Feli Markinezi elkarrizketa: “Sistematikoki berritu edo jolas eremutik kanpo geratu, ez dago beste aukerarik”

Zein da Dorleten jatorria?

Enpresa 1989an sortu genuen Aretxabaletan eta, pixkanaka-pixkanaka, hazi egin nahi genuenez, Arabara eta, zehatzago esanda, Parke Teknologikora, gerturatu ginen. 1996an iritsi ginen, lehen eraikinarekin, eta 2010ean instalazioak zabaldu genituen. Hemen, Miñaon, jarri ziren lehen enpresetako bat izan ginen.

Zer egitura du uneotan enpresak?

Egoitza nagusiaz gain, beste lau filial ditugu Estatuko hiriburu nagusietan, eta beste hiru ordezkaritza atzerrian (Frantzian, Dubain eta Mexikon). Giza baliabideei dagokienez, enpresa honetan 85 pertsona inguru ari gara lanean.

Nola azalduko zenuke zuen jarduera?

Beti izan du eduki teknologiko handia. Uneotan, segurtasun adimentsuan eta sarbide-kontrol integralekin lotutako guztian oinarrituta dagoen negozio-lerroa dugu. Batez ere, instalazio kritikoak deitzen zaienekin lotuta dago: sareak, zerbitzuak edo ekipo fisikoak eta teknologia arlokoak izaten dira eta horiek eteteak edo suntsitzeak inpaktu handia izan dezake gizartean.

Horrekin lotuta, zer eskatzen zaio erreferentziazko hornitzaile bati produktu bat instalazio kritiko bati, nazioarteko aireportu bati, esate baterako, hornitzeko garaian?

Segurtasun maila gorena (enkriptatua). Europar Batasunean derrigor bete beharrekoa da. Dorletek aspalditik du 4. maila izenekoa, eskakizun maila handiena duen profila. Ondorioz, maila edo gradu hori duen Estatuko enpresa bakarra da. Mundu mailako gaur egungo testuinguru teknologikoan, oso gorenean egon ala ez egon, beste aukerarik ez dago. Ez dago besterik.

Mundu mailako enpresa gisa, non eta zer proiektutan topa dezakegu Dorleten zigilua?

Harro esan dezakegu zerrenda lan egiten dugun enpresen eta erakundeen dimentsioa bezain handia dela. Era askotako sektoreak biltzen dituzte horiek: administrazio publikoak, defentsa eta segurtasuna, industria, portuak eta aireportuak, zentroak eta unibertsitateak, ospitaleak, banketxeak, enpresa-eraikinak edo museoak eta kongresu- eta erakusketa-jauregiak.

Jarriko al zeniguke adibideren bat?

Aireportuei dagokienez, sarbide guztiak kontrolatzeko 2.000 gailu baino gehiago instalatu genituen Barajasen, baina Bartzelonako, Malagako, Ibizako edo Marokoko aireportuetan ere bagaude. Era berean, La Caixa, Bankia eta BNP Paribas banketxeetako bulego-sarean, Riadeko (Saudi Arabia) eta Quitoko (Ekuador) metroetan, IDOMen bulego nazionaletan, Wanda Metropolitano futbol-estadioan, Itsaso Gorriaren azpian dagoen tunel ikusgarrian, Ismailia izenekoan (60 metroko sakoneran eraikita dago), Banco de España bankuaren egoitzan, El Prado Museoan, Osakidetzako ospitaleen sare osoan edo Algeciraseko eta Lomeko (Togo) portuetan gaude, besteak beste.

Zein da zuen lehiakideengandik bereizten zaituzten balioa?

Gure produktu guztiak erreferentzialak dira, baina gakoa softwarearen garapena da; izan ere, % 100 Dorlet da. Berrikuntzarekiko eta garapenarekiko gure konpromisoa erakusteko adibide bikaina da. Izan ere, arlo horretara bideratzen dugu urtero gure salmenten % 12. Eraldaketa digitala sekulako abiaduran ari da mugitzen eta, punta-puntan ez bazaude, ezinezkoa da lehiakor izaten jarraitzea. Gure sektorean mugitzen garen teknologiako bizitza-zikloak gero eta laburragoak dira. Hori dela eta, oso bizkor mugitu eta sistematikoki berritu ezean, jolas eremutik kanpo geratzen zara.

Zure ustez, profesional baten talentuaren osagarri izan beharko luke honek:

Laneko gaitasuna eta hori transmititzen jakiteko ilusioa proiektua zuzentzea egokitzen bazaio. Gure etxean, zorionez, laneko giroa oso jatorra dela esan dezaket.

Zuek ere arazoak al dituzue behar dituzuen profesionalak lortzeko?

Zoritxarrez, bai; gure kasuan, elektronikako edo informatikako ingeniariak izaten dira, baina zorionez, oso harreman ona dugu Euskadiko unibertsitate nagusiekin eta, hala, pixkanaka-pixkanaka, behar ditugun profilak estaltzeko haien laguntza jasotzen dugu.

Zein da Euskadiko Parke Teknologikoen Saretik gehien baloratzen duzuen alderdia?

Berrikuntza maila handiko ekosistema hau osatzen dugun enpresa guztiokiko beti duten aldez aurretiko jarrera. Baliabideak, instalazioak eta babes-programak, askotan, lehen kanpoan bilatu behar genuen balioa eskaintzen diguten elementuak dira. Hori dela eta, gure esker ona adierazi eta ildo horretan lanean jarraitzera animatu nahiko nituzke.