Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea “CEX 2020 Saria”ren finalista, garapen jasangarrirako helburuak integratzeagatik
Parkeen Sarea, Somorrostro prestakuntza-zentroarekin batera, pasa den martxoan, Euskadiren ordezkari izateko hautagai gisa hautatu zuten
Bi erakundeak beren proposamena datorren urriaren 2an aurkeztuko duten bost finalisten artean daude
Finalisten zerrenda Valentziako Erkidegoko, Balear Uharteetako eta Aragoiko beste 3 erakundek eratzen dute
Sarea, gaur egun, Nazio Batuei ingurumen-, politika- eta ekonomia-erronkei aurre egiteko ezarritako garapen jasangarrirako 17 helburuetako 14ren inguruan ari da lanean
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea eta Somorrostro prestakuntza-zentroa (Muzkiz-Bizkaia) “CEX 2020 Saria”ren 5 finalisten artean hautatu dituzte, garapen jasangarrirako helburuen integrazioagatik.
Pasa den martxoan, bi erakundeak hautatu zituen epaimahaiak, Jardunbide Egokien XVII. Topaketan, Euskadi ordezkatzeko; topaketa Euskalitek antolatu du. Hautagai guztiak aurkeztu ondoren, “CEX 2020 Saria”ren epaimahaiak bi erakundeak hautatu ditu eta, Valentziako Erkidegoko, Balear Uharteetako eta Aragoiko 3 ordezkariekin batera, beren proiektuak aurkeztuko dituzte datorren urriaren 2an (online formatuan), eta, ondoren, erakunde irabazlea ezagutuko da.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea Euskadi ordezkatzeko hautagai gisa hautatu zen; izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parkeetan garapen jasangarrirako helburuak integratzeko jardunbide egokia egiaztatu zen. Horrek aukera eman dio sareari berari jauzi kualitatiboa emateko eguneroko kudeaketan, emaitza eta proposamen neurgarriekin eta esanguratsuekin.
Garapen jasangarrirako helburuak 2012ko Río de Janeiroko Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Konferentzian prestatu ziren, eta, haien bidez, herrialde guztiak ohartarazi nahi dira munduko helburu batzuk ezartzeko, 17 guztira, ingurumen-, politika- eta ekonomia-erronkei hertsiki lotuak.
Testuinguru horretan, Euskadiko Parkeen Sareak lehentasuna eman die garapen jasangarrirako helburuei bere antolamenduan, eta bere estrategiaren erdigunean jarri ditu eta Nazio Batuek ezarritako 17 helburuetako 14 betetzen lagundu du.