EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOEN SAREAK EMAKUMEEK ETA NESKEK ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN EREMUAN BETETZEN DUTEN LEKUA BULTZATZEN DU

Bat egingo du Gaur ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak buru belarri bultzatzen du emakumeek eta neskek zientziaren eta teknologiaren eremuan betetzen duten lekua. Sareak konpromiso sozial handia du, eta bokazio zientifikoak sustatzen ditu, gazteen eta emakumeen artean batez ere.

Sarearen jarduera 3 ardatzen inguruan egituratzen da: haztea, laguntzea eta eragina izatea. Plan Estrategikoan 8 ildo estrategiko ezartzen dira, eta horiek 18 ekimenen eta 60 ekintza zehatz baino gehiagoren bitartez gauzatzen ari dira 2024ra arte.

Sarea gizartera are gehiago hurbildu nahi duen ardatzaren barruan, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bat egingo du gaur, otsailak 11, Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen duen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatu zuen egun hau, emakumeek komunitate zientifikoan eta teknologian betetzen duten funtsezko lekua aintzatesteko. Sareak konpromiso sozial handia du, eta emakumeak zientzian eta teknologian duen lekua zabaltzen eta bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen laguntzen du bere eguneroko jardueran. 2021-2024 aldian 6.000 ikasle gaztek baino gehiagok hartuko dute parte bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzeko ekimenetan.

Gaur egun, 7.500 emakumek egiten dute lan Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duen ekosisteman, eta sarea osatzen duten pertsona guztien ia % 40a dira.

Neskengan bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko ahaleginean, Sareak lehen hezkuntzako ikasleekin talde-mentoring-aren teknika erabiltzen duen lehen programan hartzen du parte, neskengan STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika ingelesezko siglak) lanbideekiko interesa sustatzeko.

Azken edizioan, 2020-2021ean, programak 126 mentore izan zituen, eta horietatik 55, guztizkoaren % 44, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko enpresetatik zetozen.