Euskadi espezializazio adimendunaren estrategietara xedatzearen eta I+G+b industriara transferitzearen aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzak

Bizkaia

  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SARETEK Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen (ZTES) eguneratze-prozesua abiarazi du.
  • Tapia Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia komisario Máire Geoghegan-Quinn andrearekin elkartuko da Bruselan, datorren apirilaren 22an.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak prentsaurrekoa egin du gaur goizean, Euskadin ezarri beharreko Lehiakortasun Estrategiaren oinarriak finkatu ahal izateko bere sailak egin dituen urratsak aurkezteko.

Prentsaurrekoan -bertan parte hartu dute, halaber, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernaez andreak eta Teknologia eta Estrategiako zuzendari Leyre Bilbao andreak-, Tapiak ZTES osatzen duten agente guztiekin izandako bileren prozesua azaldu du (Tecnalia, Ik4 eta IKZak), agente guztiek beren misioa eta ekintza optimizatu ahal izateko estrategia bat partekatuz. Era berean, diagnostiko hori Innobasque, Orkestra eta Euskalit zentroekin egiaztatu da, horiek ere partaidetza aktiboa baitute estrategia berri horren ezarpenari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Euskadiko errealitatearen I+G+b arloko sendotasunak eta hobekuntza-puntuak zehazten dituen diagnostiko bat igorri die ZTES sareko agente guztiei; sailburuaren arabera, diagnostiko hori «bat dator Europar Batasunetik iristen zaizkigun gomendioekin eta txostenekin».

«Azken hamarkada hauetan I+G+b-aren aldeko apustu garbia egin ostean, Euskadik oso “arkitektura” interesgarria du gaur egun, Europan behin eta berriz goraipatu dena. Gure politiken orientazioan salto kualitatibo bat egiteko momentua iritsi da, eskualdeko berrikuntzaren eredu gisa Euskadik Europan duen kokapena are gehiago indartzeko. Baita Euskadi Espezializazio Adimendunaren Estrategian kokatzeko ere».

Jarduteko lehentasunak, I+G-b arloko diagnostikoa kontuan hartuta:

1. Gure gaitasunetan oinarritutako dibertsifikazio/espezializazioa aintzat hartuko duen lehiakortasun-politika bat garatzea.

2. ZTBES sarea eguneratzea. Sailaren ekintzarekin loturik dauden agenteekin abiaraziko dugu lana.

3. I+G+b arloko emaitzak industriara (industria-proiektuetara) igortzeko orduan eraginkortasuna irabaztea.

4. I+G+b arloko laguntzetara xedaturiko erreminten eraginkortasuna eguneratzea.

ZTBES sistemaren balioa eta sendotasuna

Bi milioi biztanle baino zertxobait gehiago izanda ere, bi korporazio teknologiko garrantzitsu ditugu (Tecnalia eta IK4); horiek 3.000 ikerlariri baino gehiagori ematen diete lana (estatu espainiarreko industria-ikerketaren output osoaren % 40), eta 14.900 langiletik gora eta 430 enpresa barne hartzen dituzten lau parke teknologiko dituzte. Horiei Ikerketa Kooperatiboko Zentroen sarea eta agente kualitatiboak gehitu behar zaizkie, Innobasque, Orkestra eta Euskalit, adibidez.

ZTBES sarearen eraginkortasuna handitzeko ekintzak

– SARETEKeko agente guztiek industria-politikaren zerbitzura gauzatzen duten MISIOA berrikusi eta, hala badagokio, eguneratzea, eta ikerketarako funts publikoen itzulkin gehiago lortzea.

– SARETEKeko agenteak HOMOLOGATZEA (profesionalen kategoria, kudeaketarako erremintak eta emaitzak aintzat hartuta). Horretarako, ZTBES sareko agente guztiei eskatzen zaizkien Europako irizpideak/baldintzak hartuko dira kontuan.

– Euskadiko I+G+b arloko MAPA DEFINITZEA; bertan, agenteak behar bezala irudikatuko dira eta finantzaketa-bideak agente bakoitzaren misiora egokituko dira.

– Ikerketa-funtsen erabilera eta inpaktua EBALUATZEA, merkatuaren jarraipen teknikoa eta ekonomikoa eginez.

– Ziurtapen-jarduerak eta entseguak, nahiz beste mota bateko jarduera ekonomikoak, ikerketa-erakunde desberdinen I+G+b arloko jardueretatik BEREIZTEA.

– Ikerketa-funtsak emaitza arrakastatsuagoak aurreikusten dituzten ikerketa aplikatuko estrategietara BIDERATZEA (S3 estrategia), ikerketa-funtsak herrialdearen lehiakortasuna hobetzera xedatu daitezen.

– SARETEKeko agenteen misioa, adierazleak eta helburuak 4-8 urtero BERRIKUSTEA ETA EGUNERATZEA.

Baliabideen ebaluazio-sistema, Europako parametroen bitartez

I+G+b politiken garapenera xedaturiko baliabide publikoei dagokienez, Tapia sailburuak horien eraginkortasuna hobetzeko moduan garela jakinarazi du.

Horretarako, I+G+b programen monitorizazio-sistema bat garatzen ari dira, irizpide homologagarrietan oinarritzen den eta Europako parametroek betetzen dituen neurketa bat egin ahal izateko.

Bilera berrikuntza-komisarioarekin

Arantza Tapia sailburua Europar Batasuneko Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia komisarioa den Máire Geoghegan-Quinn andrearekin bilduko da apirilaren 22an.

Bilera horrek Euskadiko I+G+b arloko diagnostikoa Europar Batasunekoarekin alderatzeko balioko du, baita SARETEKeko agenteekin abiarazitako eguneratze-prozesuaren berri emateko ere.

“S3”- Espezializazio Adimendunaren Estrategiak.

Ekainerako, Euskadik Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren bere proposamena aurkeztuko dio Europar Batasunari; izan ere, Estrategia horretara xedatuko ditu Lehiakortasun Plana osatuko duten I+G+b arloko finantzaketa-erreminta nagusiak.

Partekatu

Beste berri batzuk