GIPUZKOAKO PARKE ZIENTIFIKO ETA TEKNOLOGIKOAK “ZIENTZIA BADELA NESKEN KONTUA” USTE DU
Euskadiko beste 16 erakunderekin batera, Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioko jarduera egitarau zabala antolatu du
“Zientzia bada nesken kontua”. Horixe da Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoak beste hamasei erakunderekin batera antolatutako Emakumeak Zientzian kanpainaren leloa. Kanpainaren helburua emakumeek zientzian egiten duten lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol maskulinoak haustea, eta neskatoen eta nesken artean karrera zientifikoen aukera sustatzea da.
Hainbat erakundek, horietako asko Parkean daudenek, indarrak batu izanak programa oso erakargarria ahalbidetzen du. Gipuzkoan zientziaren eta teknologiaren egitura ordezkatzen duten hamazazpi erakundeak, Parke Teknologikoaz gain, hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), CFM Materialen Fisika Zentroa (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, CEIT, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, eta Elhuyar.
Gaurtik, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunetik, aurrera, Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak, programa zabala antolatu du era askotako jarduerekin, “Zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei hurbiltzeko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala lortzearen garrantzia azpimarratzeko.
Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko Emanaldi aretoan, otsailaren 13an, larunbatean, 17:00etan, “Piztu! Emakumeon Energia” antzezlana, familia osoarentzako ikuskizuna, eskainiko da Eidabe antzerki taldearen eskutik. Kongresu zientifiko ero eta dibertigarri horretan, bi emakume antzezlek dena hankaz gora jarriko dute, haurrek emakume zientzialarien historian zehar nabigatuko dute, emakumeak zientzian duen benetako pisua deskubrituko dute Marie Curie ardatz eta gidari hartuta, eta hainbat esperimentu egingo dituzte.
Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko eraikin nagusian, “Mundua aldatu zuten emakumeak” erakusketa ere bisitatu ahal izango da. Erakusketa zientziaz eta teknologiaz baliatuz gizateriarentzat helburu handiak lortu dituzten emakume zientzialari eta teknologoetan oinarritzen da. Erakusketa otsailaren 11tik 18ra bitartean bisitatu ahal izango da, 9:00etatik 17:30era, astelehenetik ostegunera, eta ostiralean, 08:00etatik 14:00etara.
Otsailaren 16an, 16: 00etan Elhuyarrekin batera, Parkeak hitzaldi bat egingo du Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat, STEAM hezkuntzaren oinarriak aurkezteko. Hitzaldia online egingo da.
Azkenik, otsailaren 17an, goizeko hamarretan, Emakume ingeniariak mahai-ingurua izango da Parkeko auditorioan. Mahai-inguru honen helburua da unibertsitate aurreko ikasleei (14 – 18 urte bitarteko ikasleak) emakumeek jokatu duten paperak nola eboluzionatu duen eta bere aportazioa ingeniaritza arloan nolakoa izan den azpimarratzea.
Hainbat gunetan gauzatuko diren gainerako jarduerekin jarraituz, adin guztietako pertsonek ekimenean parte hartzeko aukera izango dute, Eureka! Zientzia Museoan Zientziaren izarrak tailer esperimentalekin, eta Altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jolasarekin gozatuz.
Nerabeentzako ingeniaritza- eta nanozientzia-tailerrak, mahai-inguruak eta ikastetxeei zuzendutako ikerketa-zentroetara bisitak egingo dira, bai eta orientazio akademikoarekin erlazionatutako irakasleentzako saio bat ere, betiere etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuarekin. Emakume helduek kultura-transmisore gisa betetzen duten tokiari balioa emateko, 55 urtetik gorako emakumeentzako jarduera bat antolatu da: esperientziaren indarra. Bertan, edozein tokitan egin daitezkeen esperimentu laburrak eta errazak egingo dira, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruetan zabaldu dadin. Halaber, saio berezia programatu da jende guztiarentzat Zinema eta Zientzia zikloaren barruan. Saio horren barruan, Gorilas en la Niebla filma proiektatuko da Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Victoria Eugenia Club Aretoak Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldia hartuko du. Bertan Gipuzkoako hainbat zentrotan lan egiten duten sei emakume zientzialari igoko dira agertokira, gauzatzen dituzten ikerketa-proiektuei buruz hitz egiteko eta historiako zientzialari handienetako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen kontakizunaren bitartez.
Gainera, Donostian egingo den berrikuntza eta proba pilotu gisa, ekimen bat jarri da abian hiriguneko zenbait saltokirekin elkarlanean, beren ibilbide oparoarengatik nabarmentzen diren emakume zientzialariak beraien erakusleihoetan omendu ditzaten. Ekimen hori Elhuyarrekin, Donostiako Sustapenarekin eta San Martin Auzoa Elkartearekin batera egindako lanari esker lortu da.
Jardueren programa osoa https://emakumeakzientzian.eus/ webgunean dago eskuragarri.
Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren laguntza garrantzitsua du, baita entitate eta erakunde hauen lankidetza ere: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua (CSIC), Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia (ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bitartez), Euskadiko Filmategia eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartea).