Europako MANUNET sareak, Eusko Jaurlaritzak zuzendu eta Innobasquek koordinatuak, 12 milioi ditu ete-en fabrikazio aurreratuan I+G proiektuak finantzeko

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Deialdi hau koordinatzen duen Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia laguntza hauek jasotzeko interesa duten euskal ETEei laguntzen ari da eskabideak izapidetzeko prozesu osoan; aurkezteko epea martxoaren 17an amaituko da

Manunet sareko kide den lurralderen bateko enpresa, unibertsitate edo ikerketa-zentroekiko lankidetzan gauzatu behar dira aurkezturiko proiektuak

2007an sortu zenetik, 111 euskal enpresak jaso dituzte Manunetek ematen dituen laguntzak; oraingo deialdian 250.000 eurorainokoak izan daitezke proiektu bakoitzeko

Manunet Europako sareak, herrialde eta eskualdeetako gobernuek osatuak, 12 milioi euroko beste deialdi bat egin berri du fabrikazio aurreratuarekin lotutako I+G proiektuak finantzatzeko. Europako sare honen liderra Eusko Jaurlaritza da eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du; honek, Euskadiko enpresa txiki eta ertainek finantzaketa hori errazago eskura dezaten, banakako aholkularitza eskainiko die konpainia interesdunei beren eskabideak izapidetzeko orduan. Industria 4.0ren esparruan berrikuntzaren bat ezartzeko asmoa duen edozein ETEk jo dezake Berrikuntzaren Euskal Agentziara, eta bertako teknikariek emango diete egin beharreko urratsen berri, baita formalizazioan lagundu ere. Martxoaren 17ra arte aurkez daitezke proiektuak, eta Manunet sareko lurraldeetako enpresa, unibertsitate edo ikerketa-zentroekiko lankidetzan gauzatu behar dira.

Manunet deialdiaren bidez, urtean 250.000 eurorainoko laguntzak eskaintzen zaizkie euskal enpresei arlo hauetan: fabrikaziorako ezagutzan, informazio- eta komunikazio-teknologietan oinarritutako ingeniaritza-proiektuak; ingurumen- eta energia-aplikazioetarako fabrikazio-teknologiak, baliabideen eraginkortasuna, birziklapena eta ekonomia zirkularra barne; egokitzapen-fabrikazioko teknologiak; fabrikaziorako material eta konposite berriak; fabrikaziorako metodo, osagai eta sistema berriak; gehikuntzazko fabrikazioa eta fabrikazio aurreratuarekin lotutako beste teknologia edo produktu batzuk.

Europako ekimen horietan parte hartuz, Euskadi Europako eskualde berritzaileenen artean kokatzen du Innobasquek, eta lan hori euskal enpresen nazioarteko lankidetzarako deialdi hauetan parte hartzea sustatuz osatzen da. Oraingo honetan, Agentziak ETEetan jartzen du arreta, hauek batzuetan gogo gutxi izaten baitute programa horietan interesatzeko aurretiko prestakuntza (proposamenak idaztea, dokumentazioa aurkeztea, bazkideak bilatzea…) eskatzen dutelako; horregatik, diru-laguntza horiek lortzeko dituzten benetako aukerak ezagutzera bultzatzen ditu eta eskaera-prozesuan lagundu egiten die.

Europan bazkideak bilatzea

Nazioz gaindiko programa denez, diru-laguntza horiek jaso ahal izateko, euskal ETEek aurkeztutako proiektuek beste enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuen parte-hartzea izan beharko dute, Manunet sareko bederatzi herrialde edo sei eskualdeetako bitakoak, gutxienez: Alemania, Espainia, Irlanda, Israel, Luxenburgo, Norvegia, Errumania, Errusia, Turkia, Valonia (Belgika), Overijsssel (Herbehereak), Asturias, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa.

Bilaketa horrek izan dezakeen konplexutasuna dela eta, Innobasquek, deialdiaren idazkaritza kudeatzen duenak, ez die deialdiaren edozein alderdiri buruzko informazioa soilik eskainiko enpresa txiki eta ertainei. Izan ere, gainerako herrialde eta eskualdeetako agentzia homologoekin harremanetan jartzeko aukera ere emango die ETEei, baita proiektuetako bakoitza gauzatzeko bazkide egokienak identifikatzeko tresnak ere.

Konpainiek martxoaren 17ra arteko epea izango dute beren proiektu-proposamenen laburpen txiki bat aurkezteko, beren ustez proiektua garatzeko egokienak izan daitezkeen Europako enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin elkarlanean. Proiektuak ebaluatu egingo dira, eta maiatzean jakinaraziko da proposamen osoak bidaltzeko fasera pasatuko diren edo ez proiektuak, eta baiezko kasuan, ekainaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira. Finantzaketa lortu duten proposamenen azken zerrenda urrian jakinaraziko du Manunetek.

Aurreko deialdietan, 283 proiektuk (horietako 111 euskal enpresek aurkeztuak) 268 milioi lortu dituzte guztira, Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programan integratutako ekimen honetatik. Izan ere, jarduera-eremu jakin batean (fabrikazio aurreratua) lehentasun berberak dituzten hainbat herrialdetako eskualdeen arteko sinergiak sortzean, Ikerketa eta Berrikuntzako Espezializazio Adimenduneko Estrategia (RIS3) nazioartekotzeko tresnaren adibidetzat jotzen du sare hori Europako Batzordeak.

Partekatu

Beste berri batzuk