Euskalteleko langileek 9.125 euro eman dizkiote Caritasi
Hainbat ekintza solidarioren bidez bildu dute langileek diru hori, eta Hontza proiekturako izango da. Gizartetik oso baztertuta bizi diren drogazaleen bizi-kalitatea hobetzeko zentro bat da Hontza. Urtero, Gabonetan, Euskalteleko langileek zenbait ekimen egiten dituzte. 2011n, egutegi solidario bat egin eta bazkari bat antolatu zuten, gizarte-erakundeentzako dirua eskuratzeko. Euskalteleko langileek parte hartzen duten erakundeen artean hautatzen da urtero GKEa.
Euskaltel, 27/02/2012
Euskaltelek 9.125 euro eman dizkio Bilboko Elizbarrutiko Caritasi. Euskalteleko langileek aurreko Gabonetan egindako ekimen solidarioen bidez eskuratu dugu diru hori. Aurten, Euskalteleko langileak protagonista dituzten egutegiak saldu ditugu eta bazkari solidario bat egin dugu. Enpresako langile gehienek hartu zuten parte bazkarian.
Bigarren urtez jarraian, Euskalteleko langile askok hartu zuten parte Egutegi Solidarioaren prestaketan: taldeak osatu zituzten, eta aukeratutako hilabetearen arabera “mozorrotu” ziren. Langileen artean saldu ziren egutegiekin, 2.425 euro lortu ziren.
Gabonetako Bazkari Solidarioa, bestalde, hirugarrena izan zen. Aurreko bi urteetan bezala, Euskalteleko langileak mahaiaren inguruan elkartu ziren Gabonak partekatu eta ospatzeko, eta han bildutako dirua premia handiena dutenei helarazteko. Ekimen harekin, 6.700 euro bildu ziren. Izan ere, langileek emandako diru guzti-guztia laguntzarako izan zen, enpresak bere gain hartu baitzituen ekitaldiko gastu guztiak. Bazkari Solidarioan bertan aukeratu zen, zozketa bidez, dirua zer erakunderi eman.
Harreman Instituzionaletako zuzendari Nerea Lupardok gaur goizean eman dio dirua Bilboko Caritaseko zuzendari Mikel Ruizi, Bilboko Hontza zentroan erabiltzeko. Euskaltelen izan da Mikel Ruiz, eta hau esan du: “Ongi egituratutako gizarte moderno eta osasuntsu batek pertsona ahulenak babesteko sistema batzuk izan behar ditu. Denok hartu behar dugu parte eginkizun horretan: administrazio publikoak, lehenik, eta enpresak, erakundeak eta herritar guzti-guztiok, bigarrenik”.
Bestalde, Nerea Lupardok —Euskalteleko langile guztien ordezkari gisara— ekimen solidario hau oso garrantzitsua dela nabarmendu du, premia handiena duten herritarrekiko elkartasuna adierazten baitu. “Euskaltelek, gizarteari konektibitatea eskaintzen dion enpresa den aldetik, obligazioa du gizartearen beharrei erantzuteko eta talde ahulenekiko zubi-lana egiteko”.
EES, enpresa-kudeaketaren filosofia
Euskaltelek elkartasunezko hainbat ekintza jarri ditu abian langileen kezkei erantzuteko, eta langile batzuk dagoeneko lanean ari dira ekimen sozialetan. Hori dela eta, badira zenbait urte konpainiako langileak partaide dituen elkarteentzako eta GKEentzako ekintzak egiten direla urteko garai jakin batzuetan. Iaz, Intervida fundazioarentzat izan zen bildutako dirua. Aurreko urteetan, berriz, Vicente Ferrer fundazioa, Comparte fundazioa eta Berrizko Mesedetako Misiolariak izan ziren solidaritate-ekintzaren onuradunak.
Hain zuzen ere, Euskalteleko langileek urte osoan zehar parte hartzen duten erakunde eta elkarteek osatzen dute gure ahaleginak bideratzeko erakundeen zerrenda. Urte bakoitzeko GKEa zozketa bidez aukeratzen dugu, bazkari solidarioan.
Enpresa jasangarri eta iraunkor gisara sendotzen laguntzen duen kudeaketa-filosofia da Enpresaren Erantzukizun Soziala, Euskaltelen ustez. Hor garatzen dira konpromisoak, eta gardentasuna funtsezko balio bihurtzen da. Hori dela eta, EESko politika enpresaren estrategian txertatu du.
Euskaltelek arreta berezia eskaintzen dion interes-talde horietako bat enpresako GIZON-EMAKUMEAK dira. Konpainiako gizon-emakumeak dira, Euskaltelentzat, bikaintasunera iristeko zutabe nagusietako bat. Hori dela eta, jarduera ugari antolatzen ditu langileentzat, kultura korporatiboa sustatu eta langileen arteko giza harremanak indartzeko. Bi elementu horiek batuta —alegia, Euskaltelen konpromisoa eta langileak—, hainbat ekintza eratzen dira; esaterako, iazko Gabonetan egindakoak.
Hontza zentroa
Hontza zentroak —hari emango baitio Caritasek Euskaltelen dohaintza— gizartetik baztertuta bizi diren drogazaleei bizi-kalitatea hobetzen laguntzea du helburu.
Bilbon du egoitza erakunde honek, Bilbo Zaharra, Atxuri eta Zazpi Kaleak elkartzen diren tokian. Caritaseko hezitzaileak eta boluntarioak lan hau egiten dute Hontzan: drogazaletasunak jendeari eragindako kalteak eta arriskuak murrizten saiatzen dira, eta auzo horietako komunitatean drogazaletasunak duen eragin soziala txikiagotzen.