Euskaltelen 2012ko kamiseta laranja, zaleak eta txirrindulari-taldea elkarrekin “konektatzen”

Bizkaia

  • Lau hostoko hirusta da aurtengo kamisetaren irudi nagusia, txirrindulari-taldeak daukan zortearen erakusgarri: zaleen eta gizartearen babesa, alegia.
  • Kukuxumusuko aharia da, beste behin ere, irudia. Oraingo honetan, zortea eta marea laranja uztartzen ditu, elementu teknologiko baten bidez: USB konexio bat.
  • Aurten, kamisetak eskatzeko lehen bi egunak (ekainaren 25a eta 26a) Euskaltelen bezeroentzat daude gordeta.
  • Kanpainaren gainerako egunetan (ekainaren 27an eta 28an), bezero direnek eta ez direnek ere eskuratu ahal dituzte kamisetak.

Euskaltelen udako kamiseta dagoeneko eskura dute bezeroek eta hura eskatu nahi duten txirrindularitzaren zaleek. Gaurtik (ekainaren 25a) ekainaren 28ra bitartean, edo izakinak agortu arte, eska daiteke aurtengo kamiseta laranja.

Aurten, kamisetak eskatzeko jarri diren lehen bi egunak (ekainaren 25a eta 26a) Euskaltelen bezeroentzat soilik dira. Ekainaren 27an eta 28an, berriz, bezero ez direnek ere izango dute kamiseta eskuratzeko aukera.

Horretarako, Euskaltelen webgunean sartu eta kamisetaren atalean sartu besterik ez du egin behar bezeroak. Formulario bat bete ondoren, berrespen-mezu bat jasoko du eskatzaileak bere helbide elektronikoan. Ondoren, eskaera balioztatu egin behar du. Urrats erraz horiek egin ondoren, bost zifrako kode bat jasoko du, mugikorrean. Kode hori gorde egin behar da, gero, saltokian, kamiseta jasotzeko. Formularioan idatzi behar du bezeroak zer saltoki hautatzen duen. Uztailaren 2a eta 5a bitartean emango dira kamisetak, Euskaltelen EAEko eta Nafarroako saltoki guztietan, aldi berean.

Tourrean, Pirinioetako Peyragudes estazioan banatuko zaizkie kamisetak uztailaren 19ko etapa ikustera joaten diren zaleei.

Zaleen eta zorte onaren arteko lotura
Duela 12 urte hasi zen Euskaltel kamisetak masiboki banatzen, Frantziako Tourrean, Grande Boucleko Pirinioetako etapetan, “marea laranja” eratzeko asmoz. Kirolaren esparrutik harago hedatu da marea, eta urtero ikusten da adin guztietako jendea kamiseta laranja jantzita Euskadiko edozein bazterretan.

Jantzi horren irudi nagusia Kukuxumusuk diseinatu du azkeneko hamar urteotan. Oraingoan, zorte ona da gaia: horren sinbolo unibertsalaren —lau hostoko hirusta— marrazkia du kamisetak. “Zorte handia da guretzat zu gurekin izatea” da aurtengo kamisetaren irudiak aditzera eman nahi duen mezua. Txirrindularitza-talde bati eta txirrindularitzari hain loturik dauden zaleak eta gizartea izatearen zortea adierazi nahi du irudiak. Esanahiaren aldetik, sineskeriak alde batera utzita, Tourrari aurre egin behar dioten txirrindularientzat zorte ona opatzeko modu bat da hirusta, eta, oro har, egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko baikortasun-mezu bat.

Kukuxumusuko aharia da, beste behin ere, irudia. Oraingo honetan, zortea eta marea laranja uztartzen ditu, elementu teknologiko baten bidez: USB konexio bat.

2012ko Euskaltelen kamisetarekin, txirrindularitzaren zaleek talde laranja animatzeko aukera izango dute Tourraren Pirinioetako etapetan. Halaber, ezin ahaztu udako jaiak aukera ezin hobea direla dagoeneko ohitura bihurtu den jantziarekin telekomunikazio-operadorearen eta erabiltzaileen arteko harremana erakusteko.

Erabiltzaileen erantzun masiboak argi erakutsi du ekimen horrek zer nolako arrakasta duen urtero. Iaz, bi egunetan agortu ziren izakinak, zaleek 40.000 eskaera egin baitzituzten 48 ordu baino gutxiagoan. Urtero, gainera, Espainiatik eta atzerritik ere eskaerak jasotzen dira.

Esperientzia laranja
Bigarren urtez, Tourreko etapa bat barrutik bizitzeko aukera emango die Euskaltelek bere bezeroei, eta Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariekin egun oso bat igarotzeko aukera izango dute. Aurten, uztailaren 2tik aurrera web-helbide bat gaituko da, “2012ko Tourreko Esperientzia” lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat. Irabazleek 19. etapa (uztailaren 21ekoa) biziko dute txirrindulariekin, Bonneval eta Chartres herrien artean egingo den erlojupeko proba, hain zuzen ere.

Partekatu

Beste berri batzuk