Eusko Jaurlaritzak 26 milioi bideratu ditu ETE berritzaileen proiektuentzat
- Aurrerakin itzulgarrien bidez laguntzeko Gauzatu Industria programak inbertsioaren %35erainoko laguntzak aurreikusten ditu.
- Iaz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antzeko aurrekontu zuzkidura izan zuen; kopuru horrekin 53 proiektu berri jarri ziren martxan eta enpresek ia 117 milioi euroko inbertsioa eragin zuten.
- Laguntzak uztailaren 11ra arte eskatu daitezke, aurrekontua arinago agortzen ez bada.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI enpresa agentziaren bitartez, ireki du euskal ETEen proiektu berritzaile eta teknologikoei zuzendutako Gauzatu programaren aurtengo edizioa. Iazko antzera, Eusko Jaurlaritzak 26 milioi euroko partida bat bideratu du Gauzatu programara, eta kontuan hartu behar da iaz kopuru horrekin 53 proiektu berri jarri zirela martxan (17 teknologiko eta 36 berritzaile). Enpresek, bestalde, ia 117 milioi euroko inbertsioa eragin zuten. Laguntzak aurrerakin itzulgarri modura ematen dira eta datorren uztailaren 11ra arte eskatu daitezke SPRIren web orrian (www.spri.es, laguntzen atalean), aurrekontu partida lehenago agortzen ez bada.
GAUZATU-Industria programa ETEei soilik bideratuta dago. Bere helburua da oinarri teknologiko edota berritzaile handiko enpresetan ekintzailetzan jarduteko edo arriskatzeko gaitasuna hobetuko duten baldintzak markatzea eta babestea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren asmoa da enpresek produktu berriak garatu ditzatela edo produktu tradizionalak sartu ditzatela merkatu berrietan, edo hobekuntza teknologikoak lortu ditzatela euskal enpresen produktibitatea handitzea helburu duten fabrikazio prozesuetan. Ildo horretakoak dira informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) eginiko inbertsioak ere.
Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute eta gutxienez 3 lanpostu sortu beharko dituzte 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berri hauei ematen dien laguntza gehienez inbertsioaren %35ekoa da eta 1,5 milioi euroko muga izango dute proiektuko.
Hala, Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko politikaren ildotik, finantzaketa formulak bultzatzen jarraitzen du, enpresek baliabideak lortu ditzaten jarduera ekonomikoa sortzeko Euskadin.