Euskaltelek hazten segitzen du, sektoreko hirugarren krisi-urtean
• Sektorea liberalizatu zenetik bigarren urterik txarrenean (2010eko urtez urtekoa % 3 inguru jaitsi da), Euskaltelen diru-sarrerak % 1,2 hazi dira (2009an, 326,2 milioi euro; 2010ean, 330 milioi euro), eta Ebitda 122,5 milioi eurokoa izatera iritsi da (aurreko urtearekin alderatuta 6 puntu hazi da).
• Batetik, kostu eta inbertsioen kudeaketa eraginkorra eta, bestetik, zorra murriztea konbinatzeak mozkin garbia hobetzea eragin du (26,3 milioi eurotik, 32,7ra). Eragiketa bidezko cash-flow askea 75 milioi euro baino gehiagokoa da; hain zuzen ere, 2009an sortutakoa baino % 25 handiagoa.
• Azken batean, 2010eko Euskaltelen gakoak hauek izan dira: sendotasun komertziala, eraginkortasuna, kaudimen finantzarioa eta bezeroen leialtasuna sendotzea low cost operadoreak merkaturatu ondoren.
• Urtearen amaieran, Euskaltelek telefonia finkoko 373.000 linea ditu, bere sarearekin (% 1 igo da kopurua). Sarea hedatu duen eremuetan, telefonia finkoko liderra da Euskaltel.
• Euskaltelen Banda Zabalaren nagusitasunak areagotzen segitzen du: urtearen amaierarako, 227.000 linea izatera iritsiko da. Beraz, urtez urteko hazkundea % 4,3koa izango da.
• 2010ean, Euskaltel lider izatera iritsi da EAEn Ordaintzeko Telebista Digitalean, eta bigarren urtez jarraian marka historikoak hautsi ditu: % 57 hazi da, eta 130.000 bezero baino gehiago ditu.
• Telefonia Mugikorrean, berriz, apur bat hazi da, 225.000 bezeroraino.
• Euskaltelen inbertsio metatua 1.650 milioi eurokoa izango da 2010eko amaieran. Espainiako estatuko gure sektoreko handiena da zenbateko hori: biztanleko 800 euro inguru.
• 304.000 km zuntz optiko hedatu ditu Euskaltelek EAE osoan.
• Jarduera komertziala hasi zuenetik (1998), 2.130 milioi euroko erosketak egin dizkie Euskaltelek EAEko enpresei.
• Euskaltelek, bigarren urtez jarraian, konturako dibidendu bat onartu du, 25 milioi eurokoa (iazkoarekin alderatuta, % 25 handiagoa), 2010eko ekitaldiko emaitzen kontura, akzio propiotan ordaintzeko.
• Ondorioa: Sortu zenetik (1998), bezerotan eta emaitzatan etengabe hazi den Espainiako estatuko operadore bakarra da Euskaltel, baita krisialdiaren hirurtekoan ere (2008-2010), eta Banda Zabalean, Telebista Digitalean eta Telefonia Finkoan dagokion eremu geografikoan liderra den estatuko operadore bakarra da.
Aurten ere, azken belaunaldiko zuntz optikozko sareetan garatutako produktu eta zerbitzuen kalitatean oinarritutako telekomunikazio-proposamenetan duen konfiantza adierazi du euskal merkatuak, baita Euskaltelek eskaintzen duen gertuko arreta eta bezeroaren ezagutza ere, merkatuari erabat lotuta jarduten baitu.
Krisi ekonomikoaren hirugarren urtean, telekomunikazioen sektorean bigarren urtez jarraian jaitsiera izan den honetan (% 3 inguru jaitsi da), sortu zenetik (1998) bezerotan eta emaitzatan etengabe hazi den estatuko operadore bakar gisa sendotzeko urtea izan da 2010eko ekitaldia (baita krisiaren hirurtekoan ere, 2008tik 2010era).
Gaur goizean emandako prentsaurreko batean azaldu du Euskaltelek 2010eko jardueraren balantzea. Han ziren enpresako lehendakaria, Jose Antonio Ardanza, eta Alberto García Erauzkin, kontseilari zuzendari nagusia.
Euskalteleko buruen arabera, lidergo komertziala, kostuen eraginkortasuna eta finantza-sendotasuna eta -kaudimena izan dira bilakaera positibo horren gakoak, bereziki sektorearentzat zaila izan den ekitaldi honetan. Horiei esker, bezero-kopurua handiagotzea, diru-sarrerak igotzea eta eragiketen emaitzak hobetzea lortu du gure operadoreak. Izan ere, cash-flow askea % 25 igo da eta 75 milioi eurotik gorakoa da, EBITDA ia sei puntu hazi da eta 122,5 milioi eurora iritsi da, eta bezero-kopurua etengabe handiagotu da, negozio-jardueran etengabeko gainbehera jasaten ari den gure sektore honetan.
Kudeaketa honi esker, aurreko urtearekin alderatuta, ekitaldiaren amaieran % 1,2ko igoera izango du diru-sarretan Euskaltelek (aurten 330,1 milioi euro; iaz, berriz, 326,2), eta emaitzak % 25 igoko dira (32,7 milioi eurora iritsiko da; 2009an, berriz, 26,3ra iritsi zen).
“Euskaltelek urtea emaitza oso positiboekin itxi du. Emaitza horiek, gainera, are garrantzitsuagoak dira, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, bereziki telekomunikazioen sektoreari eragin baitio krisiak. Euskal merkatuak berriro adierazi du produktuen kalitatearen eta zerbitzuen arretaren aldeko apustua. Kalitate hori, Euskadin, azken belaunaldiko zuntz optikozko sarearen potentzialtasunari esker eskura daiteke. Hain zuzen ere, Euskaltelek horretan oinarritu du bere negozio-eredua”, adierazi du García Erauzkinek.
“Euskaltelen bezero-kopurua, urtetik urtera, handitzen ari da, batez ere telekomunikazio finkoetan: aurten, nabarmen hazi da Telebista Digitaleko bezero-kopurua. Euskadin liderrak gara, eta erreferentziazko operadore Espainiako estatuan. Gure autonomia-erkidegoan benetako lehia eraginkorra egitea lortu dugu, eta Banda Zabalean, Telefonia Digitalean eta Telefonia Finkoan lider den estatuko operadore bakarra gara, sarea hedatu dugun leku guztietan”, adierazi du Euskaltelen zuzendari nagusiak, operadoreak merkatuan lortu duen ezarpen-mailari buruz ari zela.
2010a: hobekuntza orokorra eta inbertsio berrien iragarpena
Euskaltelen lidergo komertzialak eta finantza alorreko indarrak berekin ekarri dute diru-sarreren hazkundea eta bezero-kopurua igotzea, diru-sarreretan ekitaldiak % 3 inguruko jaitsiera izango duela aurreikusten den merkatu honetan hain justu ere.
Bigarrenik, kostuen eraginkortasunari esker, Ebitda ia 6 puntu hazi da (interesak, amortizazioak eta Sozietateen Zerga kendu baino lehen lortzen den emaitza da Ebitda; parametro horrek enpresa baten errentagarritasun operatiboa neurtzen du, eta enpresa baten balioa biderkatzen du), eta, beraz, diru-sarreren gainetik dago (122,5 miloi eurora iritsi da).
Eta, hirugarrenik, enpresaren finantza-kaudimenaren igoerari esker, Euskaltelek % 25 igo du eragiketen bidezko cash-flow librea (zorra amortizatu aurretik sortutako cash-flowa, Euskaltelen finantza-zorra murrizteko erabiltzen dena), eta 75 milioi eurotik gorakoa da (aurreko ekitaldikoa 60 milioi euro zen; 2007an, berriz, 48,5 milioi euroko saldo negatiboa).
Euskaltelek merkatuan izan duen bilakaera positibo horrek ekarri du bigarren urtez jarraian euskal konpainiak konturako dibidenduak onartu izana. 25 milioi eurokoak izan dira (2009an baino % 25 gehiago, 20 milioi euro izan baitziren orduan), 2010eko ekitaldiko emaitzen kontura eta akzio propiotan ordaintzeko.
Euskaltelek iragarri du datozen hiru urteetan 150 milioi euroko inbertsioak egingo dituela. Sarearen ahalmena areagotzeko eta produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko erabiliko dira inbertsio horiek. Sortu zenetik, Euskaltelek 1.650 milioi euro erabili ditu, batez ere Banda Zabalaren ahalmena areagotzeko (bai sare finkoan, bai mugikorrean), eta proportzionalki gehien inbertitzen duen estatuko operadorea da (biztanle bakoitzeko, batez beste, 800 euro inguru). 2010a amaitzean, 304.000 km zuntz optiko hedatuak izango ditu Euskaltelek EAE osoan.
Euskaltelek 2.130 milioi eurotik gorako erosketak egin dizkie euskal enpresei bere ibilbide osoan. Euskaltelek, gaur egun, 550 langile ditu, eta zeharkako 5.000 lanpostu inguru sortu ditu.
Liderra Banda Zabalean, Telebista Digitalean eta sare propioa duen Telefonia finkoan
Egoera ekonomiko txarreko eta sektorearen atzeraldiko garai honetan Euskaltelek emaitza onak izateko gakoetako bat da bezero-kopurua handiagotu izana, batez ere, baliozko zerbitzuak (Euskaltelen zuntz optikozko sarearen bidezko Banda Zabala edo Telebista Digitala) erabiltzen dituzten bezeroen kopurua.
Liderra Telebista Digitalean. Euskaltel lider izatera iritsi da, EAEn, Ordaintzeko Telebista Digitalean, lehen aldiz bere historian: 130.000 bezero baino gehiago ditu, eta, iazko datuekin alderatuta, % 57 hazi da. Euskal bezeroek Euskaltelen telebista-eskaintzari babesa eman diote,merkatuko proposamenik onena baita kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioari dagokionez.
Liderra Banda Zabalean. Euskaltel Banda Zabaleko merkatuan aitzindaria da Euskadin. Bezero-kopuruaren igoerari esker, gorako bilakaerari eutsi dio, eta 227.000 bezero ditu (urtez urteko hazkundea % 4,3koa izan da). Euskaltel operadoreari esker, zeinak zuntz optikozko sarean oinarritzen baititu zerbitzuak, Banda Zabalean lehia handiena duen estatuko autonomia-erkidegoa da Euskadi.
Telefonia finkoa eta mugikorra. Euskaltelen telefonia finkoko eta telefonia mugikorreko bezero-kopurua zertxobait igo da. EAEn zuntz optikozko sarea hedatuta duen eremuetan, telefonia finkoko liderra da Euskaltel. 2010ean, 324.000 erabiltzaile izatera iritsi da; beraz, % 1 hazi da 2009tik, eta 373.000 lineatik gora izatea lortu du, telefonia finkoaren merkatuan atzerakada izaten ari den sektore honetan. Telefonia mugikorrean, kontratupeko 1.000 bezero gehiago ditugu (guztira, 225.000 bezero izatera iritsi gara), RACCen telefonia mugikorreko 20.000 bezeroak kontuan hartu gabe (Euskaltel da enpresa horri telekomunikazio-hornidura ematen diona).