotasun suntsitzaile hau tratatzeko bide eta mekanismo berriak identifikatzea. Orain arte, sagu-ereduek funtsezko informazioa eman dute gaixotasunari buruz, baina eredu horien mugapenak kontuan hartuta, gizakia oinarri duten ereduak erabili behar dira Alzheimerraren konplexutasuna ulertu ahal izateko. hASTROCURE proiektuak gaixotasun honi lotuta orain arte gutxi ikertu diren  astrozitoak  diziplina  anitzeko  ikuspegi  batetik  ikertzea  proposatzen  du, gaixotasun honi egiten dioten ekarpena argitu eta estrategia terapeutiko berriak zehaztu ahal izateko.

Marie Lallierr BCBL – Basque Center on Cognition Brain and Language zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak ERC Consolidator laguntzari esker, BIBALANCE garatzeko aukera izango du, 2 milioi euroko finantzaketa tarteko, elebitasun goiztiarrak dislexian garunaren erresilientzia areagotzeko duen ahalmena ulertu ahal izateko.

Proiektuak zehatz-mehatz aztertuko du txikitatik bi hizkuntza ikasteak garunaren antolamenduan duen eragina, irakurketarekin lotutako erronkak gainditzeko aukera erraztuz. Birbalantze hemisferikoaren kontzeptuaren bitartez, BIBALANCE proiektuak elebitasunaren esperientziak sare neuronalak berrantolatu eta dislexiari lotutako arrisku genetikoei aurre egiten lagun dezakeen konektibitate eraginkorragoa sortzeko duen gaitasuna ikertuko du. Ikerketa honek neuroirudi eta genetikako teknika aurreratuak erabiliko ditu 500 euskal haur elebidunengan.

Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Aurten, 321 proiektu finantzatu dira, 657 milioi euroko aurrekontua tarteko.

Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, “ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, bereziki han-hemenka dauden nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeak eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiak kontuan hartuta”.

Partekatu

Beste berri batzuk