Eusko Jaurlaritzak eta BCBL-k BRAINORIUM aurkeztu dute, ikasleek nola ikasten duten hobeto ulertzeko ikerketa aplikatuko proiektua
Dagoeneko 400 haur inguruk hartu dute parte BCBLk hizkuntzari, irakurketari eta kognizioari buruz bultzatu dituen eta ikaskuntzan aplikatutako neurozientziaren teknika eta metodologiekin garatu diren ikerketetan
Ekimena Amara Berri ikastetxe publikoan garatzen da, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, eta irakurmena hobetzeko, hizkuntzari eta irakurketari lotutako zailtasunei aurrea hartzeko eta ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna hobeto egokitzeko ezagutza erabilgarria sortzea du helburu
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak Brainorium proiektua aurkeztu dute Donostiako Amara Berri ikastetxean. Ikerketa aplikatuko ekimen hori BCBLk bultzatu du euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan, haurtzaroan hizkuntza, irakurketa eta ikaskuntza nola garatzen diren hobeto ulertzeko. Aurkezpenean, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak, BCBLko zuzendariorde zientifiko Lucia Amorusok, Amara Berriko zuzendari laguntzaile Idoia Alonsok eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordetzako Berrikuntzaren zuzendari Maialen Agirrek parte hartu dute.
Proiektua Amara Berri ikastetxean bertan garatzen da. Ikastetxe hori BCBLk ahozko hizkuntzari, irakurketari, eleaniztasunari eta ikasteko prozesuei lotutako hainbat prozesu kognitibori buruz garatutako ikerketa aplikatuetarako erreferentziazko ingurunea da.
Duela urtebete inguru abian jarri zenetik, 400 haur inguruk parte hartu dute Brainorium proiektuaren esparruan garatutako hainbat azterketatan. Proiektu horiek datozen ikasturteetan ere garatuko dira, haurrek nola ikasten duten eta prozesu horretan faktore batzuek (hala nola hizkuntzak, irakurketak, entzumen-prozesamenduak edo eleaniztasunak) zer-nolako eragina duten hobeto ulertzera bideratutako ikerketa berrien bidez.
Ikaskuntzan eta eleaniztasunean aplikatutako ikerketa
Brainoriumen garatzen diren proiektuek hizkuntzari, irakurketari, eleaniztasunari, kognizioari eta ikaskuntzaren neurozientziari buruzko ikerketak uztartzen dituzte, haurtzaroan hizkuntza- eta irakurketa-trebetasunak nola garatzen diren hobeto ulertzeko.
BCBLko zuzendariorde zientifiko Lucia Amorusok azpimarratu du “Brainoriumen berezitasunetako bat dela ikerketa ikastetxe baten barruan garatzen dela, ikaskuntzaren eguneroko errealitatearekin harreman zuzenean”. Azaldu duenez, “horrek aukera ematen du haurrek beren ohiko ingurunean benetan nola ikasten duten aztertzeko eta hezkuntza-eremurako ezagutza erabilgarriagoa sortzeko”.
Amorusoren esanetan, gainera, “ikertzen ari garen galdera asko ikasgeletan sortzen diren benetako egoeretatik abiatzen dira”, eta azpimarratu du Brainoriumen helburua dela “hizkuntzarekin, irakurketarekin edo eleaniztasunarekin lotutako prozesuak hobeto ulertzea, etorkizunean gero eta egokituagoak izango diren hezkuntza-tresnak eta estrategiak garatu ahal izateko”.
Ikerketetan, entzumen-prozesamenduari, hizkuntzen ikaskuntzari, ahozko hizkuntzaren garapenari eta irakurketaren eta ikaskuntzaren inguruko garun-funtzionamenduari lotutako alderdiak aztertzen dira. Azterketa batzuek, adibidez, oinarrizko zenbait entzumen-trebetasunek (hala nola soinuak bereizteak edo eredu melodikoak identifikatzeak) bigarren hizkuntza baten ikaskuntzan eta ahoskeran nolako eragina izan dezaketen ikertzen dute.
Beste proiektu batzuek, berriz, eleaniztasunak eta irakurketa-idazketak garunaren antolaketan eta funtzionamenduan nolako eragina duten aztertzen dute, batez ere euskal testuinguruan, testuinguru horretan haur asko txikitatik hainbat hizkuntza erabiliz hazten baitira.