Euskal enpresek dagoeneko eskuratu ditzakete SPRIren 2015eko lehenengo laguntzak
Euskal enpresek dagoeneko eskuratu ditzakete SPRIren 2015eko lehenengo zazpi laguntza programak, argitaraturik daudelako bere web orrian (www.spri.eus). Programa horien bidez bultzatu nahi dira ekintzailetza, berrikuntza, informazio gizartea eta, besteak beste, enpresen sustapena.
Lehenengo programa horiek laguntza-multzo historiko baten barruan daude, zeren Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publiko honek urteak baitaramatza halako zerbitzuak eskaintzen. Lehen seihilekoan zehar, laguntza-multzo hori osatu egingo da enpresak sustatzeko eta batez ere I+G+B-ko jakintza industriara transferitzen laguntzeko programa gehiagorekin.
Hala ere, 4.0 industria bultzatzea helburu duten laguntza berri batzuk abiaraziko dira EIKT teknologiak enpresa industrialetara transferitzeko, eta horixe izango da 2015eko gertakari garrantzitsuena. Arantza Tapia sailburuaren zuzendaritzapean, SPRI laguntza berriak diseinatzen ari da Euskadi 4. iraultza industrialaren, hots, Basque Industry 4.0-ren lider indartsu bihurtzeko.
2015eko lehenengo laguntzak
Hauek dira argitaratu diren lehenengo zazpi laguntzak:
Ekintzailetza bultzatzeko programa
Ekintzaile programa. 2 milioi euro industriaren sektoreko edota industriarekin lotutako zerbitzuen sektoreko oinarri teknologikoko enpresa proiektu berriei laguntza finantzarioa emateko, hasi negozio ideiaren heltze fasetik eta enpresa martxan jartzeraino.
Makina seguru eta modernoagoak erosteko laguntza programa
Renove Makineria Industriala programa. 9 milioi euro, Euskadiko ETEek makina berriak erosi eta beren modernizazioa, segurtasuna eta produktibitatea sustatu dezaten.
Autonomo eta mikroenpresentzako zerbitzuak EIKTen arloan
Mikroenpresa Digital@. 500.000 euroko diru-hornidura. “Inplantalarien” aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak mikroenpresentzat, beren lehiakortasuna hobetzeko; horretarako, prestakuntza emango zaie informazio teknologiak ezartzeko eta erabiltzeko eta 2 ekintzatan zehaztuko da prestakuntza hori:
Informazio Teknologien erabilerari buruzko 2 orduko ikastaroak autonomo eta mikroenpresentzat, SPRIk emanak KZGunea zentroen sarean.
Aholkularitza zerbitzuak (“Inplantariak”). Aholkulari teknologiko neutral batek dohainik lagunduko die mikroenpresei, tresna berriak ezarri eta erabil ditzaten zeregin hauetan: negozioa Interneten kokatzea, bezero eta salmenta gehiago lortzea sare sozialen eta salmenta atarien bidez, kostuak murriztea lainoko tresnak erabiliz, negozioaren kudeaketa hobetzea salmenta puntuko terminalarekin, hitzorduen eta bezeroen kudeaketa, dispositibo mugikorretarako konponbideak.
Enpresaren ondorengotza planifikatzeko laguntza programa
Ondorengotza enpresa txiki eta ertainetan. 200.000 euro. Enpresen ondorengotza prozesuak babestea, modu ordenatuan egin daitezen eta negozioaren jarraipena eta lanpostuak mantendu daitezen. Laguntzaren xede dira: aholkularitza pertsonalizatua eta diagnostikoa egitea, ondorengotzako protokoloa egitea eta protokolo hori praktikan jartzeko eta berrikusteko laguntza ematea. Programa zabalik egongo da 2015eko urriaren 31ra arte.
Berrikuntzari laguntzeko programak. Innobideak Estrategia
Innobideak Pertsonak programa. Programa honen helburua da langileek beren enpresetan parte har dezatela, lehiakortasuna hobetzeko eta kohesio sozial handiagoa lortzeko. Gutxienez 20 langile dituzten enpresei zuzendurik dago, eta bi laguntza mota eskaintzen ditu enpresa industrialentzat eta informazio eta komunikazio gizarteko enpresentzat. Lehenengoa diagnostikorako, diseinurako eta laguntzarako da, eta proiektuaren kostuaren %50eko laguntzak eskaintzen ditu, 60.000 euroko gehieneko mugarekin. Bigarrenak prozesurako laguntza ematen du eta kasu honetan ere proiektuaren kostuaren %50eko laguntzak eskaintzen ditu, baina 30.000 euroko mugarekin. Bi kasuetan subentzionatzen dira konpainiako langileen gastuak eta kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuak.
Produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazioa ahalbidetzen duten eta erakunde onuradunen lehiakortasun posizionamendua nabarmen hobetzen duten banakako nahiz lankidetzako proiektuak bultzatzen ditu fondo galdurako laguntzen bitartez. Bakarkako proiektuen kasuan, enpresek gutxienez 10 langileko plantilla izan behar dute eta proiektuaren kostuaren %50eko diru-laguntza jaso dezakete 45.000 euroko mugarekin.
Lankidetza proiektuetan ere enpresa parte-hartzaileek gutxienez 10 langileko plantilla izan behar dute, baina proiektu osoak gutxienez 40 langile barne hartu beharko ditu. Proiektuaren kostuaren %60ko diru-laguntza jaso dezakete, gehienez 100.000 euro proiektuko eta 35.000 euro enpresako. Diruz lagunduko dira konpainiako langileen gastuak, kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuak eta dinamizazio, koordinazio eta tramitazio lanetarako sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako eragileak kontratatzeko gastuak.
Innobideak Kudeabide programa.
Fondo galdurako diru-laguntzak ematen ditu, proiektu jakin batzuk gauzatzeko, zeintzuen helburua baita tresnak, teknikak eta metodoak txertatu eta sistematizatzea enpresen kudeaketa aurreratua hobetzeko. Hiru Foru Aldundiek eta Euskalitek lankidetzan garatutako erakunde arteko ekintza bat da eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da programaren koordinaketa orokorraz SPRIren bitartez. Bere helburua da gutxienez 50 langile dituzten enpresetako proiektuak babestea.
2015ean, 50 langile edo gehiagoko enpresek proiektuaren kostuaren %60ko diru-laguntza jaso ahal izango dute 25.000 euroko mugarekin. Programan parte hartzeko enpresek hasierako kontrastea egin beharko dute Euskalitekin, baina hasierako kontraste hori egin beharrean, eta enpresak egoki irizten badio, posible da baita ere enpresa barruan eginiko Kudeaketako Diagnostiko bat aurkeztea. Bestalde, 2015eko edizioan laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 euroraino hazi da gutxienez 50 langile dituzten enpresen kasuan.