Eusko Jaurlaritzak aste honetan aurkeztuko ditu euskal enpresentzako laguntzak
Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk jardunaldi batzuk antolatu dituzte hiru Teknologi Parkeetan, bertatik bertara aurkezteko Teknologia eta Berrikuntza, Enpresa Sustapena, Nazioartekotzea eta Arrisku Kapitala arloetako programak
Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk euskal enpresa eta enpresarientzako jardunaldi batzuk antolatu dituzte aste honetan, bertatik bertara aurkezteko Sailak eta SPRI Taldeak -bere menpeko enpresa garapenerako agentziak- aurten eskainiko dituzten laguntzak.
Jardunaldiak otsailaren 3, 4 eta 6an izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeen egoitzetan. Jardunaldi horietan arlo hauei buruzko informazioa eskainiko da: Teknologia eta Berrikuntza, Enpresen Sustapena, Nazioartekotzea eta Arrisku Kapitala.
Zehazki, Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk aurten eskainiko dituzten hamabost laguntzak azalduko dira eta euskal enpresentzat eskaintzen dituzten beste zerbitzu batzuei buruzko informazioa ere emango da.
Euskal enpresek urtarriletik eman dezakete izena SPRI Taldeak eta Sailak 2015erako martxan jarritako lehen zortzi laguntzetan. Bestalde, urtean zehar zabalduko dira enpresa garapenerako agentziak eskainiko dituen beste laguntzen deialdiak.
Oraingoz hauek dira enpresek eskuragarri dituzten programak: ekintzaileentzako Ekintzaile programa; Enpresen Ondorengotza programa, famili enpresen transmisio prozesua planifikatzen laguntzen duena; EIKTei buruzko aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak autonomo eta mikroenpresentzat; Renove Makineria, zeinaren helburua baita makina industrialak modernizatzea segurtasun handiagoa lortzeko; eta berrikuntzarekin lotutako beste hainbat, esaterako Gaitek, Pertsonak, Kudeabide eta Lehiabide. Programa horien helburua da enpresa lehiakorragoak sortzea, berrikuntza, teknologia, ekintzailetza, elektronika-, informazio- eta komunikazio-teknologiak (EIKTak) eta makina industrial berriak bultzatuz.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) www.spri.eus webgunean eskaintzen ditu euskal enpresentzat diseinatutako laguntza eta zerbitzu guztiak. Domeinu horren bitartez kontsultatu eta eskuratu daitezke aipatu laguntza programak, eta baita ere euskal enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzu eta eduki guztiak (jardunaldiak, aurkezpenak, argitalpenak…). SPRIk bultzatu eta kudeatutako ekimen horiei eta beste guztiei buruzko informazioa eskuratzeko, jo info@spri.eus helbidera edo deitu Bezeroaren Arretarako telefonora (902702142).