Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bat egin du “Emakume eta neska zientzialariak” kanpainarekin
Otsailaren 11n “Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna” dela eta, Parke Teknologikoen Sareak bat egin du efemeride horretako hainbat ekimenekin, bere konpromisoari eutsiz, zientzian emakume eta neskek duten sarbidea eta parte-hartze osoa eta ekitatiboa lortzeko helburuarekin
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea lanean ari da zientzia eta teknologiaren arloetan diharduten emakumeen eginkizuna sustatu eta zabaltzeko. Zehazki, helburu horiek lortzeko hainbat ekintza jasotzen ditu Sarearen Plan Estrategikoak: Berdintasunerako lantaldea urteko helburuen planarekin, Inspira Manifestuaren sinadura, Parke Sareko zientzia eta teknologiaren esparruan emakume profesionalak ikusarazteko ekintzak edo Emakundek sustatutako “Berdintasunaren Aldeko Foroan” parte hartzea.
2021 urterako, COVID-19k eragindako murrizketak hortxe dauden arren, Sareak honako ekimen hauek abiarazi edo horietan parte hartzen du:
Arabak emakumeen bokazioak bultzatzen ditu zientzian eta teknologian
Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak konpromisoa berritu dute INSPIRA STEAM programarekin. Programaren helburua da neskek ikasketa zientifiko-teknologikoak egitea, mentoring saioak antolatuz ikastetxeetan, esparru horietan lan egiten duten emakume-erreferenteen eskutik. Aurreikusitako ekintzek ikastetxeei, familiei, enpresa-sareari eta gizarte osoari zuzendutako hedapen-ekimenak barne hartzen dituzte.
Zientzia bada nesken kontua
Otsailaren 11 ospatzeko, Parke Sareak Emakumeak Zientzian 2021ekin kolaboratzen du. Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE, CFM Materialen Fisika Zentroa (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, CEIT, Polymat eta Elhuyar, UPV/EHU Informatika-Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak indarrak batu ditu guztiontzako den egitarau osoa aurkezteko. Helburua da emakumeek zientzian egiten duten lana ikustaraztea, jarduera zientifiko-teknikoei esleitutako rol maskulinoak haustea eta neskak diren haur eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzea. Emakumeak Zientzian 2021ek ondorengoen babesa du: Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Sustapen, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioa (FECYT) eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea.
Sare sozialetan eta webgunean zabaltzeko kanpaina
Laugarren urtez, Parkeen Sareak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parkeetako enpresa eta zentro teknologikoetan lan egiten duten emakume zientzialariak ikusarazteko kanpaina abiarazi zuen hilaren 8an. Kanpaina honek hasieratik izan duen arrakasta dela eta, Parke Sarearen webguneak atal berezia du kanpainan parte hartzen duten edo parte hartu duten profilak aurkitzeko.
Lankidetza ikastetxeekin
Politeknika Txorierri eta Gernika BHI zentroek Parke Sareko emakume zientzialarien erakusketara hurbildu nahi izan dituzte ikasleak. Zientzian historia egin duten emakumeak eta lan zientifiko garrantzitsua egiten duten egungo emakumeak ezagutarazteko erakusketa ibiltaria da. Erakusketaren helburua da emakume horien iragana eta oraina testuinguruan jartzea eta dagokien tokia ematea.