Euskaltel Taldeak akordio integral bat sinatu du ZTE Españarekin, hedatze-planean laguntzeko
Aliantza horrek erabiltzaile-esperientzia hobea ekarriko die Euskaltel Taldeko bezeroei operadoreak presentzia duen merkatuetan, besteak beste hedapen geografikoko planeko lehen bost merkatuetan.
Eraginkortasun handiko lan-metodologia bat aplikatuko du konpainiak, bat datorrena bere eraldatze- eta sinplifikatze-planarekin. Horri esker, urtean 40 eta 45 milioi euro bitartean aurreztea espero da.
Euskaltel Taldea merkatuko player nagusiekin aliantza estrategikoak sinatzen ari da, hazten jarraitzeko eta bezeroei gero eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Ildo horretatik, ZTE Españarekin hornitze- eta kudeatze-akordio integrala sinatu du. Akordio horren bidez, konpainia zuntz optikoko ekipoen erreferentziazko hornitzaile bilakatuko da pixkanaka Euskaltel Taldearentzat.
Hitzarmenaren arabera, Euskaltelen bazkide estrategikoa izango da ZTE Espainiako bost merkatu berrietako anbizio handiko hedatze-planari aurre egiteko. Operadorea hasia da lanean Nafarroan, Leonen, Kantabrian eta Errioxan (hurbiltasun geografikoari esker), bai eta Katalunian ere, (RACCekin duen akordioari esker), RACCtel + markaren bidez. Euskaltel Taldea sendo errotuta dago lider den hiru merkatu hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskaltel markaren bidez; Galizian, R markaren bidez; eta Asturiasen, Telecable markaren bidez.
Bartzelonan egiten ari den Mobile World Congress 2019 azokaren testuinguruan gaur ZTErekin sinatutako hitzarmenari esker, bere merkatu berrietan bereganatu nahi dituen 90.000 bezero berrientzat prestazio bikaineko ekipoak izango ditu Euskaltelek. Gailu horiek guztiak bateragarriak izango dira Orangeren sareekin (hitzarmen bat du sinatua harekin), eta, beraz, Euskaltelen bezeroek erabiltzaile-esperientzia hobea izango dute aurrerantzean.
Izan ere, operadorea neurri berriak hartzen hasi da, bere eraldatze- eta sinplifikatze-planarekin bat etorriz, eta bere eragiketa-prozesuetan metodologia bakarra aplikatzea erabaki du. Eraldatze-plan horren ondorioz, zeina urtarrilean iragarri baitzen, konpainiaren negozio-prozesuak eta prozesu operatiboak optimizatuko dira, produktuak hobetu egingo dira eta hedapenak eraginkorragoak izango dira; horri esker, 40-45 milioi euro aurreztuko dira hurrengo ekitaldietan.
Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela dio: “Gaur ZTErekin sinatutako akordioari esker, Euskaltel Taldeak merkatuko player nagusiekiko aliantzak egiteko estrategia garatu du, beste behin ere, bi helbururekin: lan-metodologia bateratzea, batetik, eta eta konpainiaren prozesuak sinplifikatzea, bestetik; hala, esperientzia hobea izango da erabiltzaileentzat. Izan ere, bezeroak oinarri hartuta garatzen du Euskaltel Taldeak bere negozio-jarduera guztia”.
Eta Sun Fang Ping ZTE Corporationeko Senior Vice Presidenteak, berriz, honela: “Oso pozik gaude Euskaltel Taldeak bere negozioa hedatzeko ZTErekin konfiantza izaten jarraitzen duelako. Akordio honek sendotu egiten du bi aldeen arteko konpromisoa, eta merkatuko irtenbide eta zerbitzu onenak emateko ahalegin are handiagoa eskatzen digu. Euskaltel Taldea eta ZTE bazkide estrategikoak dira Espainian 2014an kudeatutako lehen zerbitzu-kontratua sinatu genuenetik, eta ZTEren babes osoa dute garapen eta euskarri aldetik”.
Horrez gain, Euskaltel Taldearen eta ZTE Corporation taldearen artean sinatutako hitzarmenari esker, zuntzerako irtenbide bat garatuko da, bai linea optikoko terminaletarako (OLT), bai sare optikoko terminaletarako (ONT), ekipo horiek optimizatzeko. Hala, bezeroen banda zabaleko esperientzia hobetuko da. Orangeko sareen OLTekin bateragarria den hornitzailea da ZTE, eta Euskaltel Taldeak homologatua.
Hain zuzen ere, Euskaltel Taldea aitzindaria da sektoreak bizi duen eraldaketan; hori lortzeko, adi-adi erreparatzen die bezeroen beharrei, eta kontsumitzaileek eskatzen dituzten zerbitzu eta edukiak eskaintzen ditu.