Europar Batasuneko 21 herrialdetako Espainiako enbaxadoreek Viralgen bisitatu dute

Albisteak, Gipuzkoa

Europako Batasuneko 21 herrialdetako Espainiako enbaxadoreek Viralgen bisitatu dute; terapia genikorako bektore biriko adenoasoziatuak (AAV) ekoizten dituen Espainiako lehen enpresa espezializatua da, eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza

Konpainia horren inguruan nazioarteko interes handia dago, berrikuntzako eta abangoardiako erreferente bilakatu baita, eta munduan terapia genikoari bultzada erabakigarria ematen ari baitzaio; eragin nabarmena izaten ari da jatorri monogenikoko gaixotasunak jasaten dituzten pazienteen bizi-kalitatean.

Aldi berean, ezagutza eta pazientea erdigune dituen negozio-ereduak ikuspegi berria ekartzen dio enpresa-garapenari, zeinak osasun-, lan-, hezkuntza- eta gizarte-eremuan baitu eragina. Era berean, Gipuzkoan ekosistema bioteknologikoa sustatu du, eta talentua erakartzeko eta sektorea garatzeko munduko polo bilakatu da.

Enbaxadoreek Viralgenen instalazio eta laborategietatik egin dute bisita, konpainian egiten den lana aurrez aurre ezagutzeko. Javier García CEOarekin eta bere zuzendaritza-taldearekin ere batu dira.

Robert Krmelj Esloveniak Espainian duen enbaxadorea izan da enbaxadoreen eta negozio-arduradunen ordezkaritzaren buru. Mikel Antón Zarragoitia Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietako zuzendaria izan da ordezkaritzako kideei laguntzeko arduraduna. Gainera, María de los Ángeles Benítez Europako Batzordeak Espainian duen ordezkaritzaren zuzendaria eta Amaia Bernarás Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko kudeatzailea ere izan dira. Pedro Esnaola Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea ere izan da, Esloveniako ohorezko kontsula Donostian.

Ordezkaritza Austria, Eslovakia, Finlandia, Danimarka, Alemania, Kroazia, Polonia, Estonia, Holanda, Suedia, Grezia, Portugal, Malta, Lituania, Txipre, Letonia, Bulgaria, Hungaria, Luxenburgo eta Irlandako enbaxadoreek eta Europako Batzordeak Madrilen duen ordezkaritzak osatzen dute. Instalazioetara bisita egiteaz gainera, enbaxadoreek topaketa bat izan dute konpainiako zuzendaritza-taldearekin, eta, hartan, zenbait gai landu dituzte, besteak beste: berrikuntzak Europan biozientzien eremuan duen garrantzia eta Viralgen eta Gipuzkoan sortutako ekosistema nola izan daitezkeen Europar Batasuneko beste eskualde batzuetarako eredugarri.

Javier Garcíak eskerrak eman dizkie guztiei bisitagatik, eta nabarmendu du zer garrantzitsua den Europar Batasunak kontzientzia hartzea eta garrantzia ematea terapia aurreratuei, Europako etorkizuneko ongizatearen elementu nagusi eta Europan industria- eta ekonomia-garapeneko eragile gisa.

Bestalde, Robert Krmelj-ek esan du Viralgeneko bisita oso interesgarria iruditu zaiola: «aurrerapenaren eta berrikuntzaren erakusgarri, ez soilik Euskadirako, baita Europako eta nazioarteko ingurune osorako ere».

Partekatu

Beste berri batzuk