Eusko Jaurlaritzak ekimen bat aurkeztuko du hilabete honetan, euskal industriak modu seguruan sar ditzan nanoteknologiak bere prozesu eta produktuetan
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ekimen estrategiko bat aurkeztuko du apirilaren amaieran, hilaren 23tik 26ra BECen egingo den Imaginenano Azokan. Ekimen horren helburua da euskal industriari laguntza ematea modu seguruan sar ditzan nanoteknologiak bere produktuetan eta, aldi berean, behar bezala eta segurtasun osoz manipulatu eta prozesatu ditzan nanomaterialak produktu nahiz prozesu industrial guztietan, osasunarentzat edo ingurumenarentzat egon litezkeen arriskuak saihesteko. Azken bost urteotan Eusko Jaurlaritzak 55 milioi euro inguru inbertitu ditu nanozientziak eta mikro eta nanoteknologiak industrian sartzeko estrategian, uste baitu arlo estrategikoa dela industria dibertsifikatzeko. Inbertsio horrek, bestalde, 80 milioi euro mobilizatu ditu.
Ongi jakinik nazioartean nanomaterialen erabilera erregulatuko duen marko bat definitzeko ahaleginetan ari direla, ikusirik garapen zientifikoak lortzen ari direla etengabe toxikologia eta segurtasun arloetan eta baita ere oharturik industriak une honetan zailtasun handia duela garapen horien jarraipena egiteko, Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini nahi dio euskal industriari hilaren amaieran aurkeztuko duen ekimen honen bidez: EHS-Advance (ingurumen, osasun eta segurtasun arloetako nanozientziaren eta nanoteknologien lehiakortasun zentroa).
Hala, ekimen honen bidez zentralizatuko dira gai honi buruzko eragile zientifiko eta teknologiko guztien ezagutzak eta azpiegiturak, eta hortik abiatuta, euskal industria osora hedatuko dira nanozientziaren eta nanoteknologien arloko nazioarteko politikak, estrategiak, araudiak eta I+G+B-ko ahaleginak.
Une honetan, ekimena diseinu fasean dago, Ekonomiaren Garapen Sailak GAIKER-IK4 zentro teknologikoaren bitartez zuzentzen duen ikerketa estrategikoko proiektu baten barruan. IK4-TEKNIKER eta TECNALIAk ere parte hartzen dute 2 milioi euroko aurrekontua duen prozesu horretan.
Funtsean, hauek dira ekimenaren helburuak:
- Enpresei instrumentu berri bat ematea, nanoteknologiak eta nanomaterialak modu seguruan sar ditzaten beren produkzio prozesuetan, eta osasunarentzat eta ingurumenarentzat izan ditzaketen eraginak ebaluatzeko protokoloak eta tresnak eskaintzea produktuaren bizi ziklo osoan zehar.
- Euskal industria sarearen egungo eskaerari egokitutako ezagutzak, metodoak eta ebaluazio nahiz analisi tresnak garatzea.
- Nanomaterialekin jarduteko prozedura seguruak garatzea, laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko.
- EAEk arlo horretan dituen gaitasunak lerrokatzea.
- Nanozientzien eta nanoteknologiaren alorreko nazioarteko politikak eta estrategiak ebaluatzea, ingurumen, osasun eta laneko segurtasun esparruetako araudia eta prozedurak aztertzea eta Euskadi Europa mailan posizionatzea.
nanoBasque Estrategia
Nanozientziak eta mikro eta nanoteknologiak industriaren dibertsifikaziorako arlo estrategikotzat hartu dira Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntza politiketan eta helburu bikoitzarekin egin da hori. Batetik, teknologia horiek Euskadiko sektore industrial ia guztietan izan dezaketen aplikazio potentzial handia ustiatzea, besteak beste, automozioan, aeronautikan, energian, elektronikan, telekomunikazioetan, makina-erremintan, altzairuan, metalurgian, etxetresna elektrikoetan, e.a. Bestetik, oinarri teknologikoko enpresa berrien sorkuntza sustatzea, zeintzuk beraizik eratuko baitira teknologia horietan oinarritutako aplikazioak garatzeko.
Euskadiko zientzia eta enpresa esparruetako aurrerapenek erakusten digute arlo horietako gaitasun zientifiko teknologikoak norabide zuzenean doazela eta aurrerantz egiten ari direla jada markatutako helburuetarantz: inbertsio pribatu gehiago lortzea I+Gn, euskal enpresa sarearen intentsitate teknologikoa handitzea eta Euskal Berrikuntza Sistemari lehiakortasun abantaila handiagoa ematea.
Azken hiru urteotan, hirukoiztu egin da nanoteknologiaren arloko I+G-ko jarduerak garatzen dituen enpresa kopurua. Gaur egun, 160tik gora euskal enpresak dihardute nanoteknologiekin lotutako esparruetan. Teknologia horiek transbertsalak dira, enpresa aktiboak identifikatu baitira 15 aplikazio sektore baino gehiagotan, eta gehienek hazkunde perspektiba handiak dituzte gainera.