Euskal enpresak zibererasoen aurrean babes-posizio hobean kokatuko dituen proiektuan laguntzen ari da Ceit zentroa
Euskal Industriaren zibererasoekiko erresilientzia hobetzeko asmoz sortu da SENDAI proiektua, eta, bide batez, Industriako Zibersegurtasunari buruzko ezagutza-basea indartu nahi da
Proiektu hau Elkartek 2019 programan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailaren finantziazioa du eta Basque CyberSecurity Center-en (BCSC) estrategiarekin bat dator.
SENDAIk (SEgurtasun iNtegrala inDustria AdImentsurako) Euskadiko zibersegurtasuneko bederatzi ikerlariak biltzen ditu: TECNALIA (liderra), IKERLAN, Vicomtech, BCAM, Ceit, Mondragon Unibertsitatea, Tecnun, EHU eta Deustuko Unibertsitatea.
Basque Cybersecurity Centre-ko zuzendari Javier Diéguezek berriki emandako datuen arabera, euskal industriak identifikatutako bi ahultasun daude: profesionalak profil egokiekin gaitzea eta trebatzea, eta zibersegurtasunarekin lotutako arriskuak arintzen dituzten teknologia egokiak izatea.
Era berean, zenbait txostenek azpimarratzen dute EAEko gertakaririk ohikoena zibergaizkileek kontrolatutako ordenagailu infektatuen sareek eragiten dutela, spama masiboki bidaltzeko, mezu maltzurrak bidaltzeko edo bestelako zibererasoak edo iruzurrak egiteko. Konpainiek jasaten dituzten beste eraso batzuk phishing-arekin, informazioa lapurtzeko edo Interneteko eragiketak eteteko nortasun-ordezpenarekin lotuta daude. Eraso bat gertatu eta detektatu arteko batez besteko denbora 9 hilabetekoa dela kalkulatzen da, eta zibererasoen %43k ETEei eragiten diela.
Goian azaldu dugun testuinguruan ekingo dio Sendai proiektuak bere jarduerari, SEKUTEK eta CYBERPREST proiektuek ekin zioten bideari eutsi nahi baitio, eta Zibersegurtasunerako Basque Digital Innovation Hub (BDIH) Nodoaren laborategietan (edo proiektuarekin bat egin dezaketen bestelako laborategietan) teknologia garatzeaz gain, Zibersegurtasunerako Euskal Industria garatzeko helburuz abiatuko da.
Enpresen arazoei zuzenean erantzungo dien produktu eta zerbitzuak garatzeko asmoz dihardu Ceit zentroak Sendai proiektuan, baina, aldi berean, OT eta IoT inguruneetan zibersegurtasunari buruzko ezagutza ere sortu nahi du, Blockchain edo Adimen Artifiziala bezalako punta-puntako teknologiaren laguntzaz.