Garezurreko eta aurpegi-masailetako akats larriak berreraikitzeko pertsonalizatutako 3D-ko inplanteak

Araba

AJL Ophthalmic-ek aurpegi-masailetako kirurgiarako eta neurokirurgiarako 3D Custom Surgery lerro berria aurkeztu du

3D inprimaketa bidez fabrikatutako inplante biobateragarri berriek traumatismoek, gaixotasun onkologikoek edo sortzetikoek eragindako garezurreko lesioak eta malformazioak konpontzea ahalbidetzen dute. Akatsak modu zehatzean berreraikitzen dituzte pazientearen anatomia aldatu gabe

Neurrira egindako inplanteekin, kirurgian eragingarritasun handiagoa lor daiteke prozedura kirurgikoan moldekatzearekin lotutako jarduera mekanikoak ekiditen dituelako. Horri esker, iraupena murrizten da eta, horrenbestez, paziente bakoitzeko 20.000 euro arteko aurrezkia lor daiteke

PEDRO MARTINEZCIRUGIA MAXILOFACIAL CON TECNOLOGIA 3DHOSPITAL DONOSTIALOBO ALTUNASAN SEBASTIAN  8.5.2014TFGP.Ahoko, eta garezurreko eta aurpegi-masailetako traumatismoak ospitale bateko larrialdiak bisitatzeko kausa nagusietako bat dira gaur egun. Ahoko eta aurpegi-masailetako minbiziaren intzidentzia handiak tumoreak erauztean gertatzen diren akatsak eta ondorioak berreraikitzeko eta sortzetiko edo hartutako garezurreko lesioak eta malformazioak konpontzeko teknikak eskatzen ditu.

Duela gutxira arte, inplanteak eta protesiak kirurgian modelatzen ziren pazientearen anatomiara egokitzeko eta kirurgialariaren maisutasunaren eta “artearen” mende egoten ziren. Izan ere, huraxe zen haren esku zegoen baliabide bakarra. Horrek kirurgiak gehiago irautea eragin zezakeen eta, kasu batzuetan, baita ebakuntza kirurgiko bat baino gehiago ere.

Azken hamarkadan, 3Dko inprimaketaren aplikazio klinikoak gorakada handia izan du. Horri esker, inplante pertsonalizatuekin egindako plangintzen bidez, “ad hoc pertsonalizatutako tratamendu kirurgiko pertsonalizatuak” egin daitezke. CAD (Computer Aided Design) erabilita neurrira diseinatutako berreraikuntza-teknikek, 3D inprimaketa-teknologiekin batera, pazientearen kopia (bioereduak) zehatzetatik abiatuta, zati espezifikoen inplante edo protesi biobateragarri indibidualizatuak sor daitezke: garezurra, masailezurra, maxilarra eta abar. Hori guztia, gainera, zirkulazio-istripuek eta era askotako traumatismoek, edo gaixotasun onkologikoek edo sortzetikoek eragindako ahoko eta garezurreko edo aurpegi-masailetako akats larriak modu zehatzagoan berreraikita egin daiteke.

Inplante horiek eta aurretik egin ohi den plangintza kirurgikoaren prozesuak doitasun eta segurtasun handiagoa bermatzen dute. Izan ere, pazientearen anatomiatik abiatuta eraikitzen dira eta prozedura kirurgikoan eskuz moldeatutako inplanteen aurrean alternatiba eragingarriagoa eskaintzen dute.

Pedro Martínes Seijas Donostiako Unibertsitate Ospitalean ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgian mediku espezialista eta ingeniaritza biomedikoan masterduna da. Kirurgian 3D teknikak erabiltzen eta pazientearen neurrirako irtenbideak eskaintzeko ingeniaritza eta ikerketa kliniko aplikatua txertatzen aurrekaria izan da. Hauek dira bere hitzak: “Bioereduak kasu konplexuak lantzen eta tratatzen funtsezko tresna dira; izan ere, kasua nola landu aztertzea, plangintza egitea eta paziente horrentzako egokiena den kirurgia mota hautatzea ahalbidetzen dute. Aldi berean, gainera, bioereduaren gainean proba dezakegu kirurgia pazientean egin aurretik. Horrek konplikazioak gutxitzen eta amaierako emaitza hobetzen du”.

Martínez Seijas medikuaren arabera: “Kirurgian bioeredu eta inplante biobateragarrien erabilera hedatzen joango da. Izan ere, gero eta beharrezkoagoak dira plangintza kirurgikoan prozedura soiltzea eta kontrolatzea ahalbidetzen baitute eta, horrenbestez, segurtasun klinikoa areagotzen baita”.

