Euskadiko LHk DBHko 200 ikasle bilduko ditu Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, haiengan teknologiarekiko eta zientziarekiko interesa pizteko

Bizkaia

  • Hetel eta Ikaslan elkarteek, Euskadiko LHko itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen sarearen ordezkariek, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera, Esperientziaren I. Foroa antolatu dute, Euskadiko Lanbide Heziketak dituen aukerak azaltzeko eta enpresen errealitatearen berri emateko
  • Zuzen-zuzeneko testigantzak egongo dira, eta bisitak egingo dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko enpresetara
  •  Inaugurazioa datorren ostegunean izango da, 10:00etan, Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria eta  Cristina Andres Parkeko Berrikuntzako zuzendaria buru direla

ImprimirMartxoaren 9an, osteguna, Hetel eta Ikaslan elkarteek, Euskadiko LHko itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen sarearen ordezkariek, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera, DBHko 4. Mailako 200 ikasle bilduko dituzte Esperientziaren I. Foroan, haiengan teknologiarekiko interesa pizteko, teknologia haientzat erakargarria izan dadin, eta Lanbide Heziketa enplegagarritasun-maila handiko lan aukera gisa sustatzeko, batik bat industriarekin lortutako adarretan. Ekimen horri esker, gazteek Parkeko enpresen errealitateak ezagutuko dituzte, eta ikusiko dute zein diren gehien behar diren profilak, zer jarrera behar diren eta zer erronka aurkituko dituzten, ahalik eta prestakuntzarik osoena lortzeko.

Zientziarako bokazioak falta dira euskal gazteen artean. Eta gabezia hori oso kezkagarria da Euskadiko industriaren etorkizunera begira, eta bai ugazaben elkarteek bai Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan mahai gaineratu dute. Euskadiko Lanbide Heziketak arazo hori desagerrarazi nahi du, edo, behintzat, txikiagotu, euskal industrian teknikari kualifikatuak behar direla ahaztu gabe.

Jardunaldia

Hain zuzen, DBHko 4. mailako 200 ikasle, 15 eta 16 urtekoak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera joango dira martxoaren 9an. 10:00etan, hasiera emango zaio jardunaldiari, Parkeko entzunaretoan, Parkearen eta hango enpresen jarduerari buruzko azalpen laburra emanez. Cristina Andres Parkeko Berrikuntzako zuzendariak eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako LH eta Ikaskuntzako zuzendariak inauguratuko dute Foroa. Inaugurazioa egin eta gero, mahai inguru bat egingo da. Hartan, lau ikaslek —Lanbide Heziketako zikloa amaitu dutenek edo oraindik etapa horretan daudenek— zer prestakuntza eta lan esperientzia izan duten azalduko dute, eta nola erabaki zuten LH ikastea edo, zenbait kasutan, nola sortu duten euren enpresa.

11:00etatik aurrera, bisitak egingo dira Parkeko zenbait enpresatara, hala nola Tecnalia, Ingemat, Gestamp, BIC Bizkaia, Gaiker-IK4, Ingeteam, BTEK eta Neiker enpresetara. Ikasle bakoitza bi enpresatan egongo da, nola funtzionatzen duten eta zer behar profesional dituzten zuzen-zuzenean jakiteko. Horrenbestez, enpresa teknologikoetako zenbait lan ingurune ezagutuko dituzte, eta imajinatuko dute etorkizun hurbilean beraiek azaldu beharko dietela beste gazte batzuei zeinen dibertigarria eta zoragarria den euren lan teknologikoa.

 

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk