Euskaltelek, Lurgaia Fundazioarekin batera, Urdaibaiko Erreserbako baso-berritzeetan parte hartzen du
Euskaltelek hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako baso-berritzeko proiektuan 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzen laguntzeko
Ekimen hori “Enpresak eta Biodibertsitatea” izeneko proiektu pilotuan sartuta dago, eta Lurgaia Fundazioak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatzen du
Akordio horrek Euskaltel Taldearen ingurumen-konpromisoa berresten du, zeina Enpresa Arduratsuaren Plan Zuzentzailean azaltzen baita
Euskaltel Taldearen Enpresen Erantzukizun Sozialaren Plan Zuzentzailearen lehentasunak bat datoz Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin eta Euskadi Basque Country 2030ekin
Euskaltelek hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako baso-berritzeko proiektuan 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzen laguntzeko, Muxikako udalerrian. Zehazki, 8 espezie landatu dira ustiatu gabeko baso batean, eta 40 urtean 150 tona CO2 xurgatuko dira baso horri esker.
Ekimen hau lurraldea zaintzeko akordioen “Enpresak eta biodibertsitatea” proiektuaren parte da. Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bidez, Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean. Hain zuzen, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzak sustatzea Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren estrategia garrantzitsuenetako bat da, lurraldearen kudeaketa jasangarria lortzeko duen konpromisoaren barruan.
Akordio honi gehitu behar zaio orain dela gutxi Iberdrolarekin energia berriztagarria epe luzera erosteko sinatutako hitzarmena, zeinaren bidez urtean 7.740 tona CO2 isurtzea saihestuko baitu Euskaltelek.
Horra hor Euskaltel Taldeak Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Plan Zuzentzailean eta Green Capital arloan lantzen dituen gertaera garrantzitsuen bi adibide.
Euskaltelek bat egin du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), eta, beraz, Nazio Batuen Agenda 2030ekin. Hori dela eta, klima-aldaketaren aurka egiten ari den lanaren erakusgarri, Ingurumen-gidaplan bat zehaztu eta martxan jarri du. Hain zuzen, haren ildo estrategikoetako bat da erakundearen karbono-aztarna murriztea, eta, horretarako, besteak beste energia garbi berriztagarriak erabiltzeko konpromisoa hartua du.
Ingurumen-estrategia
Euskaltel taldearen ingurumen-estrategia 2017-2019ko Ingurumen Gidaplanean jasotzen da, eta bat dator EAEko Ingurumeneko Esparru Programarekin eta Klima 2050 Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiarekin (Eusko Jaurlaritzak sustatuak biak ala biak).
Planaren helburua da Taldearen jardueren ingurumen-inpaktua txikitzeko politikak martxan jartzea, ingurumen-jardunbide egokiak bultzatuz. Ingurumen-kudeaketaren barruan sartzen da produktuak merkaturatzean haien ingurumen-eragina aztertzea, eta erakundearen ingurumen-aztarna aztertzea.
Euskaltel Taldeak, gainera, energia-kontsumoa murrizteko neurri batzuk ezarri ditu, CO2-emisioak murrizteko plan baten barruan. Halaber, konpromiso hori handitu du erakundearen karbono-aztarna kalkulatuz eta 2017ko berotegi-efektuko gasen emisioei buruzko txostena eginez, non zuzeneko nahiz zeharkako emisioak kuantifikatzen baitira.
Lurgaia Fundazioarekin sinatutako akordioak Euskaltel Taldearen ingurumen-konpromisoa berresten du, zeina Enpresa Arduratsuaren Plan Zuzentzailean azaltzen baita.
Enpresa arduratsua
Euskaltelen Enpresa Arduratsuaren Plan Zuzentzailearen lehentasunak konpainiaren 8 lan-ildo estrategiko eta zeharkako dira. Halaber, lehentasun horiek bat datoz Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin eta Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin (agenda horretan definitzen du Eusko Jaurlaritzak Euskadiren etorkizuneko ikuspegia). Euskaltel Taldeak, taldeko gizon-emakumeak eta gizartearekiko konpromisoa euskarri dituen telekomunikazio-operadorea izanik, bat egiten du ikuspegi horrekin.
Aliantzak sortzea, berdintasuna eta aniztasuna, kalitateko enplegua sortzea, ingurumena eta kontsumo arduratsua, berrikuntza eta azpiegitura jasangarriak eta kalitateko hezkuntza dira 2030eko agendarekin bat datozen lan-ildoetako batzuk, bai tokiko mailan, bai mundu osoan. Hori dela eta, Garapen Jasangarriko Helburuak aintzat hartu dira Euskaltel Taldearen Enpresa Arduratsuaren Memorian, eta aintzat hartuko dira 2019-2022ko Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Gidaplanean ere, zeina gaur egun idazten ari baikara.