3D inprimaketako teknologien bidez diseinatutako kirurgia pertsonalizatua

AJLren garezurreko eta aurpegi-masailetako inplanteak prototipatze bizkorraren moduko fabrikazio gehigarriko teknologien bidez fabrikatzen dira. “Pazientearen irudi erradiologikoetatik (OTA) abiatuta, AJL Ophthalmic-en garezurraren eta akats anatomikoen hiru dimentsiotako bioereduak 3D inprimaketa bidez eraikitzen dira. Horiei esker, kirurgialariek zuzenean elkarri eragin diezaiokete instrumental kirurgikoarekin kirurgia aurretik”, azaldu du David Geijok, AJLren 3D Custom Surgery saileko arduradunak.

Hauek dira erabilerak eskaintzen dituen abantaila nagusiak:

  • Paziente bakoitzarentzako inplante indibidualizatua emaitza estetiko bikainarekin.
  • Fabrikazioa material biobateragarrietan (titanioa, Peek, polimetilmetakrilatoa eta polietilenoa).
  • Kirurgiaren plangintza eragingarria egitea ahalbidetzen du. Horrek segurtasun handiagoa eta denbora murriztea eragiten du.

Martínez Seijas medikuak, kirurgia birtuala eta bioeredu eta inplante indibidualizatuak erabiltzen eskarmentu handia duenak, teknika horrekin hiru ebakuntza mota egiten direla azaldu du. Ehunen autotransplantearekin egindako berreraikuntza-kirurgia, berreraikuntza-kirurgia orbitokraneala protesiarekin eta berreraikuntza-kirurgia neurrira egindako protesiarekin. “Kasu konplexuak eta neketsuak dira pazientearen anatomia berreraikitzeko zailtasuna dela eta. Izan ere paziente bakoitzak irtenbide berezia behar du. Hori dela eta, oso lagungarria da harentzat espresuki sortutako bioereduak edo moldeak erabiltzea. Zenbat eta espezifikoagoa eta pertsonalizatuagoa izan inplantearen diseinua, hobeto egokituko da pazientera, eta epe luzera begira sekuela txikiagoak utziko dizkio”, azaldu du Martínez Seijasek.

“Gaur egun, inplante pertsonalizatuei esker, akatsa pazientearen anatomia aldatu gabe berreraiki daiteke. Horri esker, kirurgiaren eragingarritasuna hobetu egiten da prozedura kirurgikoan moldeatze mantsoko jarduera mekanikoak ekiditen direlako. Horren ondorioz, kirurgiaren iraupena gutxitu egiten da eta, horrenbestez, paziente bakoitzeko 20.000 euro arteko aukera-kostua lor daiteke”, gehitu du Martínez Seijas doktoreak.

AJLren 3D Custom Surgery aurpegi-masailetako kirurgiarako eta neurokirurgiarako

Garezurreko eta aurpegi-masailetako akatsak berreraikitzeko lanean plangintza kirurgikoa egin ahal izateko 3D Custom Surgery lerro berria txertatuta, AJL Ophthalmicek osasun arloko produktuen eta zerbitzuen gama ugaritu du. Aurpegi-masailetako eta neurokirurgia espezialitateetako zirujauei zerbitzu integrala eskaintzen die eta honako hauek biltzen ditu: neurrira egindako garezurreko eta aurpegi-masailetako inplanteen fabrikazioa (pazientearen 3Dko bioereduetatik abiatuta) eta plangintza kirurgikoa kasu bakoitzerako beharrezkoa den laguntza medikoaren arabera.

AJLko zuzendari nagusiaren, Pedro José Salazarren, arabera: “negozio-ildo berri honekin, AJLk berrikuntza eta ikerkuntza kliniko aplikatuaren aldeko apustu argia egin du kalitate-estandar handiekin neurrira egindako inplanteak fabrikatuta. Teknika berritzaile hori txertatzeak, gainera, medikuntza pertsonalizaturantz aurrera egitea ahalbidetu digu. Horrela, pazienteentzat hobekuntza argiak eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuak gehitzeko gure helburu iraunkorra betetzen jarraitu dugu”.

AJL Ophthalmicek ibilbide luzea eta eskarmentu handia du inplante biobateragarriak eta irtenbide pertsonalizatuak fabrikatzen. Begi barneko kirurgiarako zein okuloplastiarako oftalmologiako produktu sanitarioak fabrikatzen espezializatuta dago eta, hemendik aurrera, baita garezurreko eta aurpegi-masailetako berreraikuntzan ere.

Partekatu

Beste berri batzuk