Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk 9 milioi euroko programa bat bultzatu dute makina industrialak berritzeko
Urtarrilaren 19an jarriko da martxan Makineria Industrialaren Renove 2015 programa, 9 milioi euroko aurrekontua izango duena. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk, iaz bezala, aurten ere helburutzat hartu dute programa horren bitartez makina berrien erosketa bultzatzea Euskadiko ETEetan, beren modernizazioa, segurtasuna eta produktibitatea sustatzeko, eta, bide horretatik, Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko.
2014ko ekitaldian 420 enpresak erabaki zuten 489 makina berritzea. Horrek 107,7 milioi euroko inbertsioa eragin zuen, aurreikusitakoa baino %70 handiagoa. Behin laguntza argitaratu ondoren, interesatuek programan parte hartzeko aukera izango dute www.spri.eus web orriaren bidez, urtarrilaren 20tik aurrera.
Euskadiko ETEei zuzendutako programa
Programa beraizik zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, programa honen bidez berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten. Hala, programa honetan zehaztutako laguntzak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainek (ETE). Hau da, 250 langile baino gutxiago dituztenek eta 50 milioi euro baino gutxiagoko urteko negozio bolumena edota 43 milioi euro baino gutxiagoko urteko balantze orokorra dutenek.
Produktibitatea eta segurtasuna hobetzeko makina berriak
Renove Programa honen helburu nagusia da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea, eta horretarako, industria arloko enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
Osalanek, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.
70.000 eurorainoko diru-laguntza makina bakoitzeko
Makina berriak 70.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe).
Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (erosketa bat baino gehiago subentzionatzen den kasuetan).
Diru-laguntza jaso dezaketen makina motak
Diru-laguntza jaso dezaketen makinak jarduera hauetarako izango dira: produktuak eta materialak ontziratu eta enbalatzeko; lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzeko; eta enpresaren ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuen manipulazio automatikorako.