Eusko Jaurlaritzak LANPAR programa abiarazi du ASLErekin batera, langileek enpresen kapitalean parte hartzea errazteko

Gipuzkoa

  • LANPAR funtsa 2,5 milioi euroz hornituta dago, eta kapital sozialean inbertituko du. Hain zuzen ere, partaidetza-maileguak emango dizkie programari atxikitako enpresei.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Euskadiko Lan Sozietateen Taldeko (ASLE) presidente Carlos Pujanak LANPAR (Lan Partekatu) programaren egitura ezagutarazi dute. Programa 2,5 milioi euroz dago hornituta, eta langileek enpresen kapital sozialean parte hartzeko prozesuak finantzatuko ditu.

Arantza Tapiak adierazi duenez, enpresa bateko langile guztiek proiektu bera, helburuak eta erantzukizunak partekatzea da LANPARen helburu nagusia, bai eta enpresak demokratizatzea ere. Hori guztia, lehiakortasuna hobetze aldera.

Bestalde, Carlos Pujanak honela definitu ditu lan-sozietateak: beren ingurunearekin konprometitutako enpresak, malguak, lehiakorrak, ulermen-kultura dutenak, gatazkatik urrun daudenak; azken batean, kultura ezberdin eta beharrezko bat duten enpresak.

Helburuak

LANPAR programak sustatu nahi duen enpresa-ereduan, langileek horren eremu guztietan parte hartzen dute. Eredu horrek, bada, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea eta horiek garatzea errazten du nagusiki.

Gainera, enpresak finantzatzeko aukera ematen du, modu egonkorrean, horien kaudimen- eta autofinantzaketa-ratioak hobetuz, kreditua asko murrizten ari den une honetan.

Zer motatako enpresei zuzentzen zaie LANPAR programa?

Honako hauek dira langileek kapital sozialean parte hartzeko interes handiena izan dezaketen enpresak:

a.- Negozioak aurrera jarraitu ahal izateko, kideak ordezkatzea planteatzen duten sozietateak.

b.- Sortu berri diren sozietateak, batik bat osatzen dituzten pertsonak ezagutzean oinarritzen direnak.

c.- Zailtasunak dituzten enpresak, non langileek, negozio osoarekin edo zati batekin jarraitzeko, jabetza beren gain hartzen baituten, lan-sozietate bihurtzeko konbertsio-prozesuak lehenetsiz.

d.- ETEak, beren filosofiari jarraiki, beren enpresa-masa handitu nahi dutenak, langileek garrantzi handiko partaidetza-prozesuetan parte hartzearen bidez.

e.- Dagoeneko ASLErekin elkartutako lan-sozietate diren enpresak.

Lehenetsiko diren jarduerak

Honako hauetarako izango dira aipatu funtsean aztertuko diren proiektuak: enpresa berriak sortzeko; konpainia bat bultzaberritu/berregituratzeko; akziodunak berregituratzeko, langileek parte hartuz; garapena/hazkuntza; ondorengotza enpresan, eta, batik bat, familia izaerako enpresetan.

Aztertuko diren proiektuek manufaktura-jarduera industrialak jorratuko dituzte, bai eta horiei lotutako zerbitzuak ere, eta izaera teknologiko eta/edo berritzaile berezia dutenak lehenetsiko dira.

Langileek enpresaren kapitalean duten partaidetza bi alderditik neurtuko da: batetik, inplikatutako langile-kopurua –% 50etik gorakoa izan behar du–, eta, bestetik, sozietatean edukitako ehunekoa –% 20tik gorakoa izan behar du inbertsioa onartzen den unean–.

Langileek enpresaren kapitalean parte hartuko dutenez, Administrazio Kontseiluan egongo dira.

Inbertitzeko moduak, LANPAR funtsen eskutik

  • Kapital sozialean  Langile taldeak batera egingo duen diru-ekarpenaren arabera, 100.000 eta 500.000 euro arteko inbertsio-ingurunearekin. Funtsaren partaidetzak ez du ondoriozko kapital sozialaren % 30 gaindituko.
  • Partaidetza maileguan Langileen diru-ekarpenen arabera. 100.000 eta 500.000 euro artean.

Egin beharreko eragiketen epeak

Honako epeetan egingo dira eragiketak, motaren arabera:

  • Sarrera kapitalean: 5-7 urte
  • Partaidetza-mailegu bat harpidetzea 7 urte (2 urteko gabealdia eta 5 urteko amortizazioa)

ASLEk eskainitako prestakuntza eta tutoretza

Aholkularitza eta finantzaketa eskainiko ditu LANPAR programak, prestakuntza egokia lortzeko. Bi laguntza-bide daude:

  • PARTAIDETZARAKO PRESTAKUNTZA PROGRAMA bat egitea. Programa honek hiru arlo jorratuko ditu, gutxienez: Juridikoa, urteko kontuen analisia eta interpretazioa, filosofia eta partaidetzako kudeaketa-sistema. ASLEk emango du prestakuntza.
  • ·
  • Enpresa-ereduaren aldaketa bermatuko duen TUTORETZA bat ezartzea. Tutoretza inbertsioaldian egingo da. ASLEk emango du tutoretza.

Enpresentzako informazioa, dela arrisku-kapitaleko sozietateari buruz, dela ASLEri buruz.

Partekatu

Beste berri batzuk