Gijon izango da APTEren Nazioarteko Biltzarraren egoitza

Gipuzkoa

  • “Hiri adimenduaren eredurantz datu irekiekin” lelopean, Gijonen egingo da APTEren (Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkartea) XI. Nazioarteko Biltzarra azaroaren 6tik 8ra.
  • Smart City, Open Data edo Big Data bezalako kontzeptuak geroz eta ezagunago bihurtu dira, jendearen ahotan daude eta nabaritu daitekeen errealitatea dira.

Datu publikoak (Open Data) jakinaraztea funtsezko elementu bihurtu da Gobernu irekiko estrategia berrietan eta Espainian azkar hedatzen ari da. Lurralde maila anitzeko administrazio askotan gauzatzen ari diren ekimen sorta zabalean islatzen da hori, sektoreak etorkizun hurbilean sortuko baititu negozio-aukera handiak enpresa nahiz ekintzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, azaroaren aurreneko astean Gijongo Zientzia eta Teknologia Parkean egingo den APTEren (Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkartea) XI. Nazioarteko Biltzarrak elementu horiek ditu oinarri.

APTEko kide diren Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeetako ordezkariak hiru egunez bilduko dira gai interesgarriak aztertu, eztabaidatu eta horien gainean gogoeta egiteko. Besteren artean, ondokoak jorratuko dituzte: hiri adimendunen esparruan garatzen ari diren teknologiak, datu irekien kudeaketa eta datu masiboak aztertzea negozio-iturri izan daitezen, bai eta horrelako proiektuak finantzatzeko iturriak eta horiek garatzen diharduten zientzia- eta teknologia-parkeetako erakundeen adibideak ere.

Programaren azken berritasunen artean nabarmentzekoa da Big Dataren arloan parte-hartzaileen kopuruak gora egin duela. Izan ere, mahai-ingurua egingo da Telefónica, IBM, Indra eta Profitail enpresen artean eta hizlaria Andrés Contreras (SocialTech) izango da, Jeanne Holm-en (NASA) ordez.

Andres Contrerasek –iragan astean El País egunkariaren artikulu batean “Big Data” haurra ezizena eman zioten– laster lortuko du doktoretza adimen artifizialaren alorrean Standfordeko Unibertsitatean. 12 urte zituenetik da enpresaburu eta orain, 17 urterekin, bere hirugarren enpresa sortu berri du. Bere ustetan datu masiboen analisi adimenduna giltzarria da enpresa-erabakiak hartzeko.

Gainera, Pilar Conesak (Anteverti Founder eta Smart City World Congress biltzarreko zuzendaria) eta Ayman Moghnieh-ek (Bestiario) hitzaldiak emango dituzte eta Horizonte 2020 programari, datu irekiak berrerabiltzeari eta hazi-kapitalari buruzko mahai-inguruak egongo dira.

Era berean, Smart Gijón ekimenaren barruan gauzatzen ari diren ekimen esanguratsuenak ezagutuko ditugu eta baita Espainiako beste zientzia- eta teknologia-parkeetako start up enpresek Smart Cities gaiaren inguruan egiten ari diren proiektuak ere.

Hitzordua azaroaren 6, 7 eta 8an izango da. Programako lehen egunean APTEren batzorde delegatua eta batzarra egingo dira eta hurrengo bi egunetan herritar orok parte hartu ahalko du, aldez aurretik izena emanda.

Partekatu

Beste berri batzuk