Euskal enpresa pribatuetako administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia % 19ra mugatzen da, eta % 24k bakarrik betetzen dituzte zuzendaritza-postuak

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Konpromisoa

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen (AED) azterketaren arabera, gaur egun euskal enpresen % 9 baino ez dituzte zuzentzen emakumeek

Sailburu Arantxa Tapiak eta bere taldeak ehun bat emakume bildu dituen ekitaldian parte hartu dute, Zamudion, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta

Tapia: “Gure herrialdean, non ekonomiaren motorra industria den, biztanleriaren erdia motor industrial horren erabaki-organoetan jartzera behartuta gaude”

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED) SPRI Taldearen laguntzarekin egin duen azterketa batek 50 langile edo gehiago dituzten Euskadiko zenbait sektore ekonomikotako 1.000 enpresa pribatu baino gehiago analizatu ditu. Azterketa horren emaitzaren arabera, administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia % 19ra mugatzen da, eta % 24k bakarrik betetzen dituzte zuzendaritza-postuak.

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, aurkezpenean parte hartu du, eta honakoa azpimarratu du: “Ekonomiaren motorra industria den gure herrialdean, ezin dugu luxu hori onartu. Izan ere, biztanleriaren erdia motor industrial horren erabaki-organoetan jartzera behartuta gaude”.

Joan den azaroan egindako azterketak adierazten duenez, emakumeek oraindik ere ehuneko txikia ordezkatzen dute Euskadiko enpresetako zuzendaritza-karguetan eta administrazio-kontseiluetan. Zehazki, profil hori duten enpresetako administrazio-kontseiluetan esertzen diren bostetik bat besterik ez da emakumea (% 19):

  • Enpresa txikietan (100 langile baino gutxiago), % 17koa da emaitza.
  • Enpresa ertainetan (250 langile arteko konpainiak), % 18koa da proportzioa.
  • Enpresa handienek (250 langile baino gehiago) batezbestekoa igotzen dute, horien administrazio-kontseiluetan % 22 emakumeak dira-eta.

Kontseilu horietako lehendakaritzari dagokionez, emakumeen batezbestekoa % 13ra jaisten da:

  • % 15 enpresa txikienetan (100 langile baino gutxiago)
  • % 11 tamaina ertaineko enpresetan (250 langile arte)
  • % 9 enpresa handienetan (250 langile baino gehiago)

Sektoreka, kontseiluetako emakumeen presentzia honako hau da:

  • Hezkuntza, % 31
  • Merkataritza eta enpresa-zerbitzuak, % 22
  • Eraikuntza, % 19
  • Garraioak, % 17
  • Industria, % 15

Kontseiluetan emakumezko lehendakari gehien dituen sektorea eraikuntzarena da (% 25), eta horren atzetik datoz enpresa-zerbitzuak (% 19), merkataritza (% 9) eta industria (% 7).

Bost zuzendaritik bat emakumea

50 langile baino gehiagoko euskal enpresetan zuzendaritza-postu bat betetzen duten emakumeen ehunekoa ere islatu du azterketak. Aztertutako 4.500 zuzendaritza-kargu baino gehiagotatik, % 24 besterik ez dagozkie emakumeek betetzen dituzten postuei. Zehazki, CEO edo zuzendaritza nagusiarenak % 9raino jaisten du datu hori.

Lan motaren arabera, gorabehera handia erakusten dute zifrek. Zehazki, zuzendaritza-postu batean emakume gehien dituztenak honako hauek dira:

  • Publizitate-zuzendaritza (% 47)
  • Giza baliabideen zuzendaritza (% 44)
  • Marketineko eta kalitateko zuzendaritza (% 34)
  • Finantza-zuzendaritza (% 33)
  • Erosketa-zuzendaritza (% 32)
  • Inportazio-zuzendaritza (% 21)
  • Esportazio-zuzendaritza (% 18)
  • Informatika-zuzendaritza (% 15)
  • Merkataritza-zuzendaritza (% 14)
  • I+G zuzendaritza (% 13)
  • Zuzendaritza teknikoa (% 9)
  • Kudeatzailetza (% 6)
  • Produkzio-zuzendaritza (% 5)

Azterketa horretan ez dira sartu administrazioak eta enpresa publikoak eta kooperatibak.

AEDk azpimarratzen du “behar-beharrezkoa dela enpresetan emakumeen lidergoa bultzatzea”; izan ere, “biztanleriaren % 51ren —emakumeak— enpresa-talentu potentziala alferrik galtzea ezin da ekonomikoki arrazionala izan Euskadiko enpresa guztietan”.

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak nabarmendu duenez, emakumea enpresa-munduan gero eta gehiago sartzea “ez dator bat erabaki-postuetako emakumeen presentziaren hazkundearekin”. Horregatik eskatzen du “ahalegin gehigarria” egin dadila.

AEDk badaki berdintasuna sustatzeko legeak eta politikak egin direla eta horrek egoera hobetzen lagundu duela, “baina ez da iristen legeak ezarritako ordezkagarritasun-kuotetara”. Txostenaren sarreran esaten denez, “emakumeek oztopoak gainditu behar dituzte beren lanbide-karreretan aurrera egiteko eta goi-zuzendaritzako postuetara edo erabaki-postuetara iristeko”.

Azterketa horrek aukera ematen du “datuen trazabilitatea ezagutzeko”, “urte hauetan egindako ekintzak analizatzeko” eta “euskal enpresen erabaki-organoetan dagoen genero-aniztasunaren egungo argazkia lortzeko”. Azken batean, “enpresetan emakumeen presentzia sustatzen jarraitzeko premia” nabarmentzen du.

Emakumezko enpresariekiko topaketa

Emaitza horiek guztiak eman dira ezagutzera Zamudion egin den emakumezko enpresarien topaketan.

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakari Isabel Iturbe arduratu da azterketaren emaitzak ehun bat emakumeren aurrean aurkezteaz. Bertan izan dira sailburu Arantxa Tapia, 4 sailburuordetzetako kideak eta saila osatzen duten emakumezko zuzendari guztiak.

Topaketan mahai-ingurua egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumezko zuzendariek. Bertan izan dira Nuria Huidobro, Huiplax, Huidobro plásticos enpresako kudeatzailea; Amaia Acha-Orbea, Meteo for Energy enpresako CEOa; Kontxi San Juan, Viralgen enpresako zuzendaria; eta Maria Aburto, Segase enpresako zuzendaria eta AEDko bazkidea. Parkeen Sareko kudeatzaile eta AMPEAko idazkari nagusi Miren Bilbaok moderatu du emakumezko lau zuzendarien parte-hartzea.

Partekatu

Beste berri batzuk