Euskaltelek Administrazio Kontseilua osatu du, eta zuzendari nagusi berria izendatu

Bizkaia

  • Administrazio Kontseiluan hiru kide berri daude: Alfonso Basagoiti, José Ángel Corres eta Bridget Cosgrave; haiek osatuko dute kontseilua, Alberto García Erauzkin, Richard Alden, Alicia Vivanco, Javier Bañón eta John Mowinckelekin batera.
  • Alberto García Erauzkin da Administrazio Kontseiluko presidentea, eta Fernando Ojeda izendatu du konpainiako zuzendari nagusi.

Gaur goizean Euskaltelen egoitzan Administrazio Kontseiluak egin duen bileran, Trilantic eta Investindustrial kapital sozialean sartu ondoreneko konpainiaren erabaki-organoak zuzenduko dituen lantaldearen osaera amaitu du telekomunikazioetako euskal operadoreak. Bileran, hiru kide berri sartu dira Administrazio Kontseiluan, eta sozietatearen zuzendari nagusi berriaren izendapena onartu da.

Administrazio Kontseiluan, enpresaren gobernu-organo nagusian, hiru kontseilari berri daude: Alfonso Basagoiti, José Ángel Corres eta Bridget Cosgrave; haiek osatuko dute kontseilua, Alberto García Erauzkin (presidentea), Richard Alden (presidenteordea), Alicia Vivanco, Javier Bañón eta John Mowinckel aholkulariekin batera.

Horrez gain, Fernando Ojeda González-Posada konpainiaren zuzendari nagusi izendatzea onartu du Administrazio Kontseiluak.

Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidente dela, hiru kontseilari berri sartuta (guztira, zortzi kide dira orain Administrazio Kontseiluan) eta Fernando Ojeda zuzendari nagusi izendatuta, amaituta geratu da EAEko operadore liderraren administrazio- eta gobernu-organoen berregituraketa. Hala, sozietatearen kudeaketa-egitura osatu da, Euskadirekiko errotzea, zuzendaritzako esperientzia, nazioarteko ikuspegia eta sektoreko esperientzia handia elkartzen dituena.

Fernando Ojeda Enpresa Zientzietan tituluduna da, eta Bartzelonako Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako Goi Eskolako Enpresa Administrazioko masterra eta New Orleansko Southwestern Universityko Nazioarteko Enpresa Kudeaketako masterra ditu.

Fernando Ojeda nazioarteko exekutibo esperientziaduna da, eta Espainian, Portugalen, Italian, Brasilen eta Beneluxen egin du lan. Bere ibilbide profesionalean, hainbat ardura izan ditu; besteak beste, hauek: ONO taldeko zuzendari nagusia, Dhalia Televisióneko kontseilari delegatua eta Universal Pictureseko zuzendari nagusia da gaur egun, Euskaltel SAn hasten den arte. Telekomunikazioen eta kontsumo-ondasunen alorretako konpainietan esperientzia handia duen profesionala da, beraz.

EAEko telekomunikazio-alorreko operadore liderra da Euskaltel. Telefonia finkoko, mugikorreko, Interneteko eta telebistako zerbitzuak ematen ditu, eta % 47,8ko merkatu-kuota du telefonia finkoan, % 43,7koa Banda Zabalean, % 60,7koa ordainpeko telebistan, eta % 13,1ekoa telefonia mugikorrean. Egunean 1,2 milioi zerbitzu baino gehiago ematen dizkie bezeroei. Azken belaunaldiko zuntz optikozko sare modernoa du, zeinak 330.000 kilometro baino gehiago baititu EAEn. Hala, 100 Mb/s-ko abiadura ultralasterrak eskain diezazkieke EAEko 800.000 etxeri baino gehiagori. 1.700 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin ditu (800 euro biztanle bakoitzeko), estatu osoan biztanle bakoitzeko sarean egin den inbertsiorik handiena, alegia. Merkataritza-jarduerari ekin zionetik Euskaltelek euskal enpresei egin dizkien erosketak 2.400 milioi eurotik gorakoak dira, eta euskal ogasunei 700 milioi euro baino gehiago eman dizkie.

Partekatu

Beste berri batzuk