Europako laguntza berriak berrikuntzarako: 3.000 milioi 2020ra arte
SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean bertatik bertara erakutsi da zertan aldatu diren EBko diru-laguntzak programa guztiak batzen dituen Berrikuntzaren Europako Kontseilu berria sortu denetik
Iosu Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, azpimarratu du laguntza emango zaiela “berrikuntza errotik desberdinak dakartzaten pertsona, startup eta enpresei”
Nobedadeetako bat da enpresek elkarrizketa bat egin beharko dutela Bruselan bost ebaluatzailerekin, proiektua onartua izan dadin
Datozen hiru urteetan, euskal enpresek berrikuntzarako 3.000 milioi euro inguruko laguntzak jaso ditzakete Europatik. SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak), Innobasque-k eta BEAZek antolatutako jardunaldi batean jendaurrean aurkeztu da Europako Berrikuntzaren Kontseilua (EIC), Europar Batasunak esparru horretako laguntza guztiak biltzeko sortu duen tresna berria. Aurreikuspenen arabera, hemendik eta 2020ra 1.000 proiektu inguru babestuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendari Iosu Madariagak ireki du jardunaldia eta esan du EICren helburua dela “Europako ETEei laguntzea tamaina handiagoa lor dezaten eta nazioartekotu daitezen”. “Laguntza emango zaie orain arteko produktu, zerbitzu edo negozio ereduetatik errotik desberdinak diren berrikuntzak dakartzaten berritzaile, startup eta enpresei”.
Madariagak aipatu du 2014tik 2016ra bitartean Euskadik 332 milioi euroko finantzaketa lortu duela Horizontea 2020 programaren bidez. Horizontea 2020 da ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa publiko handiena eta 80.000 milioi euroko aurrekontua du 2014-2020 epealdirako. Euskadiko 221 enpresak dagoeneko parte hartu dute programa horretan. Madariagak esan bezala, Euskadik lortutako finantzaketaren %84 hiru esparrutan kontzentratu da, alegia, fabrikazio aurreratuan, energian eta osasunean. Izan ere, hiru sektore horiexetan zentratzen da Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategia, espezializazio adimenduna baita Europar Batasunak bultzatu duen eredua, eskualdeek beren indar-gune diren sektoreak garatu ditzaten.