Euskadi, tabako-kerik gabeko gunea
“Sareak sortuz egiten dugu aurrera” izenburupean, Euskadi tabako-kerik gabeko II. jardunaldia egin da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko auditoriumean. Osasun publikoko profesional, tokiko erakunde, sozietate zientifiko eta hainbat elkargo profesionaletako ordezkariak bildu dira bertan, tabakoarekin loturiko esku-hartzearen ildo berriak jorratzeko
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsorok ireki du Euskadi tabako-kerik gabeko
II. jardunaldia, Gipuzkoako Parkean. Osakidetzako profesional ugari, erakunde publiko, sozietate zientifiko, elkargo profesional eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako ordezkariak bertaratu dira.
Tabakismoaren epidemia murrizteko asmoz OMEk ezarritako MPOWER neurrien planaren barruan kokatzen da “Euskadi tabako-kerik gabe” programa. Izan ere, munduan tabako-kearen eraginpean pertsonarik ez egotea da OMEren xedea. Osasun Sailak eta Osakidetzak, bestalde, eragin sinergikoa duten politika integratuak sustatzea planteatzen dute.
Osakidetzako eta Osasun Publikoko Zuzendaritzako osasun-langileentzat eta tokiko erakundeentzat antolatu den ekitaldian, besteak beste, “Euskadi tabako-kerik gabe” proiektuaren esparruan gauzatzen ari diren jardueren berri eman da, Osakidetzako profesionalek tabakismoaren alorrean izandako esku-hartzea babestu eta tabakismoa norbanakoen zein gizartearen arazoa dela aitortu.
Jardunaldiari hasiera emateko, “Osasun-erakundeetatik tabakismoari heltzea: ona, polita eta merkea” konferentzia eman du Esteve Fernández Muñoz doktoreak. Kerik Gabeko Ospitaleen Kataluniako Sareko koordinatzailea eta OMEren zentro kolaboratzailea den Institut Català d’Oncologia institutuko zuzendaria ere bada Fernández Muñoz.
Ondoren, “Euskadi tabako-kerik gabe” proiektua hedatzeko gauzatzen ari diren esku-hartzeen ildo berriak aurkezteaz gain, Osakidetzako sarea osatzen duten erakundeek antolatutako ekintzak ezagutarazi dira, eta guztiok xede berbera lortzeko indarrak batzearen eta helburuak partekatzearen garrantzia azpimarratu da.
Ekitaldiari amaiera emateko, Osakidetzako zuzendari nagusi Mª Jesús Múgica Anduagak Kerik gabeko Erakunde Sanitarioetako Euskal Sareko ziurtagiriak banatu ditu.