Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta EDE Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute EMAKTIVA plana sustatzeko
Bi erakundeetako arduradun gorenek izenpetu duten lankidetza-hitzarmenari esker, elkarrekin jardun ahal izango dira gizarte bidezkoago, solidarioago eta berdintsuagoa lortzeko, Emaktiva programaren esparruan
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta EDE Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute; eta, hemendik aurrera, elkarrekin arituko dira Emaktiva Programan. EDE Fundazioak eta SUSPERGINTZA Elkarteak kudeatutako programak Europako Gizarte Funtsaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lanbideren kofinantzaketa jasotzen du, eta Parkeen Sareak parte-hartze aktiboa du bertan.
Enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea helburu duten ibilbideak garatzen dira programan, gizarte-egoera ahuletan dauden edo indarkeria sexista pairatu duten emakumeen beharren arabera. Bestalde, laneko bitartekotza eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatuko dira gizartearekiko konpromiso sendoa duten enpresekin.
Euskadiko Parke Teknologikoen Saretik hartutako konpromisoari esker, besteak beste, programaren boluntariotza korporatiboko ekintzak bultzatu, babestu eta hedatu gura dira, Sareko enpresa eta erakundeetan zabaldu ahal izan daitezen. Era berean, Sareak antolatzen dituen prestakuntza-jardueretan ere parte hartu ahal izango dute EMAKTIVAko hautagaiek.
Hala, izenpetutako hitzarmenaren bidez, Euskadiko Parkeen Sareak 2017-2020 epealdirako zehaztu duen Plan Estrategikoan jasotako konpromisoak lantzen jarraitzen du; bereziki, eraldaketari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeari dagokionez, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betez.