Food 4 Future 2022-k foodtech berrikuntzaren munduko hiriburu bihurtuko du berriro Euskadi
Food 4 Future – Expo Foodtech azokak bere edizio berria egingo du maiatzaren 17tik 19ra BECen, elikagaien industriaren negozio-eredua birdefinitzeko eta elikagaiak modu jasangarri eta osasungarrian ekoizteko
250 enpresa baino gehiagok beren azken soluzio eta teknologiak aurkeztuko dituzte elikagaien eta edarien industriako profesionalentzat
Food 4 Future World Summitek hainbat aditu bilduko ditu, hala nola José Ordovás, Tufts Universityko Nutrition and Genomicseko zuzendari; Andoni Luis Aduriz, sukaldari eta Mugaritzen sortzailea; eta Carmen Gómez-Acebo, Coca-Colako iraunkortasun arduraduna
Food 4 Future – Expo Foodtech, elikagaien eta edarien industriarako berrikuntzaren nazioarteko ekitaldia, maiatzaren 17, 18 eta 19an itzuliko da Bilboko BECera. Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta BECeko presidenteak; Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak; Rogelio Pozo, Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendariak eta AZTIko CEOk; eta Sergio Fabregatek, Food 4 Future – Expo Foodtech azokako zuzendariak, 7000 lagun baino gehiago batuko dituen edizio berri honetako nobedadeak aurkeztu dituzte gaur goizean.
Arantxa Tapiak nabarmendu du lankidetza publiko eta pribatuak duen garrantzia, ateak irekitzeko eta Food 4 Future-ri behin betiko bultzada emateko. Ekimen honek sinergiak sortzen ditu elikaduraren eta teknologiaren artean, eta garapen eta hazkunde palanka gisa funtzionatzen du, enpresak lehiakor bihurtzeko. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaineratu duenez, «Food 4 Future-k, Food Global Ecosystem-en ekimenarekin batera, Euskadi elikaduraren arloko nazioarteko erreferente gisa jartzen lagunduko du, modu osasungarri eta jasangarrian elikatzeko eta erronka demografikoak kontuan hartuko dituen munduko erronkari erantzuteko». Era berean, Tapiak Euskadiren aktiboak, lehen sektoreko aktiboak, elikagaien industria edo BCC bezalako prestakuntza-zentroak nabarmendu ditu, egungo erronkei “modu integralean” aurre egiteko.
Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua: elikagaien industria balio-kate osora iristen den iraultzara hurbiltzen da, eta kontsumitzeko eta ekoizteko modu jasangarriagoetara, eraginkorragoetara eta arduratsuagoetara garamatza. Teknologiak eta berrikuntzak sortzen dituzten aukera handiez ari naiz, datu handien aplikazioaz edo Gauzen Internetez. Eta hori guztia hemen gertatzea nahi dugu: Bizkaian eta Euskadin. Martxan jarri den iraultza horren parte izan behar dugu. Foodtech enpresak nekazaritzako elikagaien industriaren zati txiki bat dira oraindik, baina sektoreko abangoardia bihurtu dira. Bizkaiak foodtech iraultzaren parte izan nahi du. Berrikuntzari eta teknologiari lotutako ekonomia berria eraikitzen ari garen sektoreetako bat da.
Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Merkataritza Garapen eta Enplegu zinegotzia: bigarren urtez jarraian ongietorria ematen diogu Bilbon kongresu garrantzitsu honi, non, gainera, lankidetza publiko-pribatu aparta dagoen. Edizio berri honetan nazioarteko adituak bilduko dira, eta elikagaien sektore honetan industriak etorkizunean izango dituen erronkei buruz duten ikuspegia emango digute ezagutzera, balio-kate osoa optimizatzeko irtenbide eta teknologia berrienekin. Berrikuntzaz, erronka berriez, elikagaien segurtasunaz, jasangarritasunaz, digitalizazioaz, zientziaz, ikerkuntzaz, osasunaz ari gara, eta Bilbo esparru horietan buru-belarri ari da lanean Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin batera. Horri gehitu behar diogu gure kultura gastronomiko aberatsa, tradizioa eta etorkizuna batzen dituen mundua, eta ekarpen handia egiteko eta ikasteko dugun mundua.
Food 4 Future ezinbesteko ekimen teknologiko bihurtu da, elikaduraren sektorea eraldatzen ari diren azken berrikuntzak eta irtenbideak aurkitzeko, baita elikagaien teknologiaren arrakasta-kasuak eta aplikazioak ere, industria seguruagoa, iraunkorragoa eta osasungarriagoa lortzeko. 250 enpresa baino gehiagok beren azken soluzio teknologikoak eta elikagaiak aurkeztuko dituzte, industriaren balio-kate osoa modernizatzen eta digitalizatzen lagunduko dutenak, lehengaietatik hasi eta prozesu logistikoetaraino.
Food 4 Future ekimenaren bigarren edizioaren lema “The Foodtech Revolution” da eta helburua Euskadi eta Espainia elikagaien-berrikuntza gune gisa kokatzea eta elikagaien industriako balio-kate osoko profesionalei partner teknologikoa aurkitzeko aukera ematea da.
Hiru eguneko kongresua elikagaien industria eta kontsumoa iraultzeko
3 egunez, nazioarteko 386 adituk parte hartuko dute Food 4 Future World Summit-en, foodtech berrikuntzari buruzko Europako kongresu handienean, elikaduraren eta edarien industriak eta bere segmentu guztiek (haragia, arrantza, esnekiak, olioaren industria, nekazaritza, zerealak, kontserbak eta edariak) dituzten erronkak eztabaidatu eta ulertzeko. Horien artean, honako aditu hauek nabarmentzen dira: José Ordovás, Tufts Universityko Nutrition and Genomicseko zuzendaria; Andoni Luis Aduriz, sukaldari eta Mugaritzen sortzailea; Carmen Gómez-Acebo, Coca-Colako jasangarritasun-arduraduna; Paul Newnham, SDG2 Advocacy Hub-eko zuzendaria; Roselyne Chane, Sanygraneko zuzendari nagusia; Itziar Tueros, AZTIko Elikagaiak eta Osasuneko Koordinatzailea; Anthony Finbow, Eagle Genomics-eko CEO; Renata Monteiro, Tetra Pak-eko Marketing Manager; Ricardo Fernández, Carrefourreko kalitate eta garapen jasangarriko zuzendaria; Ignacio Muñoz, Angulas Aguinagako CEO; Alejandro Arranz, Mahou San Miguel-eko Zuzendari Korporate Ventures eta Teknologia Berriak; Andrea Cruciani, Agricolus-eko CEO; Ido Savir, SuperMeat-eko CEO; edo Joseph Gridley, Soil Association-eko zuzendaria, besteak beste.
Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, osagai berriak eta jasangarritasuna izango dira Food 4 Future World Summit kongresuko 6 auditoriumetako eta 183 orduko hitzaldietako gai nagusietako batzuk. Adituek arrantza-industriako, haragi-industriako eta nekazaritza-industriako elikagaien ekoizpen adimendunean Big Data edo Adimen Artifiziala bezalako teknologien erabilera landuko dute, baita teknologia berriek elikagaien osasuna eta segurtasuna hobetzen nola lagun dezaketen ere.