Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa bete eta manufaktura aurreratuko estrategia bat abiaraziko du

Bizkaia

  • Hilaren 17an Euskadiko enpresa eta eragile ekonomiko nahiz teknologiko ugari elkartuko ditu, datozen hilabeteetan eman beharreko urratsak aztertu eta hausnartu ditzaten Goran Roos-ekin, gai honetako XXI. mendeko 20 pentsalari garrantzitsuenetako batekin.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak erabaki du legealdi honen lehen urtean beteko duela Gobernu Programan hartutako konpromisoa eta fabrikazio aurreratuko estrategia bat abiaraziko duela. Horretarako, Euskadiko enpresa eta eragile ekonomiko nahiz teknologiko ugari elkartuko ditu, datozen hilabeteetan eman beharreko urratsak aztertu eta hausnartu ditzaten Goran Roos-ekin, gai honetako XXI. mendeko 20 pentsalari garrantzitsuenetako batekin.

Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen fabrikazio aurreratuko estrategia honek helburutzat dauka garapen zientifikoa, teknologikoa eta industriala sustatzea esparru horretan, eta hartara, Euskadiren posizioa sendotzea ezagutzan eta balio erantsian intentsiboa den fabrikazioan oinarritutako ekonomia industrial bezala. Topaketa datorren urriaren 17an egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Auditorioan, Miramonen, eta zabalik dago EAEko eragile ekonomiko guztientzat.

Hain zuzen, fabrikazio aurreratua euskal industria sarean inplementatzea da Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapen arloko arduradunen lehentasunezko helburuetako bat. Testuinguru horretan kokatzen da Goran Roos adituak Euskadira egingo duen bisita. Bere ibilbide profesional luze eta zabalak manufacturing arloko erreferente bilakatu du mundu mailan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta euskal produkzio sareko enpresa garrantzitsuenek Euskadin sektorea bultzatzeko hartu diren neurriak aztertuko dituzte eta Goran Roos-en lantaldearekin lan egingo dute bisitak iraungo dituen hiru egunetan.

Euskadin dagoen bitartean lan jarduerak eta eztabaidak izango ditu hainbat hizketakiderekin: administrazioak, enpresak, klusterrak, e.a. Horrez gain, enpresei irekitako jardunaldi dibulgatibo bat egingo da eta antzeko industri nahiz produkzio profila duten beste herrialde batzuetan eragin positiboa izan duten politika publikoen bidez eskainitako konponbideak azalduko dira. “Manufaktura aurreratuari” buruzko jardunaldi hori izango da Goran Roos-en bisitako ekitaldi nagusia. Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkeko auditorioan izango da datorren urriaren 17an, goizeko 9:00etik aurrera.

Alex Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak, emango dio hasiera ekitaldiari eta ondoren Goran Roos-ek hitzaldi bat emango du: “Zer dakarkio manufaktura aurreratuak enpresari?”. Lehen blokea Sabin Azuaren (inplementatuko den estrategia garatuko duen aholkularia) aurkezpenarekin itxiko da. Lehen bloke honetan, beraz, kontzeptuak eta bere onurak jorratuko dituzte, eta euskal enpresa sarean dituen inplikazioak ere bai.

Jarraian, bi euskal enpresak (Arteche eta ITP) fabrikazio aurreratuan duten esperientzia azalduko dute. Amaitzeko, Arantza Tapia sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ikuspegia emango du eta azalduko du nola eta zergatik ari diren garatzen teknologia eta berrikuntza Euskadiko enpresen produkzio prozesuekin uztartzeko prozesua.

Goran Roos XXI. mendeko 20 pentsalari garrantzitsuenetakotzat jotzen da. 18 hilabetez aritu da bere lantaldearekin Australia hegoaldean politika publikoen estrategia bat definitzen eta Australiako enpresentzako jarduera gida bat egin dute, enpresa horiei berrikuntzaren jarduera hurbiltzeko. Alderdientzat diseinatutako estrategiek bat egin dute puntu batean, eta horri esker, Euskadiren antzeko profila duen eskualde hartako enpresa-sareak bere posizionamendua eta lehiakortasuna hobetu ahal izan ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk