Euskal Parkeak, nazioarteko erreferentzia

Araba

Beste urte batez, nazioarteko ordezkaritza ugarik Euskadiko Teknologia Parkeak bisitatu dituzte hango kudeaketa-eredua ezagutzeko

visita sudafrica 0012016an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parkeek bisita internazional asko jaso dituzte, eta, berriz ere, nazioarteko erreferentzia bihurtu dira gune mota horiei dagokienez. Bisitaldien helburu nagusia izan da Parkeek azken urteotan izandako garapena eta jarraitutako estrategia ez ezik, haietan dauden enpresa mota eta jarduera-sektoreak ere ezagutzea, eta, inkubazio-fasetik hasita, enpresen bizi-zikloaren kudeaketaz jabetzea ere bai.

Hainbat ekimenek garrantzi berezia izan dute, hala nola BICak, AFAZa eta AFAZa bera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotzea, bai eta espezializazio adimenduko RIS3 estrategia ere. Horrez gain arreta berezia eskaini zaio UPV/EHUk ireki berri duen campus zientifikoari, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen luzapena baita.

2016an hartutako bisiten artean, ordezkaritzen jatorriaren arabera, Amerikakoak aipagarriak dira: Kolonbiako munizipalitateetako ordezkariak, Kolonbiako Unibertsitatea, CESA, Antioquia Zientzia eta Teknologia Zentroa eta Rionegro udalerriko ordezkaritza. Txiletik, Concepción Unibertsitateko kide diren Parkeak eta Biobio eskualdeko enpresa-ordezkaritza etorri ziren; Mexikotik, bestalde, Quéretaro estatuko ordezkariak. Venezuelako, Ekuadorreko eta El Salvadorreko ordezkaritzek osatzen dituzte kontinente horretako bisitaldiak.

Ipar Amerikatik, AEBetatik hain zuzen ere, Nevadako ordezkaritza heldu zen, Parkeen eredua ezagutzeko eta eskualde bien artean sinergiak bultzatzeko.

Txinako zenbait eskualdetako −hala nola Jinan eta Quingdao− ordezkariak ere etorri ziren; eta nabarmentzekoa da batez ere Txinako enbaxadorearen bisita, martxoan.

Europatik ere bisita garrantzitsuak hartu dira 2016an: Kielceko Teknologia Parkeko ordezkariak eta Wielkopolskako Gobernuaren Batzorde Ekonomikoa (Polonia), Osnabrückeko Unibertsitatea (Saxonia Beherea) eta Europako ikertzaileen mugikortasunerako sarea, alegia, Euraxes. Azkenik, Afrikatik, Hegoafrikako ordezkaritza batzuk etorri ziren.

Partekatu

Beste berri batzuk