Galileo Master-ek, geo-kokapenean oinarritutako ideiak eta proiektuak saritzen dituen Europako txapelketak, 2013. urteko edizioa aurkeztu du
. Ekimen hau nabigazio teknologietako eta geo-kokapen bidezko aplikazioetako (LBS) nazioarteko adituen komunitatearen bilgunea da eta Euskadi ere bertan izango da Europako beste 23 eskualde eta herrialderekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Galileo Master” geo-kokapenean oinarritutako proiektu eta ideia programaren 2013. urterako deialdia zabaldu dute Euskadin. Ekimenaren helburua da Europako txapelketara aurkez daitezkeen nabigazio teknologien eta geo-kokapen bidezko aplikazioen ideia eta proiektuak biltzea, gero patentatu, garatu nahiz merkaturatu ahal izateko.
Ekimena Euskadin ezagutzera emateko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean, datorren maiatzaren 3an. Goi-mailako teknologiako lehiaketa honetan, 24 eskualde eta herrialde lehiatuko dira guztira. Proiektua sustatu duen erakunde alemaniarreko (Anwendungszentrum GmbH) ordezkariak etorriko dira Galileo Master 2013 lehiaketaren aurkezpenera. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko baldintzak eta moduak azalduko dituzte eta proiektuen aurkezpena optimizatzeko kontuan hartu beharreko jarraibideak aurkeztuko dituzte. Amaitzeko, Europako Batzordeko ordezkaritzak ezagutzera emango du zeintzuk diren Europak finantzatu dituen eta proiektu parte-hartzaileek eskuratu ditzazketen programa aktiboak eta negozio aukerak.
Galileo Masters ekimena 2004an sortu zen Baviera eskualdean, eta bere helburua da aplikazio berritzaileak sortu eta garatzeko pizgarri izatea, Galileo satelite europarraren bidez posizionamenduaren merkatuan jarduera sustatzeko. AEBetan garatutako GPS sistemaren alternatiba europarra da Galileo.
Gainera, Galileo Master programako parte-hartzaileek erraztasunak izango dituzte nazioarteko merkatura zuzenean sartzeko, harremanetan egongo direlako teknologikoki aurreratuak diren beste eskualde batzuekin, eta horrek aukera emango die konponbide berriak garatzeko nabigazioaren nahiz telekomunikazioen sektoreetan.
Sare hau industriaren premiei zuzenduta dago zeharo eta, kide diren eskualdeekin batera, ahalegina egiten du azken urteotako berrikuntzei esker sortutako produktu eta zerbitzu ugariak ahalik eta azkarren aplika daitezen.
Euskadik lehiaketaren azken lau edizioetan parte hartu du eta sari bezala tokiko irabazleek urtebeteko egonaldia egin ahal izango dute Bic Gipuzkoa Berrilan haztegian, non aukera izango baitute ekintzaile berritzaileen laguntzarako Ekintzaile/Txekintek programan sartzeko. Bic Gipuzkoa Berrilan haztegian adituen tutoretza, aholkularitza eta proiektu osoan zeharreko gainbegiraketa (negozio plana diseinatzetik hasi eta jabetza intelektuala babesteraino) jasoko dute.