Euskadi eta Bavaria industria arloan lankidetzan hasi dira gaur Munichen
Bi gobernuek enpresagintzaren eta teknologiaren esparruko eragile pribatuak engaiatu dituzte gaur Munichen egin duten Mahai tekniko-instituzionalean. Digitalizazioa Euskadirako eta klusterren politika Bavariarako: horra hor zertan hobetzeko eskaini dioten elkarri laguntza. 2016 urtean, bi ekitaldi egingo dituzte, Bavarian bata, Euskadin bestea, bi lurraldeotara inbertsioak erakartzeko xedez.
Euskadiko ordezkaritza bat Munichera bidaiatu da, Arantxa Tapia sailburua buruan, industriaren eta teknologiaren alorretan bi lurraldeotako erakunde eta eragile ekonomikoen arteko lankidetza-estrategia bat abiarazteko.
Gaurko jardunaldian finkatutako lankidetza-oinarriak iragan 2014ko uztailean Eusko Jaurlaritzaren eta Bavariako Gobernuaren artean sinatutako elkar ulertzeko memorandumaren baitan kokatzekoak dira. Akordio horretan lankidetzarako hainbat esparru aurreikusten ziren eta bi gobernuok esparru horietan eskudundutako sailen buruek –alegia, Arantxa Tapia sailburuak eta Bavariako estatu federatuaren Ekonomia eta Hedabideetako, Energiako eta Teknologiako ministroak, Ilse Aignerrek– horiek kontrastatu eta berretsi dituzte.
Europan, erregioen arteko lankidetza izatea industriaren lehiakortasunetik tira egiten duena, gauza handia dela azpimarratu du Tapiak.
Bi mandatariak izan dira Mahai Tekniko-Instituzionalaren osaeraren buru, eta ekonomiaren, industriaren eta teknologiaren esparruko hainbat eragile bildu dituzte bertara, hala Euskadikoak nola Bavariakoak. Hain zuzen, Euskadiko Ganberen, Confebasken, Tecnalia eta IK4 aliantza teknologikoen eta ACICAE, GAIA, AFM eta HEGAN klusterren ordezkariak izan dira mahaikide. Bavariaren aldetik, euskal aldean aipatutako eragile taldearen homologo batzuek hartu dute parte.